Dantzan.com blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2007/05/31 03:53:50.018000 GMT-4

The Basque Children

Egun batzuk pasa dira baina oraindik bizi-bizi ditugu Southmaptonera egindako bidaiak piztu dizkigun sentsazioak. Kezka dantza taldeko lau dantzari eta Elgoibarko Udalaren taldeko bi txistulari Southampton-en izan dira bertako Basque Children of ´37 elkarteak antolatutako omenaldi ekitaldian. 2007-05-26_Southampton_NM3760050 Southampton-eko "Solent University" izena daraman unibertsitatean izan ziren ekitaldi guztiak. Han elkartu ziren bai Ingalaterran bertan bizitzen geratu ziren "umeak" beraien senitartekoekin batera eta baita Euskal Herrira bueltatutakoak ere.

Omenaldia larunbatean, hilaren 26an izan zen. Goizeko 12:30ak pasata hasi eta arratsalde-gauerarte iraun zuten ekitaldiek. Tartean politikarien diskurtsoak, gerrako umeen dokumentalaren emanaldia eta Kezka dantza taldearen aktuazioa ere bai. Politikarien artean, Eusko Jaurlaritzaren izenean Miren Azkarate Kultura sailburua izan zen bertan, baita Espainiako enbaxadorea ere eta azkenik Ingalaterrako parlamentuko partidu kontserbadoreko bi ordezkari ere.

Esan bezala, goizeko 12:30etan eman zitzaien hasiera ekitaldiei. Unibertsitateko areto nagusian bildutako "umeek" beraien omenez egindako plakaren inaugurazioa ikusteko aukera izan zuten. Kezkako Aiert Ibarbia dantzariak, Elgoibarko Udal txistulari bandako Eneko Lasuen eta Andoni Urbieta txistularien laguntzaz, inauguratu zuen plaka agurra dantzatuz. Plaka inauguratu ostean unibertsitate kanpokaldean dagoen parkean jarraitu zuten ekitaldiek. Parkean bertan atera zuten hara joandako "umeek" taldeko argazkia, eta ondoren, "ume" hauek egon ziren kanping-denda zuri eta zabal horietako baten ondoan dantza-soltean aritu ginen dantzariak: Aiert Ibarbia, Irati Kortabitarte, Eneritz Ganboa eta Oier Ibarbia.2007-05-26_Southampton_NM3760053

Unibertsitatea bi eraikinetan banaturik dago, eta bien tartean parke txiki bat. Fandango eta arin-arina dantzatu ostean 'lunch'-aren ordua heldu zen eta denok, bai dantzari, txistulari eta baita "umeak" ere kalejira batekin egin genuen eraikin batetik besterako ibilbidea. Han, bazkaldu ostean, soka-dantza egin genuen. Oier eta Aiert aurreskulari eta atzeskulari lanetan eta Eneritz eta Irati berriz zerbitzari moduan. Sokan sartu genituen omenduez gain batek baino gehiagok parte hartu nahi izan zuen soka-dantzan, batez ere bukaerako kalejiran, gazte denborako oroitzapenak edo berreskuratu nahian.

Bazkalostean, biribilketa doinuek eta dantzarako gogoek animaturik berriro ere bueltatu ginen aurreko eraikinera, The Guernica Children dokumentalaren emanaldi-estreinaldia ikusteko aukera izan genuen. 2007-05-26_Southampton_NM3760067 Film horretan bertan "ume" hauen testigantza eta sentipen hunkigarriak batzen dira Espainiako gerra zibilaren ondorioz: bat-bateko bizitza aldaketa, herrialde eta familiarengandik banandu beharra... Dokumentalaren ostean eta Pirmin Treku dantzari izandakoaren izenean aipamen txiki bat egin ostean soinu-zahar batekin bukatu genuen dantzariok gure emanaldia eta txistulariek Agur Jaunak ohorezko doinuarekin borobildu zuten eguna.

Souhamptonen ekitaldiak bukatuta asteburu osoan gure gidari eta zaindari izan den Nerea Mendikuteren eskutik Londres piskat ezagutzeko aukera izan dugu. Eskerrak eman nahi dizkiogu Nereari gurekin izandako arreta guztiagatik, eta baita Carmen Kilnerri ere, Basque Children elkartearen izenean antolatzaile lanetan egin duen lanagatik. Argazki ofizialak Kezkaren flickerrean daude, eta ez-ofizialak berriz Malen-en blogean. The Basque Children Elkartearen webgunean ere argazki gehiago aurki ditzakezue.

Nork: kezka.2007/05/31 03:53:50.018000 GMT-4
Etiketak: southampton dantza soka-dantza dancing dance ingalaterra londres basque | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (3)

Errenferentziak:

...o maiatzean, gerrako umeak Britainia Handira bidali zituzteneko 70. urteurrena betetzean, ekitaldi berezi bat ospatu zen Southampton-en, eta bertan izan zen Kezka dantza taldea emanaldia eskaintzen. Ekitaldian, ehunka “gerrako ume...

Erreferentzia: Kezka Dantza Taldea 2011/11/09 15:03:35.153000 GMT+1

...ztien biltzarra antolatu zuen The Basque Children elkarteak. Eta Nerea Mendikutek proposatuta bertan izan zen Kezka dantza taldea. Coque eta Kezkak bat egin zuten Southampton-en orduko hartan. Bi urte beranduago, 2009an hil zen Jo...

Erreferentzia: Coque: dantza eta margolaritza lotu zituen gerrako umea - Kezka Dantza Taldea 2011/11/17 18:01:10.627000 GMT+1

...ku-hil-da">2006. urtean hil zen Pirmin Treku, Royal Balletean dantzatu zuen gerrako umea.Treku hil eta hurrengo urtean, 2007an, 70. urteurreneko ekitaldian Kezkako lau dantzari eta Elgoibarko Udalaren Txistulari taldeko b...

Erreferentzia: Southamptonera - Kezka Dantza Taldea 2012/05/09 11:54:19.956000 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira hamar gehi bi? (idatzi erantzuna zenbaki hutsez)



Kontagailua: | Ikusi estatistika osoak