Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Txistua helduaroan

Dokumentuaren akzioak

Txistua helduaroan

'Txistu symphonic' Euskaldunan

Egilea
Iñaki Mendizabal Elordi
Komunikabidea
Deia - Noticias de Bizkaia
Mota
Albistea
Data
2011/12/29
Lotura
Deia - Noticias de Bizkaia

HARRIGARRIA, ezustea, dotorea, hunkigarria, sekulakoa... Laudorioak baino ez ziren entzuten atzo Euskalduna Jauregiko korridore okertsuetan. Garikoitz Mendizabal txistulariak egundoko erakustaldia eskaini zuen Bilboko eraikuntza ederrean, jende andana bilduz iluntze partean, guztiak Txistu symphonic izenarekin bataiatutako kontzertuaren egarriz. Eta asetuta atera ziren denak.

Txistu symphonic kontzertuak Euskaldunako Auditorium osoa bete zuen, eta soinu-tresna txikia erraldoi bilakatu zen bi orduz, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren laguntzaz beti ere. BOSek aldian-aldian egiten ditu honelako kolaborazioak, eta oraingoan bete-betean asmatu dutela dirudi.

Kontzertua Ongi-etorri zalaparta-tsu batekin hasi zen, eta Josu Mentxaka dantzariaren erakustaldiarekin. Mentxakak airean flota-tzen zuen bitartean Mendizabalek kiribilduak egiten zituen txistuarekin. Isidro Ansorenaren Zortzikoa, Sarriegiren Ohorezko kontrapasa eta Sorozabalen Minuetoak izan ziren gaueko aperitifa.

Horren ostean Luis Urteagaren Euskal kanten bilduma interpretatu zuten, eta Mendizabalek berriro erakutsi zuen txistuak soinu handiak gordetzen dituela bere gorputz mehean. Xabier Zabalaren Ondoan etorri zen gero, doinu pausatuagoekin, baina Azpeitiko txistularia ez zen kikildu fokoen azpian, soinu-tresnaren nortasuna eta indarra behin eta berriz agertu zuela. Kon-tzertuaren lehen zatia José Inazio Ansorenaren Kurruxko eta Kepa Junkeraren Zolloko Sanmartinak abestiekin zarratu zen. Bertsio eta moldaketa harrigarriak guztiak, notak eta akordeak infinitoraino luzatu zituela txistuaren birtuosoak.

Kontzertuaren bigarren zatia ere hunkigarria izan zen. Isidro Ansorenaren Maritxurekin hasi eta José Olaizolaren Eztikirekin jarraituz. Miren Fernández abeslariak lagundu zion BOSi lehenengoko kantan, ahots zoragarria duela frogatuz. Bigarrenean, ordea, Andoni Egañak parte hartu zuen. Bertsolariak kritika soziala egiteko profitatu zuen unea, urte-sasoi honetan gure gizartean gertatzen diren desberdintasun nabarmenak azpimarratuz: batzuk argi azpian bizi diren bitartean, beste batzuk kartoi puxka batzuk baino ez dituzte estalpe gisa. Guzti hori bertsotan, jakina. Eta lana biribildu zuen zarauztarrak azken unean: "...kartoien hori konpontzekoa/ iruditzen zait tira/ estalpe gehiago sor genitzake/ argi gutxio balira". Ia amaieran Isidro Ansorenaren Azterketa abestu zuten Egañak eta Fernándezek, eta ostean berriro etorri zen baretasuna: Mendizabalek Xabier Zabalaren Irribarrea jo zuen, BOSek dotore babesten zuela. Amaitzeko, eszenatokira igo ziren Euskal Herriko hamahiru ikasle, bakoitza bere txistu eta danbolinarekin. Txakolin izeneko kanta herrikoia interpretatu zuten, maisuari lagunduz.

Garikoitz Mendizabalek mugarri berri bat ezarri zuen atzo txistuaren historian eta norabidean.

Txistuarekin edozer egiteko gai dela frogatu zuen atzo Mendizabal maisuak, Bilboko Orketra Sinfonikoarekin joz

Txistuarekin edozer egiteko gai dela frogatu zuen atzo Mendizabal maisuak, Bilboko Orketra Sinfonikoarekin joz (David de HAro)