Dokumentuaren akzioak
Bizkaiko Dantza Testigantzak

Dantzaren alorrean ibilbide oparoak burutzen ari diren dantzazaleen testigantzak bildu nahi ditugu atal honetan. Dantza tradizionala eta folklorearen munduan, garaikidean, dantza klasikoan eta edozein eratako dantzan, dantzari, koreografo, ikertzaile, talde bultzatzaile, antolatzaile, sustatzaile eta oro har, dantzazaleak izango ditugu protagonista atal honetan.
Bizkaiko dantza testigantza hauetan protagonista hauen ibilbideak, ekarpenak, gogoetak eta ideiak bilduko ditugu. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin egindako ekimena da honakoa. Hamabost egunetik behin elkarrizketa berri bat ekarriko dizuegu hona.
Hasteko Andoni Aresti, Leioako dantzari, aktore eta dantza-irakasleari egindako elkarrizketa duzue hemen.
Kepa Artetxe: Andra Mari
Galdakaoko Andra Mari dantza taldearekin egindako dantza-ibilbideaz dihardu Kepa Artetxek (Galdakao, 1939) honako elkarrizketan honetan. Bere dantzari hasierak, Andra Mariaren lehen urteak eta izandako irakasleak, Berriz, Arratia, Altsasu, Ituren, Lizarra, Leitza edo Zuberoan ikasitakoak, dantza lotua, dantzari-dantza, jotak eta jotalariak, Txilibrin, Bartolo Lasa, Francisco Beruete, Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi, Etxahun Iruri, abertzaletasuna eta dantza, gaur egungo dantzaren egoera eta beste hainbat kontu ditu mintzagai. Kepa Artetxe, Galdakao, 2013-05-17. Bizkaiko Dantza Testigantzak, 2013.
Iñaki Irigoien
Iñaki Irigoien (Bilbo, 1935) dantzari, irakasle, ikertzaile eta dantza bultzatzaileari egindako elkarrizketa da honakoa. Dantzaren alorrean egindako ibilbideaz hainbat kontu ditu mintzagai elkarrizketan zehar: bere dantzari hastapenak, Dindirri dantza taldean dantzari eta zuzendari izan zen garaietako kontuak, Txinparta taldea, Euskaltzaindiarekin gertutasuna eta irakurketetarako aukera, Oñatiko dantzak lehen aldiz ikusi zituenekoa, Durangaldeko dantzak ezagutzen hasi zirenekoa (1959), Euskal Dantzarien Biltzarraren sorrera eta lehen urteetako historia, bere ikerketa lanen hasiera eta ibilbidea, Xemeingo ezpata-dantzaren bilakaera, Lekeitioko kaixarrankaren eztabaida eta dantzaren bilakaera, aldaketak gizartean eta dantzetan, emakumeak eta dantzari buruzko gora-beherak, Euskal Dantzarien Biltzarraren eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren sorrera eta antolaketa lanak (bietako lehendakari izan da), Dantzari Egunen antolaketa eta funtzioa, Basauriko Euskal Herriko Dantza Agerketa eta tokian-tokiko dantzei babesa, Bilboko dantzen historia eta berreskuraketa lanak, Begoñako aurreskua eta ezpata-dantza, Garaiko dantza eta folkloreari buruzko ikerketak, Dantza ikasketen eza, eta dantzaren osasunaz gogoetak besteak beste. Iñaki Irigoien, Bilbo, 2013-04-22. Bizkaiko Dantza Testigantzak, 2013.
Jon Pertika: Beti Jai Alai
Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldearen sortzaileetakoa eta zuzendaria da Jon Pertika. Aita Dindirri dantza taldeko sortzaileetakoa izan zuen, eta Bilboko dantza gora-beherak bertatik bertara bizi izan ditu. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrean luzaroan jardun du euskal dantzaren alde lanean eta Bilboko hainbat dantzaren birsortze lanetan parte hartu du. Kontu horiez gain Bilboko jota txapelketak, garai bateko trikitilari eta dantzariak, Iñaki Zabaleta eta Kepa Junkeraren hasierak, txapelketetako jotak eta estiloak, dantzaren egungo egoera eta oinordekotza eza, eta beste hainbat kontu ditu hizpide elkarrizketa honetan. Jon Pertika, Bilbo, 2011-03-10. Bizkaiko Dantza Testigantzak, 2013.
Adolfo Yebra: ABBE
Asociacion Bilbao Ballet Elkarteko presidentea da Adolfo Yebra. Dantzaren munduan nola sartu zen, Gerardo Viana eta haren ballet eskolaren inguruko kontuak, Igor Yebraren ballet hasiera eta ibilbideak, Asociacion Bilbao Ballet Elkartearen sorrera eta ibilbidea, eta beste hainbat kontu ditu hizpide elkarrizketa honetan. Irudiak: Eire Vila. Bizkaiko Dantza Testigantzak, Adolfo Yebra, ABBE, Bilbo, 2012-12-18.
Jose Alfonso Antequera: Basauriko Dantza Agerketa
Basaurin ospatzen den Euskal Herriko Dantza Agerketaren historia, filosofia, helburuak eta bilakaerak agertzen ditu elkarrizketa honetan Jose Alfonso Antequerak. Tokian tokiko dantza tradizionalak sustatu eta ezagutzera emateko sortu zen Basaurin Euskal Herriko Dantza Agerketa, eta 30 ekitaldi egin ditu bere helburuak betez. Irudiak: Eire Vila. Bizkaiko Dantza Testigantzak, Jose Alfonso Antequera, Basauri, dantzan.com, 2013-02-26.
Laura Etxebarria: La Fundición
Bilboko La Fundicion, arte eszenikoen gunearen sorrera, ibilbidea eta bilakaeraz hitz egiten digu elkarrizketa honetan Laura Etxebarriak. 1986an, Laura Etxebarria eta Luque Tagua dantzariak ziren, Bruselan ari ziren konpainia batean, eta beren ibilbide profesionalean proiektu berri batean sartzea erabaki zuten. Bilbon, abiatu zen La Fundición. 2011an 25 urte oparo bete dituzte gorputzaren eta ikuskizko arteen sorkuntza eta ikerketa bultzatzen, eta dantza garaikidea Bilboko aretoetan ezagutzera ematen. Irudiak eta edizioa: Eire Vila. Dantzan.com, 2012-11-12.
Aitor Beitia: Portugaleteko Elai Alai
Portugaleteko Elai Alai taldearen sorrera, ibilbidea eta bilakaeraz hitz egiten digu elkarrizketa honetan Aitor Beitia, Elai Alai elkarteko kideak. Ibaizabaleko ezkerraldeko dantza talde honek 50 urteko ibilbide oparoa burutu du 2012an, eta dantza taldearen, nazioarteko folklore jaialdiare, folklore azokaren, eta beste hainbat ekarpenen inguruko argibideak eskantzen ditu Aitor Beitiak. Irudiak eta edizioa: Eire Vila. Dantzan.com, 2012-11-12.
Leire Ituarte: @leph
Leire Ituartek bere azken lana, @leph aurkezten du honako bideo honetan eta dantzaren inguruan dituen lanerako irizpide eta ibilbideari buruzkoetaz hitzegiten du. Ikusentzunezko Komunikazioan doktorea da Leire Ituarte eta Euskal Herriko Unbertsitatean dihardu irakasle eta ikertzaile. Dantzaren alorrean 2006an abiatu ziren bere sorkuntza lanak eta ibilbide horretan azken geltokia du @leph (2011), bidaia birtual baterako gonbitea. Irudiak eta edizioa: Eire Vila. Dantzan.com, 2012-10-17.
Andoni Aresti
Salzburgoko Operako Balletean hamalau urtez dantzari profesionala izan ondoren, Italian zine eta telebistan aktore lanetan aritu ondoren, bere jaioterrian, Leioan, dantza eskola ireki zuen orain bost urte Andoni Arestik. Bere dantza ibilbideaz, bizi izan dituen esperientziaz, lehengo eta oraingo proiektuetaz, eta dantzaz, oro har dantzaz, hitz egiten digu elkarrizketa honetan Leioako dantzariak. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, dantzaren alorrean ibilbide oparoak burutu dituzten hainbat dantzari eta dantza sustatzailerekin egindako elkarrizketa sortan lehenengoa da hemen aurkezten duguna. Hasteko Andoni Aresti, Leioako dantzari, aktore eta dantza-irakasleari egindako elkarrizketa duzue hemen. Dantzan.com, 2012-10-01.
Dokumentuaren akzioak








