Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Dantza sustatzeko egitasmoak eztabaidatzen

Dokumentuaren akzioak

Dantza sustatzeko egitasmoak eztabaidatzen

2011/11/23 15:06
Pasa den azaroaren 4an Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak bultzatutako Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren baitan, dantzako talde eragilearen bigarren bilera burutu zen. Bost ordu t'erdi, 9.30ean hasi eta 15:00ak arte iraun zituen bilerak, atsedenik gabe, eztabaida bizi-bizi izan baikenuen. Hona hemen bertan bizitakoaren laburpen pertsonal bat (ezin guztia jaso!) eta nire ondorioak.

Aurrekariak

Aurreko bilera maiatzaren 5ean egin genuen, eta bertan parte  hartu genuenok dantza sustatzeko hainbat ekimen eta jarduera lerro proposatu genituen. Zortzi puntu atera ziren:
  • Formazio reglatua
  • Dantzaren baliabide guneak
  • Dantzaren dokumentazio zentroa
  • Ikerketa, sorkuntza eta ekoizpena sustatzeko dauden formulak berraztertu eta berriak sortzea.
  • Erakusketa eta difusiorako dauden babes formulak berraztertu eta berriak sortzea.
  • Dantza balioan jarri eta dantzaren sentsibilizazioa, ezagutza eta hurbilketa sustatzeko formulak berraztertu eta berriak sortzea.
  • Etengabeko formakuntza eta profesionalei laguntza.
  • Sektoreko elkarte eta bestelako ekimenak sustatu eta babestea.
Kultura Sailetik eskatu ziguten guztien artean hiru lehenesteko. Ez gogo onez (denak iruditzen baitzitzaizkigun premiazkoak) eta hori egiteko planteatu zitzaigun formularekin haserre (azken batean, bozketa moduko bat izan zen, baina bozkatzaileen zentsoa desorekatua zen, tradizionaleko gutxi baikeunden) baina azkenean bakoitzak lehentasunak markatu genituen, eta adostasun handiena eskuratu zuten hiru puntu jaso zituen prozesua kudeatzeaz arduratzen den Kualitate Lantaldeak.
  • Erakusketa eta difusiorako dauden babes formulak berraztertu eta berriak sortzea.
  • Dantzaren dokumentazio zentroa
  • Dantzaren baliabide guneak
Hiru puntuko lehentasunen proposamen hau Kultura Sailak jaso, eta horien inguruan egin litekeena aztertuz, bere proposamena prestatu zuen. Proposamen hori jarri zen mahai gainean pasa den azaroaren 4an egindako bileran.

Ordezkaritza

Honakook elkartu ginen Donostiako Astoria hotelean.
  • Iratxe de Arantzibia (dantza kazetari eta kritikaria)
  • Jon Ugarriza (sortzaile independientea)
  • Sofia Alforja (Dantzaz konpainia)
  • Carmen Tercero (Gasteizko Jesus Uruñuela dantza kontserbatorioa)
  • Arantza Balentziaga (Ertza konpainia, eta ADDE)
  • Laura Etxebarria (La Fundicion)
  • Patxi Laborda (Aiko Taldea eta Bilbao Musika)
  • Estibalitz Iturria (EDB)
  • Alicia Gomez (ADDE)
  • Idoia Zabaleta (Azala)
  • Imanol Arana (EJ, Kultura saileko teknikaria)
  • Pello Gutierrez (EJ, Kultura saileko aholkularia)
  • Itziar Camara (Kualitate Lantaldea)
  • Oier Araolaza (dantzan.com)
Aurkezpenak eginda, Pello Gutierrezek barkamena eskatu zuen aurreko bileran ez zelako gobernuko ordezkaririk izan, eta Itziar Camarak aurretik egindako ibilbidea, eta prozesua zein puntutan zegoen azaldu zuen.

Sektorearen kezketan formazioari dagokiona sistematikoa da, baina hezkuntzari dagokion konpetentzia izanik, Hezkuntza Saileri bideratu dela jakinarazi zitzaigun.

Gainontzeko puntuei zegokienez, Kultura Sailak bere bere lehentasunak markatu, eta datorren urterako egin daitezkeenak jaso dituela azalduz ziguten, hiru lehen jarduera-lerroetan oinarrituta.

Sentsazio orokorrak

Pello Gutierrez-en esanetan, sektore kulturalak gehiegi sektorializatuta daude, eta disziplinartekoa sustatu eta artea-gizartea kontaktu zuzena bultzatu nahi dute.

Hiru puntu lehenetsietan sartu aurretik balorazio orokor bat egin nahi nuela esan eta hitza hartu nuen. Nahiko gogor aritu nintzen, haserrea kanporatu nahirik, ondoren puntuetan hotzago jardun ahal izateko. Azken txostena, nire  iritziz, balioz hustuta ageri zela salatu nuen. Txosten hori irakurrita pentsa  liteke dantzaren sektoreak ez duela premia larririk, ematen diren diru-laguntzak errebisatu, digitalizazio lan batzuk egin, eta izaera polibalenteko eremuetan dantzako jarduera batzuk sustatuta dena eginda dagoela. Proposatu ziren puntuen erredakzio-formulazioan emandako giro linguistikoekin, helburuak difuminatu eta egin beharrekoak diluitu egin zirela aipatu nuen. Adibidez:

"Desarrollo de un estudio orientado a conocer, analizar y valorar posibilidades para la         reformulación, diversificación y ampliación de las fórmulas existentes y/o la articulación de     nuevos modelos para el apoyo a la exhibición y difusión"

Transbertsalitatearen aldeko diskurtsoa oso interesgarria, baina dantzak premia propio eta espezifikoak dituela, beste alor gehienek duten egituratze mailarik ez duela, eta kultur eta sustapen politika propioa behar duela esan nuen, laguntza eta akzio espezifikoak behar dituela.

Sektoreko beste zenbait kidek ere hitzegin zuten, ez horren sutsu, baina bai antzeko kezkak agertuz, prozesua operatiboa ez zela azpimarratuz (Laura Etxebarria), beti puntu berean, beti hasten ari garela esanez (Patxi Laborda), eta sektorea erakundeak baino helduago dagoela adieraziz (Idoia Zabaleta).

Pello Gutierrez-ek erantzun zuen orokorrean hitzegiteak ez gintuela inora eramaten, hobe genuela puntuz-puntu aztertu txostena, eta hor ikusiko genuela benetan non dauden desadostasunak. Imanol Aranak erantzun zion gauza zehatzetaz hitzegin beharra zegoela, baina orokorraz ere bai, bestela frustrazioa eragiten zela. Baliabide urriak daudela, erakundeen arteko deskoordinazioa, eta abar... baina talde hauek, foro hauek beharrezkoak direla, eta urteotan gauzatxoak egiten ari direla.

Beraz, kezka orokorrei bidea emanez Esti Iturriak esan zuen ez dela aurrerapenik ikusten.  Alicia Gomez-ek azpimarratu zuen dantzaren alorrekoak praktikan bizitzera ohituta gaudela, eta erakundeekin harremanean badugula sentsazioa praktikoak ez izatearena.

Pello Gutierrez-ek esan zuen gaur egun dagoen difusio mailari eusteko publikoarekin dagoela erronka handiena, orokorrean aurrekontuen jaitsiera handia izaten ari dela, baina kulturan, orain arte, eutsi zaiola.

Erakusketa eta difusioa

Behin barruak piskat hustuta (gerorako ere zerbait geratu zen) puntu zehatzei heldu genien, eta erakusketa eta difusioa sustatzeko gaiari heldu genion. Pello Gutierrez-ek bi ekimenen berri eman zigun, batetik Sarea eta Eskenaren arteko elkarlan bat, publikoen plan bat. Bestetik, Kulturklub, ikusle klub bat autonomia erkidegoaren eremukoa. Ikuskizunen eta kulturaren promoziorako bulego bat ere martxan jarriko dela iragarri zuen. Sarean dantzako programazioak presentzia handiagoa izatea gai konplexua dela, sarearen izaera anitza eta askea baita.

Difusioa-erakusketa alor  honetan, nire iritziz, kontuan hartzeko hitza "ireki" zela aipatu nuen nik. Katalogoak ireki, guneak ireki, estiloak ireki, baldintzak ireki, eta diru-poltsak ireki! Alegia, dantzaren katalogoa proposamen guztietara ireki dadila (tradizionala barne!), dantza zirkuitua ez dadila bakarrik antzokietara begira babestu (plazak eta frontoiak ere bai!), dantza estilo guztietara ireki, profesionala izatea moduko baldintzak ezabatu, eta batez ere, diru gehiago jarri difusio laguntza horiek dantzaren alor guztietan eraginkor izan daitezen, eta ez bakarrik garaikidean.

Dokumentazio zentroa

Bigarren puntua Dantzaren dokumentazio zentroari buruzkoa zen. Sektoreak urte asko daramatza honen beharra aldarrikatzen, eta aurretik Kulturaren Euskal Planean ere jaso zen, nahiz eta azken orduan ere, azken unean balioz hustu eta zentro bat bultzatu beharrean dokumentazioaren egoeraz azterketa bat bideratu zen. Oraingoan, berriz ere talde eragileak lehentasunen artean jarri genuen premia hori, zehazki horrela jaso zen: "Diseñar y poner en marcha un archivo documental de la danza tradicional (Centro de danza o cultura, escena tradicional)"

Kultura Sailak horretarako batere asmorik ez duela argi erantzun zuen. Pello Gutierrez-en hitzetan, "Ez dugu zentro fisiko berririk eraikiko, ez kulturan ez industrian. Joera guztiz kontrakoa da, konpaktaziokoa."

Dantzaren dokumentazioari dagokionez, hauxe da Jaurlaritzaren Kultura Sailak egindako proposamena: "generar y alimentar un recurso digital, integrado en espacios ya puestos en marcha como la Biblioteca Digital de Euskadi". Horretarako 40.000 euroko aurrekontua aurreikusten zuen Kultura Sailak.

Berriz ere nahiko gogor hitzegin nuen gai honen kontura. Sektoreak lehentasuna zein duen argi markatu du eta horren aurrean adarra jo nahi zaiola iruditzen zait. Eusko Ikaskuntzak Jaurlaritzaren enkarguz egindako ikerketa lan bat dago euskal dantzaren dokumentazioa non eta zein egoeratan dagoen deskribatzen duena. Bilduma pribatu, txiki eta itxietan erabat barreiatuta, katalogatu gabe, artatzeko baliabide gabe, kontsultatzeko aukerarik gabe... 2009an, Eresbil (euskal musikaren dokumentazio zentroa) dantza dokumentazio fondo bat sortzen hasi zen Jaurlaritzarekin adostuta (lata handia emanda lortu genuen hori). Helburua zen, fondo bat sortzen joatea eta noizbait dantzaren dokumentazio zentro bat sortzeko aukerarik izanez gero, fondo hori bertara bideratzea. Alegia, Eresbil, erabat eskuzabal jokatuz, balizko dantzaren dokumentazio zentro baten "haztegi" lanak egingo lituzke. Fondo hori martxan jartzen 6.000 jaso zituen Eresbilek 2009an EJ-tik. 2010ean ere bai. Eta 2011an ukatu egin zaio laguntza hori.

Hori salatu eta digitalizaziorako aurreikusten zituzten 40.000 euroak Eresbilera bideratzeko eskatu genuen. Dantzaren alorrean, lehentasuna bilketan baitago orain, eta digitalizazioa aurrerago ere egin ahal izango baita.

Kultura Saileko ordezkariak jaso zuen eskaera, baina ez dakigu zer erabaki hartuko duten horren gainean.

Dantzaren baliabide guneak

KEP-ean proposatu ziren Dantza Etxeak daude ekimen honen abiapuntuan. Gipuzkoan, hari horri tiraka sortu zen Dantzagunea Artelekun (baina Diputazioa bakarrik geratu da horrekin, Jaurlaritzak ez baitu babestu) eta Bizkaian, Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez Dantza Gune izeneko zerbait sortzekotan dira.

Jaurlaritzaren Kultura Sailaren esanetan, erakundeen arteko adostasuna zaila da alor honetan, eta ezer egin baino lehen azterketa bat, diagnostiko bat eta proposamen zehatz bat egin beharko litzateke. Gainera, sailak ez du bere gain  hartu nahi ezer eraiki eta antolatzeko, baizik eta ekimen pribatuak izan daitezela.

Pello Gutierrez-en iritziz Sormen Fabriketan badago informazio-gunea eta sorkuntzarako eremua. Imanol Aranaren iritziz ordea, dantzak behar espezifikoak dituen sektorea da.

Eztabaida nahasia izan genuen, baliabide gunea zer den eta zer ez, ikuspegi desberdinak baigenituen. Pello Gutierrez-en iritziz gai hau ondo pentsatu beharra dago, eta norbaiti enkargatu behar zaio horri buruzko azterketa eta gogoeta egitea.

Alegia, hirugarren puntu honetan ere ezer gutxi.

Dantza ez da lehentasuna

Bost ordu-terdiko bilera izan zen, eta azken sentsazioa, nire aldetik, etsipen handikoa izan zen. Nire ondorioa da Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarentzat dantza ez dela lehentasunezko alorra, ez duela kezkatzen askorik, eta orain bertan dauden sustapen lanak nahikoa eta sobera iruditzen zaizkiola.

Sektorea ez dago batuta, errealitatea eta iritzi desberdinak bizi ditugu, eta gure artean ez gara ados jartzen diagnostikoan eta soluzioetan. Adibidez, dantza sustatzeko (sorkuntza, ekoizpena, birak eta formazioa) diru-laguntzak handitu behar direla esaten badu norbaitek, dantza garaikideko kideek erantzuten dute lehenengo orain ematen diren diru-laguntzak berraztertu behar direla, disfuntzio batzuk gertatzen ari direlako. Arrazoi izango dute, baina dantza tradizionala erabat baztertuta dago laguntza horietatik, eta ondorioz, ez badira handitzen reformulazio horretan ez dute onartuko beste estilorik sartzea, diru-poltsa bera askoz talde gehiagorekin konpartitzea ekarriko bailuke. Beraz, gure arteko eztabaidaten sartzen gara, eta administrazioa lasai, tenis partidari begira.

Dantzaren sektoreak interlokuzio bakarra ez izatea aitzaki ederra bihurtu da Eusko Jaurlaritzarentzat azken urteotan. Gure artean ados jartzen ez garenez, ez du ezer egiten eta listo. Nire ustez, justu kontrakoa izan beharko litzateke. Elkarrekin ados ez jartzea eta proiektuak adostu eta bultzatzeko gaitasunik ez izateak, dantzaren alorra zein desegituratuta dagoen erakusten du. Alegia, premia larriak dituela, eta horren aurrean, sektorea gai ez dela ikusita, administrazioak arreta berezia eskaini beharko lioke.

mikelue
2011/11/23 17:40

Ikusita ordezkarien listea itaun bat eta konkluzio bat  datozte burura:

 Dantza dokumentazio zentroa bete nahi bada (agian ez), nortzuk izango litzakez horren ordezkariak???. Agian 14 ordezkaritik 2 baino ez dodaz ikusten dantza tradizionalaren barruen sartu ahal doguzen ordezkariak.

Nola ez dago egongo bazteruta dantza tradizionala ordezkari lista hori ikusita!!!!!!!!!!!!!!!!!!!

Oier A.
2011/11/23 17:52
Aurreko bilera batean horixe eskatu genuen, dantza tradizionaleko ordezkaritza oso urria zela, eta handitu beharko litzatekeela. Dena den, eskatzen dugu zentro bat sortzea, baina ez "geuk" betetzeko, hori gero denon lana izango da, zalantzarik gabe. Lan itzela da hori, baina zenbat eta beranduago hasi okerrago.
mikelue
2011/11/23 18:23

Ez dot gure esan nahi "guk" betetu behar dogule. Baiña ...., diñot nik; nork Dantza Taldeak (tradizionalak, betikoak, gure dozuen moduen izendatu) baino material gehiago deukie Dokumentazio Zentro hori betetzeko??????. Sortzaileak, kritikatzaileak, Konpañiak, diru batzaile barriak......... nortzuk??????!!!!!!.

  Konturatzen gara zenbat eta zenbat lan egin dabien Dantza Taldeak Euskal Herriaren kultura eta nortasunaren alde , eta bapatean baztertua nola gauzen!!!!.

Ordezkaria listea ikustea be, beldur ematen dau!!!!

ALUZINANTE!!!!!.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Oier Araolaza

Dantzaria naiz. Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere. Dantzan egin eta dantzari buruz aritzea gustatzen zait, eta dantzan.com-eko editorea naiz.

Dantzaz eta komunikazioaz aritzen naiz batez ere. Dantza tradizionalaren mundua bizi dut batipat, eta horren inguruko gaiak interesez jarraitzen ditut, baina dantza oro har da plazerra niretzat, bai dantzari bai ikusle moduan. 

Twitter-en
Facebook-en

Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!