
Urkizuko parkean, arratsaldeko 19:30tan elkartu ginen denok: Kezka dantza eskolako ikasleak, taldeko dantzariak, Ustekabe fanfarrea, Jainaga trikitixa eskolako ikasleak, Txolarte eta Lagun artea elkartekoak, Untzagako zaharren egoitzakoak eta aurtengo konpartsa berria: Ikasten kalean kantuz elkartekoak. Pantxika astoa ahaztu gabe noski.
Ustekabe fanfarrearekin entsegua egin ostean 20:00tan abiatu ginen Urkizuko parketik Untzagara bidean.Tartean dantzan eta batez ere kaldereroen ohiko abestiak kantatuz ibili ginen denok. Urkizutik Untzaga plazarako bidean gurekin batera elkartu zitzaizkigun hartza eta domadorea, eta orduan hasi ziren komeriak beti bezala: umeen izu eta garrasiak, domadoreak hartza ezin kontrolatu eta umeak eta ez hain umeak ihesian... Hartzaren hatzaparretatik ez zen ia inor libratu...

21:00ak aldera, Untzagara iritsi bezain laster, euria hasi zuen, baina aurten, beste urtetan ez bezala, koko-eskean ibili garelako edo, karpa haundi bat genuen zain euritik babesteko. Bertan burutu genituen azkenengo abesti eta dantzak Ustekabeko kideek aratosteetako pregoia irakurri ondoren.
Abestu, dantzatu eta afari-merienda goxoa egin ondoren bukatu ziren hangoak. Kanpoan euria barra-barra ari zuen, ez zuen ematen atertuko zuenik, ezta festak etengo zuenik ere...

Idatzi artikulu bat