Dantzan.com blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2011/04/15 17:42:5.388000 GMT+2

Aurrezki kutxek euskal kulturaren alde egindakoa

“Medikura noa” esan, bulegotik irten, kotxea hartu eta Bilbotik Iruñeara, dantzarien elkarteko  bilerara bata. Lantokiko telefonoa eta agendarekin kultur aste osoa antolatzen bestea. Aurrezki kutxan bata, eta bankuan bestea, eta ordu erdiko telefono elkarrizketa bien artean, hurrengo astean egingo duten jaialdiko xehetasunak lotzen.

Ez dira ez bat, ez bi, dantza taldearen emanaldiak, elkarteko gora-beherak, udalekin harremanak, festen programaketak, hitzaldi, erakusketa eta beste mila kultur jarduera beraien lantokietatik antolatu izan dituztenak. Tallerretan batzuk, bulegoetan gehienak, eta aurrezki kutxa eta bankuetan aritutakoak mordoa. Milaka lan-ordu izango dira lantegiko zereginei ebatsitakoak, eta ikastola, auzoko festa, musika, dantza, antzerki eta bertso jaialdien antolaketa lanetara desbideratutakoak.

Orain, kafe eta komunerako minutuak neurtuta ditugu, eta lan-segundu bakoitzaren erabilera zehatza, errendimendu eta kostoa zehaztuta daude. Lankideak itxura batean behintzat, txintxo-txintxo jarduten dira beraien zereginetan edo facebook-en “atsegin dut” jartzen, eta “militantea” lotsatu egiten da lantokira deitzen dutenean. Telefonista ere pipertuta antzematen du inprentatik goiz berean hiru aldiz deitu dutelako: “Ez, ez, ni ez naiz dantza taldeko idazkaria, eta niri bost ajola udaleko logoa falta bazaizue!”.

Kultura ekitaldiak antolatzeko lehen baino bolondres eta disposizio gutxiago dagoela aipatzen denean, ezin ahaztu lan-munduan azken urteotan izan diren aldaketak. Poliki poliki joan dira japonizatzen lantokiak eta beraz, ezin diogu ez aurrezki kutxen fusioari, ez eta Fukushimari leporatu hain emankorra gertatu zaigun jarioa itxi izana. Bakar batzuk jarraitzen dute beraien lan-orduak kultura eta festetara desbideratzen, baina badakigu kudeatzaile berri bakoitzak gehiago zorrozten dituela lan-orduen kontrol mekanismoak eta hauenak ere bide motza izango duela.

Beraz, besteak beste, eraikuntza enpresek, aseguratzaileek, mota guztietatako tallerrek, hornitzaileek eta banaketa enpresek, denda handi eta txikiek, aurrezki kutxek eta bankuek euskal kulturaren alde egindakoa aitortu eta eskertzeko ordua iritsi da. Mila esker, zuen ekarpenik gabe ezinezkoa izango zen. Ea orain nola moldatzen garen.

Argia, 2011-04-10

Nork: oier_a.2011/04/15 17:42:5.388000 GMT+2
Etiketak: argia-aldizkaria kultura lana | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira hamar gehi bi? (idatzi erantzuna zenbaki hutsez)



Kontagailua: | Ikusi estatistika osoak