Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Txapelketak, ereduak eta mahainguru bat

Dokumentuaren akzioak

Txapelketak, ereduak eta mahainguru bat

2007/09/13 15:31
Ekain jaio bezperan, irailaren 6an, Donostian geunden Ainhoa eta biok, Trikitixa elkarteak antolatutako Infernuko Poza jardunaldietan. Txapelketak hartu dituzte gogoeta-gai trikitlariek aurtengo jardunaldietan. Miel Anjel Elustondo eta Joseba Tapiak hitzaldi bana eskaini zuten aurreko egunetan, eta ostegunean Koldo Tapiak moderatuta Imanol Urkizu, Koldo Iparragirre eta neu gonbidatu gintuzten txapelketaren inguruko mahaingurura.

Koldo Tapiak egin zuen sarrerakoa eta trikitixak bere funtzio soziala aztertu eta funtzio hori definitzearen interesaz aritu zen. Ondoren bost minutu eman zizkigun mahaikide bakoitzari gure ikuspuntua agertzeko. Imanol Urkizuk eta Koldo Iparragirrek txapelketen alde hitzegin zuten. Imanolek leiha eta enbidien lapikotzat baino lagunak egin, ikasi eta ondo pasatzeko jaialditzat ditu txapelketak. Koldok bere ikasleak motibatu eta trikitiaren aldeko giro zabalago bat lortzeko tresnatzat du txapelketa. Ni txapelketen albo-kalteetaz aritu nintzen. Azpian jarri dut nik esandakoa.

Hortik aurrera entzuleei eskaini zien hitza moderatzaileak. Hitzegin zutenen artean Joseba Tapiak esan zituen nire ustez gauzarik interesanteenak. Gainontzean ekitaldiak berak, gure aurkezpenetatik hasita, ez zuen mami gehiegirik izan. Eztabaida antzu samarretan galdu ginen, baina diskurtso nahiko pobreak erabili genituen.

Jardunaldien jarraipena bitxia izan da prentsan. Lehen bi egunetako hitzaldien kronikak (hemen Elustundorena eta hemen Tapiarena) jaso zituen Berriak, baina mahaingurua ez zuen kubritu. Mahaingurua hasi, mahaikideok gure aurkezpenak egin, lehen galderak eta iritziak gurutzatu, eta ekitaldia bere azken txanpan sartu zenean gizon bat sartu zen aretoan. Felix Ibargutxi kazetaria zen. Aretoaren azken lerroan eseri zen, eta bi egunera argitaratu zuen Diario Vascon ekitaldiaren kronika. Bertan hauxe zioen nigatik Ibargutxik "Honek ez zion txapelketari batere alde onik ikusten". Mahainguru erdia ikusi eta nire aurkezpena entzungabe idazteko nahiko afirmazio ausarta iruditzen zait. Hasieratik entzun izan balu ekitaldia jakingo luke nire ustez txapelketak tresnak direla, gure helburua lortzeko eraginkorrak direnak, baina helburuek kezkatzen nautela ni batez ere.

Bukatzeko, Ibargutxiren kontrara, niri iruditu zitzaidan ez direla asko txapelketa eskatzen ari diren trikitizaleak (Donostiara behintzat ez ziren asko azaldu) eta aldekoek diskurtsoa nahiko ahula dutela iruditu zitzaidan. Baina poz  handiz ikusi nuen trikitixa elkarteko kideek heldutasun izugarriz plazaratu dutela eztabaida. Horiek bai ideiak oso argi dituztela, txapelketa tresnatzat dute, ez da beraien lehentasuna, baina aldeko indar handia antzematen badute babestuko dute. Niri iruditzen zait txapelketa nahi duenak proposamen eta diskurtso landuagoa prestatu beharko duela bere ametsa bete nahi badu.
Eta hemen azpian berriz nire aurkezpenean esan nituenak:


Infernuko Poza Jardunaldiak - Txapelketak
Donostia, 2007-09-06

Ni dantzaria naiz eta ez dut inoiz txapelketa batean ere parte hartu, beraz, nire iritzia, txapelketak inbidiaz eta amorruz begiratu dituen galtzaile fustratu eta koldar baten iritzitzat har dezakezue lasai. 

Aste honetan bertan, mahainguru hau buruan nuela irakurri ditudan bi aipamenekin hasiko naiz:

Alfonso Sastrek Artez aldizkarian idatzitakoa da:
"Nire iruditan, kulturaren alorrean arte-lan edo autore bati lehen saria ematea bidegabekeria bat da. Alor honetan ez baitago lehenengo zenbakiri, ez dago garailerik [numero 1 dio berak] kirol karrera edo futbol ligan dauden bezala."
Pasa den astean Argia aldizkarian Amets Arzallusek Judith Montero musikaria elkarrizketatu zuen, saxofoi-jolearen hitz hauek ekarri ditut:

"Uste dut teknika bidea dela, tresna, zuk nahi duzuna adierazteko. Arazoa da batzuentzat helburu bihurtzen dela teknika, eta helburu bihurtzen denean hutsa da teknika. Musikak bestelako arima behar du. Agian birtuosoaren karreran teknika oso garrantzitsua izango da, lehiaketaz lehiaketa ibiltzeko, eta irabazteko teknika handia behar duzulako, baina azkenean kirola bihurtzen da. Niretzat bata kirola da, eta bestea artea. Mikel Laboa, esate baterako: Mikel Laboak ez du teknikatik begiratuta ondo kantatzen, ez luke opera kantatu ahal izango era horretan... Baina zer da 'ondo'? Zer du Mikel Laboak? Duen ahotsa oso berea dela, oso ahots berezia, oso polita, eta egiazkotasun handia du. Horrek balio du."
 "Zer da 'ondo'?" galdetzen du Judith-ek eta uste dut horixe dela funtsezko galdera. Txapelketen antolatzaileek uste dute galdera horren erantzuna dutela eta horren arabera hasten dira txartelak banatzen, zu ondo, zu okerrago... Ondo jotzeak, ona izateak, onena izateak adierazten du eredu zehatz batera gehien hurbiltzen dena dela. Zerbait ona, bikaina, primerakoa dela esaten dugunean, eredu dela esaten ari gara. "Ona" zer den elkarrekin adosten badugu biok "eredu" berarekin funtzionatzen dugula esan nahi du. 

Alorrari bultzada bat ematea, ikusleak erakartzea, interprete berriak ezagutzera ematea, teknika hobetzea eta abar izaten dira txapelketak antolatzeko erabiltzen diren arrazoiak. Helburu horiek betetzen diren ala ez eztabaida daiteke besteak beste txapelketa interesatzen zaigun ala ez erabakitzeko. Nik nahiago dut albo-ondorioetaz hitzegin. Hasieran aurreikusten ez diren, edo behintzat normalean aitortzen ez diren ondorioetaz. Eta batez ere txapelketek nire ustez betetzen duten funtzio garrantzitsuenari begiratuko diot. Txapelketak eredu sortzaileak dira. Txapelketek izugarrizko indarra dute ereduak sortu eta sustatzeko. Txapelketetan sortu, erabaki eta hedatzen da zein den alor horretako eredu ideala. Txapelketako irabazleak dira gainontzekoentzat ispilua eta ondo dantzatzea edo ondo jotzeak zer esan nahi duen hezur-mamitzen dutenak. Txapelketak lehenengo eta behin eredu hegemoniko bat dagoela eta egon behar dela sinestarazten digu, eta bestetik eredu hori zein den zehazten digu. Txapelketaren sustatzaileek erabaki duten eredua alor osoari zabaldu eta goitik behera ezartzen da txapelketen bidez.Eta txapelketari telebista gehitzen badiogu eraginkortasuna erabatekoa izango da. 

Alor batek oso argi badu zein izan behar den bere eredua, tresna eraginkorra da txapelketa hori bultzatzeko. Baina eredua ez badu argi, edo halako batean aldatzen hasten bada liskar iturria izango da. Trikitixaren munduak badaki horren berri. Orain 20 urte gertatu ziren liskarrak trikitixa ulertzeko eredu desberdinen arteko liskarrak izan ziren. Trikitixaren eredu hegemonikoa aldatzen hasi zen txapelketan eta horrek eragin zuen txokea.

Talde batek garbi duenean zein izan behar den eredu ideala txapelketa izan ohi du eredu hori hegemoniko bihurtzeko tresna eraginkorrena. Bertsolaritzaren munduan kontsentsu maila nahiko altua lortu da bertsokera ereduaren inguruan. Eraiki dutena nahiko irekia eta eklektikoa izan da, eta horrek lagundu du ahalik eta bertsolari gutxien geratzen kanpoan. Baina txapelketak ereduak estutu eta zorrozteko makinak dira, eta bere bidetik aldentzen direnak baztertu, itzaleratu eta ezkutatzeko gaitasun harrigarria dute. 

Baina ereduen arteko leihaz haratago, eredu nagusi baten beharra ba ote dagoen da nire kezka. Txapelketek ez dute eredu aniztasunean sinesten. Txapelketek eredu desberdinak egon daitezkeela onartzera iritsiz gero ere, eredu horien artean erlazio hierarkikoa planteatzen dute, eta bere lantzat du hierarkia hori ordenatu eta bere gustuko ereduaren nagusitasuna zertifikatzea.

Nik ez dut eredu baten nagusitasunean sinesten, baina ereduak behar direla argi daukat. Nire gustorako ereduen aniztasunean eta horien arteko elkarbizitzan eta orekan oinarritzen da alor baten osasuna. Eta horretarako ereduak ezagutzea funtsezkoa iruditzen zait. Gaur egungo ereduak bizirik daude eta zuzenean ikusteko, irratian entzuteko zein haien CDa kopiatzeko aukera dugu. Eta orain gainera Trikitixa elkartearen lanari esker atzoko ereduen berri izan eta haien nondik-norakoak ezaugutu eta haien musika entzuteko aukera bikaina dugu. 

Eskerrikasko.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Oier Araolaza

Dantzaria naiz. Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere. Dantzan egin eta dantzari buruz aritzea gustatzen zait, eta dantzan.com-eko editorea naiz.

Dantzaz eta komunikazioaz aritzen naiz batez ere. Dantza tradizionalaren mundua bizi dut batipat, eta horren inguruko gaiak interesez jarraitzen ditut, baina dantza oro har da plazerra niretzat, bai dantzari bai ikusle moduan. 

Twitter-en
Facebook-en

Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!