Dantzan.com blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2006/09/29 04:41:07.378 GMT-5

Arrateko zelaiko bai floridadia...

Aurten bai, aurten eguraldia ere lagun izan dugu Arrate egunean eta Arrateko zelaiko floridadiaz gozatzeko aukera izan dugu. Ohi bezala azken gaupaseroak oraindik zelaian zeudela iritsi ginen Arratera. Azkar-azkar jantzi eta argazkiak egitera joan ginen. Talde osoaren argazkia kosta zitzaigun piskat egitea, 2006-09-08_Arrate_FL_8901 eta gero aurtengo lau gonbidatuena atera zuen Felipek. Ezkerretik hasita Mikel Legorburu, Abel Iriondo, Lourdes Odriozola eta Jon Lizarralde. Zelako lau dantzari!!
 
Meza nagusia hasita zegoen, baina luze jo ohi du Arrate egunekoak, eta garaiz ibili ginen. Baita argazki gehiago egiteko ere. Konsagrazio ostean elizara sartu zen aurten Aiertek gidatu duen ezpata-dantzarien taldea eta Lourdes eta Abelek Jaunaren aurreko ezpata-dantza eskaini zuten. Eliza urtero bezala bete-bete eginda zegoen.  Ezpatak altxa, zubia eta kalera berriz.

Iazkoaren aldean, prozesioa genuen nobedadeetako bat, eta ikusteko zegoen ea nola egokituko ginen. Gurutzea, bandera eta kandelen atzean, eta Ama Birjina eta txistularien aurrean sartu zen ezpata-dantzarien taldea. Eliza aurretik abiatu, eta 2006-09-11_Arrate_JUL_050 Arrateko Amaren doinuaren erritmora sartu ginen basoan, zubiak egin, gurutzera igo, eta Eibarren aurretik pasatzean, herrira begira jarrita salbea kantatu ostean berriz ere elizaruntz buelta.

Mikel Legorburu min hartuta zegoenez ezpata luzedunen taldean egokitu zen, eta Josu Garatek hartu zuen bere lekua azkendarien artean. Datorren urtean aurten hasitakoa bukatzera etorriko dela hitz eman digu Mikelek.

Eliza aurrera iritsitakoan, zubiak eginazkendariak aurre aldera pasa eta ezpata-dantza eskaini zioten berriz Arrateko Ama Birjinari. Eliza aurreko ezpata-dantza une berezia da. Ikusle asko biltzen dira elizaren atarian, eta jendearen berotasuna eta txaloak gain gainean sentitzeko aukera izan genuen.

Zelaira sartu, iriarenaren doinuarekin zelaia gurutzatu, eta Arrateko dantzen errepertorioari heldu genion. 2006-09-11_Arrate_JUL_111 Zintzarria egin, arrosa gainean buruzagia altxatu eta Arrateko Amaren ezpata-dantza. Ondoren karrera azkar bat, ohorezko arkua lau azkendarientzat, eta berriz ere karrera.

Usartza txistulari taldea dotore ari zen jotzen, eta ezpata-dantzaren ondoren trokeo-dantzari heldu genion. Hasteko makila txikiena, eta buruzagi lanetan Jon Lizarralde. Ondoren Abel Iriondok jaso zuen buruzagi makila, eta makila handienaren zortzikoa eta jokoa egin genituen. Azkenik brokel-dantza. Lourdes Odriziolaren buruzagi lanak, taldearen zortzikoa eta jokoa.

Taldea batu berriz, ezpatak jaso eta ospa. Bukatu zen 2006eko Arrateko dantzen emanaldia. Bazkaria Krabelinen, eta bazkalostean, Arrateko Amaren dantzarien kofradiaren akta irakurri, gonbidatuei eskerrak eman eta liburuan sinatuta borobildu genuen eguna.

Hauxe da 2006ko irailaren 8an, Arraten eskainitako Arrateko Amaren dantzen emanaldian parte hartu duten dantzarien zerrenda: Azkendariak: Jon Lizarralde, Abel Iriondo, Lourdes Odriozola eta Josu Garate. Buruzagia: Aiert Ibarbia. Buruzagi makilarekin: Hiart Zugasti. Ezpata luzeekin: Mikel Legorburu, Ainhoa Larrañaga, Irati Carballo, Oier Araolaza, Roberto Altzerreka, Izaro Gerrikagoitia, Amaia Goenaga, Harkaitz Urreta, Leire Orbegozo, Aresatz Usobiaga, Unai Lizarralde, Joseba Aranzabal, Enrike Izagirre, Olaiz Agirrebeña, Irune Orueta, Amaia Mutiloa, Olaia Gabirondo, Ekhi Zugasti, Maitane Castillo, Irati Kortabitarte, Amaia Recio, Ander Fernandez, Malen Ulazia, Ane Orbegozo, Zuhaitz Elejalde, Zuriñe Torre, Oier Ibarbia eta Gaizka Arrizabalaga.

Prentsak ere nahiko hurbiletik jarraitu ditu Arrateko Amaren dantzen gorabeherak. DVko Felix Morquecho ensaiora ere etorri zen Arratera, eta emanaldiaren biharamunean ere argazki ederrak argitaratu zituen. Hori bai, gustora geratu dena Indixua da, DVko portadan atera zioten argazkiarekin. El Correoko Beatriz Alkortak ere interesa erakutsi du, Noticias de Gipuzkoako Jabi Leon ere primeran portatu da, Etakitto bezala, eta milagro, Berrian ere izan dute aipamen bat gure dantzek, argazki eta guzti!

Felipe Loyola, Arantza Uriguen eta Julene Usobiagak ateratako argazki sorta hemen ikus dezakezue.

Datorren urtean berriz.

Nork: kezka.2006/09/29 04:41:07.378 GMT-5
Etiketak: eibar arrateko-dantzak trokeo-dantza ezpata-dantza 2006 arrate tradizioa kezka | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Penaz eta dolorez geratu nintzen azkenean ezin joanaz, baina pozez ikusten det zintzo zintzo eutsi ez ezik, gogotsu loratu zenutela bertako floridadia.

Zorionak kofradikide berriei eta agur bero bat beste guztioi.

Ia datorren urtean han izateko modua egiten dudan.

Nork: Mikel Sarriegi.2006/10/03 16:39:03.295 GMT-5

Aupa Mikel:

Ahal izanez gero hartu derrepente hurrengo urteko kalendarixoren bat eta Irailak 8xa gorriz borobildu. Ez ein planik egun hortarako, zita Arraten dakazu eta. Holako dantza sorta edarra urtian gutxitan ikusteko aukeria egoten da ta ahal izanez gero ez galdu okasiño hori. Hurrengo bat arte. Ondo segi!

Nork: Aiert.2006/10/04 05:36:54.040 GMT-5

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak