2008/05/14 09:54:21.482 GMT+2
Pasa den asteburuan ospatu da Elai-Alai dantza taldeak antolatzen duen
Portugaleteko Folklore Azoka. Hirugarren edizioa izan da aurtengoa eta beste hainbat ekitaldiren artean Eibarko Kezka dantza taldeko dantzariok, Usartza txistu taldearekin batera Arrateko Amaren dantzak aurkeztu ditugu bertan.

Emanaldia arratsaldeko 19:30ean hasi genuen Arrateko
ezpata-dantzarekin. Arrateko ezpata-dantzaren ondoren Arrateko trokeo-dantzak egin genituen:
makil txikiena,
makil handiena eta
brokel-makilena.
Txistulariak Jose Miguel Laskurain, Enrike Montero eta Iñaki Barua izan ziren.
Elai-Alaiko lagunek harrera bikaina egin ziguten, antolaketa gaitasun handia dute Portugaleteko dantzariek eta giro atseginean aritu ginen. Eskerrikasko!
Nork: kezka.2008/05/14 09:54:21.482 GMT+2
Etiketak:
dantza
portugalete
dance
folklore-azoka
traditional
arrate
2008
kezka
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/05/06 10:27:50.113 GMT+2
Pasa den asteburuan ospatu dira Santa Kurutzeko jaiak Euskal Herriko hainbat herritan, eta tartean Eibarko Santa Kurutzeko auzoan ere bai. Honekin batera, Eibarko Arrate auzoan, urtero bezala, letaniak ospatu dira. Usartza txistulari taldeko kideak izan ditugu bietan dantzariei musika jartzen.

Igandean, maiatzaren 4an, 11tako mezaren ostean egin genuen Santa Kurutzeko auzotarrekin osatutako soka-dantza. Aurreskularia
Aiert Ibarbia izan zen eta atzeskularia
Ander Fernandez. Zerbitzari lanetan Unai Agirre eta Luken Aranburu aritu ziren.
Letaniak Arraten
Igandean baita ere, eta ordu berean, Arraten Letaniak ospatu ziren. Aurten gainera, Arrateko Ama Birjina berriztuaren
irudia erakutsi zitzaien eibartarrei. Prozesioan Ama Birjinaren ondoan izan zen
Enrike Izagirre eta ohi bezala agurra dantzatu zion Ama Birjinari santutegira itzultzean.
Nork: kezka.2008/05/06 10:27:50.113 GMT+2
Etiketak:
santa-kurutz
2008
kezka
arrate
letaniak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/15 09:54:13.188 GMT+2
Nork: kezka.2008/04/15 09:54:13.188 GMT+2
Etiketak:
etb
dantza
utah-koak-eibarren
bideoak
kezka
| Permalink
| Erantzunak (3)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/14 10:58:37.237 GMT+2
Arrateko zelaian soka-dantza eginez ospatu dugu Kezka dantza
taldeko kideok Klub Deportiboko dantza taldearen 50. urteurrena.
1958ko apirilaren 13an egin bezala, 50 urte beranduago, Eibarko Klub Deportiboko dantza taldeak Arraten egin du emanaldia. Eguraldi iragarpenak ez ziren onak, baina espero baino giro hobea egin du Arraten eguerdirarte.
Eguerdiko 13.00ean, Kezka dantza taldeko dantzariak Arrateko zelaira atera gara eta soka-dantza dantzatu dugu. Lehenengo soka mutilek atera dute, eta desafio eta neskeri dantzatuta agurraren ondoren, bigarren soka neskek atera dute zelaira. Kezkako txistulariak, Andoni Altzibar, Iñaki Barua eta Felix Elortza, aritu dira musikari lanetan. Bukatzeko Adolfo eta Inmaren trikitixaren doinura egin dugu fandango eta arin-arina. Azken kalejira eta denok bazkaltzera!
Nork: kezka.2008/04/14 10:58:37.237 GMT+2
Etiketak:
dantza
50-urte
eibar
arrate
kezka
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/11 10:15:54.043 GMT+2
50 urte dira Eibarko
Klub Deportiboko dantza taldeak lehen emanaldia egin zuela. Arraten izan zen estreinua eta igandean Arraten izango gara urteurrena ospatzen.
1958ko apirilaren 13an egin zuen estreinaldi ofiziala Eibarko Klub Deportiboko dantza taldeak. Finalista eguna ospatu zen Arraten eta hilabete batzuk lehenagotik Gregorio Santa Cruz-en esanetara ensaiatzen ari zen taldearen aurkezpen ofiziala izan zen.

Igandean, apirilak 13, beteko dira 50 urte lehen emanaldi hartatik eta urteurren hori gogoratzeko eta ospatzeko, egungo Klub Deportiboko dantza taldea, Kezka, Arratera igo eta emanaldi bat egingo du bertan.
Urteurrena lanez lepoProiektuz eta lanez lepo harrapatu gaitu 50. urteurrenak eta horregatik propio urteurrenari begira ez dugu momentuz ekitaldi askorik prestatu beharrik izan. Aratusteetan egin dugun
koko-dantzen estreinaldia,
Utah-tik jaso dugun bisita,
Axeri-boda-ren estreinaldia, Euskal Jaira begira prestatzen ari garen dantza jaialdia, York-era egingo dugu irteera, eta Eibarren eta inguruko zenbait herritan egingo ditugun emanaldiekin, nahikoa urteurren daukagu momentuz. Urteurrena ospatzeko modu hoberik ez dugu ikusten gainera, proiektuz, lanez eta ilusioz beteta. Guzti horregatik igandekoa ekitaldi berezia izango da, xumea, taldean bertan ospatzeko modukoa.
Nork: kezka.2008/04/11 10:15:54.043 GMT+2
Etiketak:
eibarko-klub-deportiboa
50-urte
arrate
1958
kezka
| Permalink
| Erantzunak (4)
| Errenferentziak: (0)
2008/04/08 15:22:22.786 GMT+2
Supermendikute dantzarako gogoz dabil azken aldian. Azken asteotan birritan jantzi ditu dantzarako abarketak eta txapela.
Maiatzean
York-era joango garela dantzara
argitaratu da prentsan eta horrekin lotuta etorri da Supermendikuteren azken biñeta.

Aurreko astean
Utah-tik etorritako dantzariek eman zioten bidea:

Lehendik ere dantzari hasita zegoen Supermendikute:

Eskerrikasko Supermendikute!!
Nork: kezka.2008/04/08 15:22:22.786 GMT+2
Etiketak:
biñetak
supermendikute
dantza
eibar
kezka
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/03/26 15:24:07.038 GMT+1
Aurreikusitako dantza guztiak eta gehiago ikasi dituzte Utah-tik etorritako dantzariek
Eibarren. Hamar egunez izan ditugu gurekin. Traturako atseginak eta esker onekoak eta lanerako, alegia, dantzarako azkarrak. Gipuzkoako
agurra, azeri-dantza, makil txikiekikoa eta
uztai txikiena, eta Zuberoako
barrikada, satan-dantza, aitzina pika eta godaleta ikasita itzuli dira Utah-ra. Baita
fandango eta arin-arina ere, estilo bizi eta amerikarrean!
Urratsak eta koreografia lehen begiratuan harrapatu dituzte. Karakterra, estiloa, zailagoa izan da, dantza klasikoaren estiloa oso barneratua baitzuten, baina ahalegin handia egin dute horretan ere eta azken egunetarako alde handia antzematen zitzaien. Ez diote lanari ez nekeari beldurrik, eta minutu bat lehenago ikasitako dantza berria bakarka egiteko inolako arazorik ez dute.
Utah-ko Unibertsitatean ballet ikasketak egiten ari dira. Lau urteko diplomatura bat lehenengo eta beste bi urteko lizentziatura gero. Ikasketak bukatutakoan dantzari profesionalak izango direla argi dute Eibarrera etorritako dantzariek. Estatu Batuetan hainbat dantza konpainia daude, eta horietako batean sartzeko probetara aurkeztea da beraien asmoa.
Irakaslearen jakinminaUtah-ko Unibertsitateko ballet ikasketa horietan karaktere dantzen irakasle den
Richard Wacko-ren eskutik etorri dira Euskal Herrira. Ama norbegiarra eta aita errusiarra ditu, Kanadan jaio zen eta Errusian egin zituen dantza ikasketak. Errusiako dantza konpainia profesional bateko dantzari zela Europan barrena biran zegoela Euskal Herrian ere emanaldiak eskaini zituen Wackok orain 20 urte inguru. Bilbo eta Donostia ezagutu zituen, eta euskal dantza batzuk aurrez-aurre ikusteko aukera izan zuen. Harridura eragin zion ikusitakoak, aurretik ezagutzen zituen dantzekin zerikusi gutxi zutela iruditu baizitzaion.

Urtero munduko bazterren batera jotzen dute Utahko Unibertsitateko ikasleek beren formazioa osatzeko. Aurten Euskal Herrira etorri eta euskal dantzak ikasi behar zituztela pentsatu zuen Richard Wackok. Ohitura duten bezala eta Unibertsitateko talde bat izanik euskal unibertsitateetan hasi zen pareko irakasle, sail edo ikasketen bila. Baina putza. Euskal Herrian unibertsitatean ez dago dantzaren arrastorik. Ordezko bila jo zuten gugana eta horrela jarri ginen harremanetan.
Ikastaroa Ikerfolk-ek eman du
Ikerfolk elkartea arduratu da ikastaroaren edukietaz. Dantza preklasikoak, alegia, dantza klasikoaren sorreraren aurretikoak izanagatik dantzakera eta teknika akademikoaren zantzuak dituzten errepertorioak izan dira ikastaroaren zutabe nagusiak. Gipuzkoako dantzak eta Zuberoako dantzak hain zuzen ere.
Fernando Aristizabal,
Iñaki Arregi,
Jexux Larrea,
Jokin Otamendi eta
Garikoitz Otamendi dantza maisuak arduratu dira ikastaro praktikoetaz, eta Juan Antonio
Urbeltz-ek saio teoriko bat eskaini die.
Ikasi eta ikusiIkastaroan ikasten ari ziren dantza batzuk zuzenean dantzatuak ikusteko aukera izan dute. Martxoaren 16an, igandean, Arrokiagan izan ginen
Atharratze eta Alozeko gazteek emandako maskarada ikusten. Bezperan hasi zen ikastaroa eta Zuberoako dantzak ikasten eman zuten larunbat goiza, beraz, Zuberoara iritsi orduko ezagunak zitzaizkien
antrixatak,
frejat,
pas fracaise edo
muxeta moduko urratsak. Maskaradetan ikusleek ere jauziak dantzatzeko aukera izaten dutenez, horretarako prestatuta joan ziren Arrokiagara Utah-ko dantzariak. Larunbatean bost minututan ikasi zuten Aitzina Pika jauzia, eta goizeko barrikaden ondoren eta arratsaldeko emanaldiaren ondoren ere dantzatzeko aukera izan zuten.
Bralea dantzatzeko ikusleak bildu zituzten plazara maskaradariek, eta haien artean bai Eibar eta bai Utah-ko dantzari batzuk ere
aritu ziren zuberotarrekin eskuak emanda jauziaren soka-dantzan, bralean eta karakoiltzian.
Haritz eta KezkaPortalean egin diren dantza klaseetan kezkako dantzari batzuk izan dituzte lagun astean zehar, eta horrez gain astearte iluntzean, Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeek emanaldia eskaini zuten Hezkuntza Esparruko antzokian Utahko dantzarientzat. Gipuzkoako
brokel-dantzaren sortako zenbait
dantza,
soka-dantza, Durangaldeko
dantzari-dantzaren zenbait dantza eta
fandango eta arin-arinak ikusi ahal izan zituzten.
Olatz Arriola, Itziar Korta eta Iñaki Barua aritu ziren txistu eta danborrakin eta
Adolfo Jainaga eta Eneritz Aranburu trikitixa eta panderoarekin. Horiekin batera, Añorgatik etorritako Otamendi anai-arrebek (
Jokin,
Lierni eta
Garikoitz)
doinu zahar batzuk jo eta dantzatu zituzten.
Argazkia tamaina handian ikusiDantza-klase, hitzaldi eta emanaldiez gain, Euskal Herriko txoko batzuk (Bilbo, Donostia,
Deba, Getaria, Eibar -baita
Arrate ere-, Arrokiaga...) ezagutzeko aukera izan dute. Jatekoarekin dantzan beste gozatu dute.
Bisitak komunikabideen arreta piztu du eta saiatu gara hori aprobetxatzen aldarrikapen txiki batzuk egiteko. Alegia, Utah Unibertsitatetik euskal dantzak ikastera hona datozen bitartean, Euskal Herrian unibertsitatean ez dagoela euskal dantza ikasketarik egiteko modurik, eta gainera, hemengo unibertsitatetik ez direla inoiz ondare eta euskal ezagutzaren alor honekin interesatu.
Berria,
DV,
Correo,
Noticias de Gipuzkoa eta Deian jaso dute bisitaren berri, Herri Irratia, SER eta Radio Euskadin egin dizkigute elkarrizketak eta ETBko albistegietan ere egin dute erreportaje bat. ETBko postdata programarako ere grabatu zituzten irudiak eta elkarrizketak eta baliteke aste honetan ematea.
Utah-n bai ondo!Horrela ibila gara hamar egunez. Beraiei esan diegun bezala zorte handia dute, dantza ikasketak unibertsitatean egiteko aukera dutelako eta Richard Wacko moduko irakasle argi eta irekien eskutik ez dantza klasikoa bakarrik, baizik eta munduko bazter desberdinetako dantzakerak ezagutzeko aukera dutelako. Utah-tik etorri dira Euskal Herrira ikastera, baina guretzat ere lezio ederra izan da. Eskerrikasko!
Nork: kezka.2008/03/26 15:24:07.038 GMT+1
Etiketak:
dantza
eibar
ikastaroa
utah
ikerfolk
caracter-dance-ensemble
kezka
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (1)
2008/03/12 10:45:16.714 GMT+1
Utah-ko Unibertsitateko 18 dantzari Eibarren izango ditugu datozen egunotan euskal dantzak ikasten. Salt Lake Cityn, unibertsitateko irakaslea den Richard Wacko eta bere 17 balet ikaslek euskal dantzen ikastaro trinko bat egingo dute Eibarren datozen 10 egunotan.
Gipuzkoa eta Zuberoako dantzak10 egunez Zuberoa eta Gipuzkoako dantzen ikastaro trinkoa

jasoko dute Utah-ko dantzariek. Ikerfolk elkarteko dantza-maisuak izango dira ikastaroaren arduradunak. Iñaki Arregi, Jexux Larrea, Fernando Aristizabal, Jokin Otamendi eta Garikoitz Otamendi izango dituzte irakasle. Horrez gain Juan Antonio Urbeltz-ek ikastaro teoriko bat eskainiko die.
Dantza ikastaroa osatzeko, zenbait dantza tradizional zuzenean ikusteko aukera izango dute. Zuberoako maskaradak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, martxoaren 16an Arrokiagara hurbilduko baitira Aloze eta Atharratzeko gazteek emango duten maskarada ikustera. Martxoaren 18an berriz Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka dantza taldeek Gipuzkoa eta Bizkaiko dantza sorta bat dantzatuko dute Utah-ko dantzarientzat.
Richard Wacko
Ukrainiako Dantza Eskola Nazionalean, Alberta Ballet School-en,

Kiev-eko Virsky Estatu Eskolan eta Montreal-eko Errusiar Baletetan
osatu ditu dantza ikasketak
Richard Wacko-k. Ukrainako Cheremosh Dantza
Konpainiaren zuzendari artistikoa izan da, eta Kanada eta Estatu
Batuetako hainbat dantza konpainiatan koreografo gonbidatua izan da.
Gaur egun Utah-ko Unibertsitatean dantza irakaslea eta bertako
Character Dance Ensemble-aren zuzendaria da.
Character Dance Ensemble
Utah-ko Unibertsitateko Balet Sailaren talde bat da
Character Dance
Ensemble (CDE). Karaktere dantzetan espezializatuta dago, alegia,
eszenarako egokitu eta estilizatutako folklore dantzetan. Azken
urteotan Beijing Dance Academy, Royal Ballet School-en Londresen,
Vancouver-ren eta San Petersburgon izan dira dantza eskolak jasotzen.
2008an Euskal Herria eta euskal dantzak aukeratu dituzte beraien
formazioa osatzen jarraitzeko.
Martxoaren 14tik 23ra izango dira Euskal Herrian Utah-ko Unibertsitateko ikasleak. Eibarko Hezkuntza Esparruan hartuko dute egoitza eta Portalea Kultur Etxeko dantza gelan hartuko dituzte dantza eskolak.
Nork: kezka.2008/03/12 10:45:16.714 GMT+1
Etiketak:
eibar
dantza
utah
euskal-dantza
ikasi
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2008/03/06 12:00:26.438 GMT+1
aixerixak bustitzeko euria. Eta bai busti ere Arriagan. Azeriak batetik eta bestetik atera eta dantzatu ziren
Axeri-boda-ren estreinaldian. Kezkako dantzari koadrilla batek parte hartu zuen Urbeltzen ikuskizun berrian Haritz, Duguna eta Argiako dantzari-lagunekin batera.

Eskerrak
Dugunakoei (eta batez ere Arkaitz Karrikari) argazkiagatik!
Emanaldiaren kritika batzuk argitaratu dira:
Nork: kezka.2008/03/06 12:00:26.438 GMT+1
Etiketak:
arriaga
axeri-boda
argia
dantza
kezka
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2008/03/03 09:26:49.895 GMT+1
Baserriz baserri koko-dantzekin eta koko-eskean ibili ondoren hurrengo astean
kaldereroak iritsi ziren Eibarrera beste behin ere. Barixaku erregularrean edo aratosteetako ostiralean izan ohi dira Eibarren kaldereroen dantzak eta abestiak entzuteko eta ikusteko aukera, eta hala izan zen aurten ere. Kezka dantza taldeak antolatuta ...eta kitto! euskara elkartearen laguntzaz antolatuta Eibarko hainbat talde eta lagun izan ginen kaldereroen etorrera ospatzen.

Urkizuko parkean, arratsaldeko 19:30tan elkartu ginen denok: Kezka dantza eskolako
ikasleak, taldeko
dantzariak,
Ustekabe fanfarrea,
Jainaga trikitixa eskolako ikasleak,
Txolarte eta Lagun artea elkartekoak, Untzagako
zaharren egoitzakoak eta aurtengo konpartsa berria: Ikasten kalean kantuz elkartekoak.
Pantxika astoa ahaztu gabe noski.
Ustekabe fanfarrearekin entsegua egin ostean 20:00tan abiatu ginen Urkizuko parketik Untzagara bidean.Tartean dantzan eta batez ere kaldereroen ohiko abestiak kantatuz ibili ginen denok. Urkizutik Untzaga plazarako bidean gurekin batera elkartu zitzaizkigun
hartza eta domadorea, eta orduan hasi ziren komeriak beti bezala: umeen izu eta garrasiak, domadoreak hartza ezin kontrolatu eta umeak eta ez hain umeak ihesian... Hartzaren
hatzaparretatik ez zen ia inor libratu...

21:00ak aldera, Untzagara iritsi bezain laster, euria hasi zuen, baina aurten, beste urtetan ez bezala, koko-eskean ibili garelako edo,
karpa haundi bat genuen zain euritik babesteko. Bertan burutu genituen azkenengo abesti eta dantzak Ustekabeko kideek aratosteetako
pregoia irakurri ondoren.
Abestu, dantzatu eta afari-merienda goxoa egin ondoren bukatu ziren hangoak. Kanpoan euria barra-barra ari zuen, ez zuen ematen atertuko zuenik, ezta festak etengo zuenik ere...
Nork: kezka.2008/03/03 09:26:49.895 GMT+1
Etiketak:
kaldereroak
2008
eibar
aratosteak
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak