Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka Dantza Taldea Hamalau apostoluak dantzan

Dokumentuaren akzioak

Hamalau apostoluak dantzan

2008/09/10 14:53
Donostiako Musika Hamabostaldiak enkargu berezia egin zion Juan Antonio Urbeltzi. Jorge Oteizaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko antolatu dituzten ekitaldien artean, Arantzazun, elizaren atarirako berak egin zituen apostoluen aurrean egiteko dantza emanaldi bat.

"Apostoluen dantza" osatzeko, bi osagai nagusi zituen emanaldia diseinatu zuen Urbeltzek. Lehenik eta behin soka-dantza, eta ondoren, Oñatiko Korpus dantzak. Oñatiarrak, Oñatz dantza taldekoak arduratu ziren Korpus dantzetaz, eta Argia, Duguna eta Kezkako dantzariek osatu genuen soka. Ugarte anaien txalapartak, Andoni Egañaren bertsoek eta Arantzazuko kanpai  hotsek borobildu zuten emanaldia. Ondoren, Arantzazuko elizan bertan Barbara Hendricks soprano estatubatuarraren emanaldia izan zen.
2008-08-27_Arantzazu-Apostoluen-dantza-IZ_1519
Abuztuaren 27an dantzatu genuen "Apostoluen dantza" Arantzazun. Ingurune bereziak, Oteizaren indarrak, Hendricks sopranoaren emanaldiak eta apostoluen dantzarekiko ikusminak erakarrita jendez lepo bete ziren inguruak eta ekitaldi xaloa baina hunkigarria gertatu zen.

Hamalau dantzari, Oteizak egindako apostoluak adina. Eta zergatik hamalau? Bere garaian nahikoa katramila eragin zuen, eta Oteizak berak hainbat erantzun eman zituen horri buruz, baina berak emandakoen artean bat polit askoa: "Gehiago ez zitzaizkidalako kabitzen". Hamalau dantzari beraz, handik eta hemendik etorritakoak. Donostia, Añorga, Baiona, Iruñea eta Eibarko dantzarien artean osatu genuen hamalaukoa.

Jokin Otamendi aurresku eta Garikoitz Otamendi atzesku zirela, Ander Fernandez, Oier Araolaza, Enrike Izagirre, Egoitz Irazabalbeitia, Aritz Ibañez, Akier Perkaz, Xabier Adrian, Jon Iruretagoiena, Unai Urbizu, Joseba Astarbe, Luken Aranburu eta Ekhi Zugastik osatu zuten soka. Jose Miguel Laskurain eta Enrike Montero txistulariak, eta Iñaki Barua atabalariak jarri zioten doinua soka-dantzari.
2008-08-27_Arantzazu-Apostoluen-dantza-FL 007
Irudi ederrak utzi zituen emanaldiak, baina sorpresa handiena biharamunean hartu genuen, Berria egunkariaren azala ikusitakoan.
2008-08-28_Berria-Apostoluen-dantza-portada-rek
Hona hemen Felipe Loyola eta Iñaki Zugastik egindako argazki batzuk, eta bilduma honetan gehiago.
2008-08-27_Arantzazu-Apostoluen-dantza-FL 012 2008-08-27_Arantzazu-Apostoluen-dantza-FL 117 2008-08-27_Arantzazu-Apostoluen-dantza-FL 135 2008-08-27_Arantzazu-Apostoluen-soka-dantza_IZ 203 2008-08-27_Arantzazu-Apostoluen-dantza-FL 145 2008-08-27_Arantzazu-Apostoluen-soka-dantza_IZ 273 2008-08-27_Arantzazu-Apostoluen-soka-dantza_IZ 299
gari
2008/09/11 23:12
Esaten da, eta askotan "erabilkeriagatik" hitzek esanahia galtzen dute, baina ez da hau kasua: a zer ohorea eta luxua halako tokian eta halako dantzari eta musikariekin aritzea. Momentuan ez dugu horretan erreparatzen, baina argazkiak ikusita konturatzen da bat izan duen pribilegioaz.
Eskerrik asko!!!
aritz
2008/09/12 11:23
Arrazoi duzu Gari,

Ta Nafarroa aldetik hurbildutakoendako are ohore handiagoa. Giroa berezia izan zen. Ez zaigu erraz ahaztuko!

Mila esker gonbidapenagatik, beraz!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Kezka dantza taldea

Eibarko Kezka Dantza Taldearen bloga da hau. 1958an sortu zen Eibarko Klub Deportiboan eta Gregorio Santa Cruz izan zuen lehen zuzendaria. Eibarko eta inguruetako dantza tradizionalak dantzatzea eta sustatzea du helburu. 

Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com