Kukairen obra berria bukatu aurretik ikusi ahal izango da

Dantzaklubaren barruan aurkeztuko du Pantxika Telleriarekin prestatzen ari den kale ikuskizuna, 'Soka'

Filgi Claverie Dantzaz konpainiako zuzendariak eginiko gonbita onartu, eta Kukai dantza taldeak Soka kale ikuskizunaren aurrerapena eskainiko du Dantzaklub dantza garaikidearen programaren barruan. «Polita izango da ikuskizuna amaitu gabe, perfekziorik gabe, jendeari erakustea», adierazi zuen Jon Maiak, Kukai dantza konpainiako dantzari eta koreografoak, Viktoria Eugenian. Antzokian bertan izango da aurrerapen hori, Klub aretoan, martxoaren 19an. Astebete geroago egingo dute Pantxika Telleriarekin batera prestatzen ari diren koreografiaren erabateko estreinaldia, Tuteran (Nafarroa), Korrikaren hasieran.

Egilea
Ainhoa Oiartzabal

Komunikabidea
Berria

Lekua
Donostia

Mota
Albistea

Data
2009/02/28

Kalean «jendez inguraturik» dantzatzeko moduko ikuskizuna ari dira prestatzen Kukaiko kideak. Eta kalekoa izan arren orain arteko ibilbideari jarraituko diotela azaldu zuen Maiak: «Gure erroak dantza tradizionalean daude, eta sokadantzan oinarritu dugu azken lan hau. Hala ere, prest gaude dantza molde berriak lantzeko, eta nabari da Pantxika Telleriaren ekarpena». Kukai dantza taldeko bost dantzarik eta bi perkusio jotzailek hartuko dute parte Soka-n.

Donostia Kulturak eta Dantzaz konpainiak iazko azaroan jarri zuten martxan Dantzaklub programa. «Dantza jendeari gerturatzea da asmoa», adierazi zuen Claveriek egitasmoari buruz. Hala, ohiko aurkezpen moldeak hautsi, areto handietatik atera eta gune intimoagoan egingo dituzte programako bi emanaldiak, «jendearengandik gertuago». «Finean, dantza laborategi gisa funtzionatzea da asmoa, inprobisazioari toki egitea eta dantzarien sormenari bide ematea».

Dantzariak koreografo

Martxoaren 5ean, Dantzaz konpainiako dantzariek estudioan egin izan dituzten zenbait inprobisazio errepikatuko dituzte Viktoria Eugenian. Halaber, Christophe Garcia koreografo frantses-kanadarraren obra baten zatiak ere interpretatuko dituzte.

Egun horretarako, Izaskun Lapaza dantzaria gonbidatu dute. Lapazak Getxoko (Bizkaia) dantza tailerrean eginiko lana eskainiko du jendearen aurrean. «Nik zuzendutako lehenengo tailerra izan da, eta han irtendako materialarekin eginiko konposizio moduko bat onduko dut. Baina nirea ez da koreografia bat», zehaztu zuen dantzariak.

Kukai taldearen saioarekin batera martxoaren 19an emanaldia egingo duten Dantzaz konpainiako dantzariek ere ez dute koreografia bat eta osoa eskainiko; eurek asmaturiko koreografia zatiak eskainiko dituzte, euren sormenetik loratutako mugimenduak. Halaber, Thomas Noone jatorri kataluniarra eta ingelesa duen koreografoaren lan baten moldaketa librea ere dantzatuko dute emanaldi berean.

dantzan.com. Eduki hau lizentzia honen arabera banatzen da: Creative Commons License. Creative Commons License
Ilustrazioa
 

Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak