Dantzan.com blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2005/05/24 12:02:29.569000 GMT+2

Dantza historikoa eta dantza tradizionalari buruz

Joan den astean Le Basque izeneko ikuskizuna aurkeztu zen Errenterian, Musikasten. dantzan.com-en argitaratutako aurkezpen albistean dantza historikoa eta dantza tradizionalaren arteko uztarketa da Le Basque esaten zen. Ostiralean emanaldiari buruz Jon Mayak idatzitako artikulua argitaratu zen Berrian. Hona artikuluan esaten direnen artetik nabarmentzekoak iruditu zaizkidanak:

  • Peio Otanok dantza historikoaren alorrean egiten duen lana berezia da, zalantzarik gabe. Segur aski, Euskal Herrian lan horretan aritzen den bakarra edo bakarretakoa izango da, eta berak egiten duen lana zinez interesgarria da. Dantza barrokoa edo historikoa -berak nahiago du horrela izendatzea- lantzen du, eta horretan oinarrituta sortzen ditu ikusgarriak.
  • Otanoren hitzak: «1995. urtean Belgikara joan nintzen, flauta ikastaro bat egitera. Han, musikarientzat prestatutako dantza ikasgai bat genuen, eta bertan ezagutu nuen lehenengo aldiz dantza historikoa. Berehala konturatu nintzen ordura arte nik egindakoarekin harmean estua zuela; hau da, euskal dantzekin antzekotasunak bazituela».
  • Dantza akademikoaren hastapenetako urratsak izanda ere, Otanok herri dantzaren tankera hartu zien XVII. zein XVIII. mendeetako dantza hauei. «Dinamika aldetik herri dantzekin parekotasun handia dutela iruditzen zait, eta uste dut ni horregatik sartu nintzela horren azkar horretan».
  • Humboldt, Albeniz eta Iztuetaren koadernoetatik hartutako doinu ugari azaltzen dira, eta Gipuzkoako zein Zuberoako dantzen keinu guari ere bai. Esanguratsuak dira, adibidez, Zuberoako Godaletaren doinuaren inguruan bi dantzariek osatutako mugimendu jostagarriak eta musikariek egindako moldaketa ederra.

Bai, niri ere alor hori oso interesgarria iruditzen zait eta horren inguruko kontu batzuk aipatzera nator orain.

Otanok lantzen duen alorra Barrokoari dagokiona dela dirudi. Horrez gain uste dut oso kontuan hartu beharrekoa dela berpizkundea. Hain zuzen ere dantza historikoaren alorrean dagoen joera indartsuenetako bat Rendance bezala ezagutzen dena da, alegia Renaissance Dance. Batez ere XV eta XVI. mendeko dantzak ditu aztergai joera horrek, baina baita XVII. mendekoak ere (berpizkunde berantiarra deitzen diote) eta euskal dantzariontzat oso hurbilekoak gertatzen zaizkigun hainbat osagai aurki daitezke bertan. Idatzitako iturrietatik abiatuta mende horietako dantzak berreraikitzen saiatzen dira Rendance munduko ikertzaile eta dantzariak. Lan zaila da, idatzitako testu batetik dantza oso bat berreskuratzeko ahalegina egin duen edozeinek dakien moduan. Baina alor horretan dabiltzatenek badakite idatzizkoaz gain badaudela dantzak osatzeko beste iturri batzuk ere. Horietako bat dantza tradizionalak dira, jakina baita gorteetako dantza ohituretan galdutako osagai askok herri tradizioetan iraun dutela. Horregatik, Ingalaterrako morrisak, Italiako tarantella eta Balkanetako eta Greziako dantzak iturri garrantzitsutzat dituzte. Eta baita euskal dantzak ere. Adibidez Frabritio Carosok dantza-maisu italiarrak 49 dantzaren deskribapenak argitaratu zituen 1600. urtean. Julia Sutton Rendance espezialistak itzuli du ingelesera eta hona zer dioen hitzaurrean:

"...the visual and kinaesthetic similarities between the footwork described by the Italian manuals and current Balkan and Greek dance steps are too strong and obvious to be ignored; but the most vivid resemblances exist in the virtuosic male techniques of Basque dance." Julia Sutton, Courtly Dance of the Renaissence. A New Translation and Edition of the "Nobiltà di Dame" (1600) Fabritio Caroso, 29. orr.

Alegia, Italiako dantza-manualak eta gaur egungo Balkanetako eta Greziako dantzetako urratsen arteko antzekotasunak oso handiak direla, baina zerbaitekin antzekotasun handiak baldin badaude euskal dantzetako teknika birtuosoarekin dela. Noski, ez dago Estatu Batuetako adituek esan arte zain egon beharrik. Nahikoa da Juan Esquivel y Navarroren 1642ko Discursos sobre el arte del danzado liburua irakurtzen hastea. Iztuetaren lanak piskat ezagutuz gero harrigarria gertatzen da bien artean behin eta berriz agertzen diren antzekotasunak. Eta noski, zenbaitetan hain ulergaitz gertatzen den Iztueta bera ulertzeko klabeak hasiko da aurkitzen irakurlea han eta hemen.

Azkenean ohartuko gara Iztuetak esaten dituen guztiak behar bezala ulertzeko ezinbestekoa izango dela Esquivel y Navarro, Caroso eta rendance-ko beste hainbat iturri behar bezala ezagutzea. Alperrik da Iztuetan liburuari berrogei buelta ematea, beste iturri horien eskaintzen dituzten klabeak ezagutu gabe inoiz ez baikara behar bezala ulertzera iritsiko. Noski, Juan Antonio Urbeltz-en Bailar el Caos irakurri duenari hau guztia zaharra irudituko zaio. Izan ere, orain 10 urte eskaini baitzigun lan hori eginda Urbeltzek. Noizbait egin beharko dira banan-banako azterketa zehatzak, dantza historikoaren dantza-manual horiek euskal dantzarion ikuspegitik aztertutakoak, baina bitartean anabasa honetan ez galtzeko, eta oinarrizko ideia batzuk argitzen joateko ezinbesteko lana eskaintzen du Urbeltzek. Domenico de Piacenza, Thoinot Arbeau, Cesare Negri, Fabritio Caroso, Esquivel y Navarro, eta abarren lanak aipatzen ditu Urbeltzek eta Iztuetaren lana ulertzeko klabeak ematen ditu.

Gipuzkoako urratsen sistematizazioaren inguruan zenbait lan egin dira azken urteotan. Urbeltzen gidaritzapean Ikerfolk elkarteak Jira galdua aldizkarian argitaratutakoak eta ikastaroen bidez hedatutakoak dantza historikoen azterketa horiek ere izan dituzte oinarrian beste osagai batzuekin batera. Buruan Iztueta bakarrik duenak nekez ulertuko ditu hor egiten diren proposamen batzuk testuinguru guztia kontuan harturik gabe.

Dantza historikoa dantza tradizionala osatzeko eta borobiltzeko erabiltzen du Urbeltzek. Dantza tradizionala dantza historikoa osatzeko eta borobiltzeko erabili du Peio Otanok. Norabide batean edo bestean, gehiago ibili beharko genukeen errepide erakargarria dela iruditzen zait niri.

Nork: oier_a.2005/05/24 12:02:29.569000 GMT+2
Etiketak: dantza | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (1)

Errenferentziak:

... alu bat bera ere hori frogatzen duenik. Horren inguruan dagoen lan bakarrak (Urbeltz-ek, 1994an Bailar el Caos-en argitaratutakoak) oso bestelako ikuspegia eskaintzen du, baina inork ez du bi...

Erreferentzia: Euskal dantza: beste enigma europar bat - Dantzing 2011/11/14 11:22:53.928000 GMT+1

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira hamar gehi bi? (idatzi erantzuna zenbaki hutsez)



Kontagailua: | Ikusi estatistika osoak