Azerien dantza apoteosikoa

Kritika, Axeri-boda

Guztiz arrakastatsua suertatu da J.A. Urbeltz-en azken euskal dantzaren ikuskizuna Bilbo aldean egin zen erabateko estreinuan. Izan ere, Arriaga antzokia leporaino bete zen jendeak txaloz eta kantuz lagundu zien azerien ezteietan parte hartu zuten dantzari eta musikariei hasierako dantzatik azken eta denon arteko Jose Mielen batela abestiraino. Zinez, ez baita batere erraza geure mundu globalizatu eta mestizatu honetan Urbeltz nafartarrak lantzen duen ekimena: euskal nekazaritza kulturak sortu zituen dantza, ohitura edo jantziak ikuspegi berriarekin berpiztea edo modernizatzea, hain zuzen ere. Kasu honetan gure ikerlariak eta koreografoak Japonian eta Euskal Herrian dioten esaera zaharra «euri eta iguzki, azeriaren ezteiak» aitzakiatzat hartu du Gipuzkoako Hernani aldean oraindik bizirik dirauen Axeri Boda dantzarekin uztartzeko, hots, ikuskizunari bizia emateko. Noski, afan horretan euskal folkloreak dituen hainbat dantza eta kantuak kateatu ditu hamar zatitan banatuak: esaterako, bourré, kontradantzak, makil dantza, soka dantza ingurutxoa eta horiek folkloreko kantuekin bai euskal herrikoak (ia guztiak) zein Okinawako kantu tradizionalarekin edo Habanerarekin. Dantza dantzagatik izan da, argudiorik gabe, eszenografiarik eta apenas argiztatzeko lanik gabe, beraz.

Egilea
Jesus Mari Begoña

Komunikabidea
Berria

Mota
Kritika

Data
2008/02/26

Dantzatzeko alorrean parte hartu duten Argia, Dugun, Haritz, eta Kezka 41 taldekideek den-dena eman zuten. Mutilezkoen dantzak gehiago ziren bikote edo nesken dantzak baino . Eta hasierako multzoaren arteko ez adostasun txiki batzuk kenduta, gainontzekoetan edo banakako dantzetan primerakoak izan ziren emaniko itxurak eta pausoak. Beste aldetik musikariak bi taldetan banatuta zeuden. Batetik hiru biolin, harpa, soinua. pandereta eta panderoa; bestetik gaiteroak. Denek akatsik gabe jo zuten. Agian, nik panderoa batzuetan eskobila kenduta baketarekin joko nukeen erritmoari gehiago emateko , eta apika, akordeoiaren baxua indartuko nukeen. Jantzien alorrean, dotoreak izatetik aparte bereziak omen ziren mutilenak: hau da, gonak, azerien larru azalak eta aurpegiak estalirik. Azkenera arte ez genuen jakin mutilen taldean dantzatzen zuten bi azeri arrak neskak zirela. Orduan, generoen arteko berdintasuna edo irudia? Biak, hain juxtu.

 

Ideia, zuzendaritza, koreografia eta jantziteriaren diseinua: Juan Antonio Urbeltz.

Musika zuzendaria: Marian Arregi.

Dantza maisuak: I. Arregi, F. Aristizabal, J. Larrea.

Musikariak: Ezpelur gaiteroak.

Dantzariak: Argia, Duguna, Haritz, Kezka taldekoak.

Lekua: Arriaga antzokia.

Eguna: Otsailak 24.

Ilustrazioa
 

Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak