Goierrin garai batean izan ziren dantzak eta gaur egun dantzatzen direnak aurkeztu dizkigu, eta azken urteotan berreskuratu zein berregin direnen berri eman digu.
Horrekin batera, gaur egun Gipuzkoako dantza orokortzat ditugunak (brokel-dantza sorta osoa, ezpata-dantza, jorrai-dantza...) Juan Inazio Iztueta, Jose Antonio Olano eta Jose Lorenzo Pujana dantza-maisuek XIX. eta XX. mendeetan Goierritik Gipuzkoa osora zabaldu zituztela gogorarazi ondoren, dantza sorta horiek Gipuzkoan (Donostian Goizaldi taldearekin adibidez) izan duten formulazioa eta dantza-maisu lokalen segidak Goierrin izan duen ibilbidearen arteko konparaketa interesgarria eskaini digu Mikel Sarriegik.
Ikerfolk-ek argitaratutako Gipuzkoako dantza urratsen sistematizazio eta antolaketatik abiatuta (Jira Galdua, 2001) Goierriko azken dantza-maisuek transmititutako urrats horien definizio eta gauzatze zehatzak aurkeztu dizkigu Sarriegik. Konparaketa lanak dantza-tradizio horren ikuspegi zabal eta osatuagoa eskaintzen digu, eta Sarriegi berak azpimarratu bezala, herrietako aldaerak balorean jartzen lagundu dezake.
Urratsez gain, zenbait dantzaren alderak (Ordiziako ezpata-dantza adibidez) praktikan ikasi ditugu Aitor Furundarenak soinuarekin lagunduta. Bukatzeko, ikerketa lanak agerrarazi dituen dantzen arrastoetatik abiatuta egindako berregite lanetako bat ere ikasi dugu: Sarian Zunzun.
Idatzi artikulu bat