Hiru gonbidatu
Aurten hiru gonbidatu izango ditugu Arrateko dantzetan bakarlari lanak egiten. Lapurditik Claude eta Jon Iruretagoiena aita-semeak etorriko zaizkigu. Tolosatik berriz Aritz Iglesias. Hirukote hau arduratuko da ezpata-dantzan eta trokeo-dantzan bakarlari lanak betetzeaz.
Gonbidatuen inguruan Arrateko kofradiako dantzariak, 40 inguru izango gara guztira, tartean aurten estreinatuko diren zenbait gazte eta aurreko urteetan gonbidatu bereziak izan ondoren, kofradiako kide diren beste zenbait. Eta musikari lanetan Usartza txistulari taldeko lagunak.
Egitaraua
Ordutegiak eta egitaraua ohikoak izango dira:
- 11:00ean Meza Nagusia Arrateko santutegian. Bertan Arrateko ezpata-dantza dantzatuko dugu.
- 12:00etan prozesioa gurutzera eta bueltan Arrateko ezpata-dantza Ama Birjinaren aurrean.
- 12:30ean Arrateko Amaren dantzak zelaian: ezpata-dantza eta trokeo-dantzak (makila txikiena, makila handiena eta brokel-makilena).
Amerikar bat begira
Orain egun gutxi iritsi da gure artera Jeremy Carter-Gordon. Boston-dik Europara etorri da Europako ezpata-dantzak ikastera eta ikertzera. Frantzian eta Italian izan da aurreko hilabeteetan eta orain Euskal Herriko ezpata-dantzak ezagutu nahi ditu, eta Arratekoa izango da ikusiko duen lehenengoa.

Idatzi artikulu bat