Dantzan.com blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2011/05/26 17:13:40.560000 GMT+2

Han eta hemengo fandango eta arin-arinak asteburuan Ezpalak jaialdian

Bihar abiatuko da 46. Euskal Jaia Eibarren. Eibarko Klub Deportiboko Kultura Batzordeak prestatutako egitarauan musika, jolasak, artisautza, herri kirolak, kantua, dantza eta festa tartekatuko dira.

Dantzarioi dagokigunez, igandean izango dugu Eibarren Ezpalak nazioarteko dantza tradizionalaren jaialdia eta aurten bikoteko dantza soltea izango da gai nagusia. Baina horren aurretik, larunbat goizean, dantza soltea gai hartuta, folklore alorreko ikertzaileen eta adituen gogoetak aurkeztuko dira Portalea kultur etxean.

Dantza soltea gai nagusia

Iruñea eta Eibarren ospatzen dugun Ezpalak nazioarteko jaialdian bikotean eta soltean egiten diren dantzak izango dira protagonista. Transilvania (Errumania), Auvergne (Frantzia), Calabria (Italia), Asturias (Espainia), Aragoi (Espainia), eta Galdakaoko (Bizkaia) taldeek beraien eskualdeetan dantza soltean nola egiten duten erakutsiko dute.

Eibarko kezka dantza taldeko eta dantza eskolako ikasle eta dantzariek ere fandango eta arin-arina, trikitixa eta porrusalda egingo ditugu, inguruotan egin izan den eran, bikotetan, laukotetan, zein borobiletan. Kezkako txistulariak eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariak izango ditugu musikari lanetan.

Igandean, maiatzaren 29an, eguerdiko 12.30etan abiatuko da jaialdia Untzaga plazan, eta bukaeran, dantzaldia ireki egingo da nahi duten guztiek fandango eta ari-arinak dantza ditzaten plazan. Ondoren bazkaria izango da karpan eta arratsaldean, Arrabots taldearekin erromeria.

Eusko Ikaskuntzaren jardunaldiak Portalean


Larunbat goizean, maiatzaren 28an eta hurrengo larunbatean ere, ekainaren 4an, Eusko Ikaskuntzaren Folklore sailak antolatuta "Dantza soltea" gai duten jardunaldiak burutuko dira Portalea Kultur Etxeko areto nagusian. Euskal Herriko eta Iberiar Penintsulako hainbat ikertzailek beren ikerketen emaitzak aurkeztuko dituzte.

Iñaki Irigoien, Andra Mari dantzari taldea, Aingeru Berguices, Carlos Antonio Porro, Carmen Ereño, Carolina Ibor, Jose Ignazio Ansorena, Mª Pilar Barrios, Gustavo Couto, Josu Larrinaga eta Emilio Xabier Dueñas izango dira bi asteburuetako hizlariak.

Nork: kezka.2011/05/26 17:13:40.560000 GMT+2
Etiketak: eibar ezpalak dantza-soltea euskal-jaia 2011 kezka | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira hamar gehi bi? (idatzi erantzuna zenbaki hutsez)



Kontagailua: | Ikusi estatistika osoak