Dantzan.com blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2007/09/11 21:57:47.575 GMT+2

Igartzaratu dugu ezpata-dantza

Beasainen, 2007ko irailaren 9an. 

 

            Zeru urdin eta garbiak ongietorria egin zigun goizean goizetik Beasaingo Loinazko San Martin plazan bildu ginen Igartzako Dantzarien I. Eguna ospatzera bertaratu ginen dantzari zein ikusle guztiei.

 

 

                Eguerdiko 12.00etan puntuan ekin genion berritasunak ematen duen ilusio eta irrikaz, plaza nagusitik Igartza monumentu multzorainoko ibilbideari. Joseba Juarez dantzaria joan zen buruzagi guztion aurretik eta jarraian joan ginen gainontzeko 60 dantzari eta 11 musikariak, baita gaztetxoak ere, ezpata-ilara luzean. Hiru kapitain nagusiak Maitane Alonso, Xabier Ruiz de Azua eta Mikel Sarriegi izan dira. Loinazko ezpata-dantzari txikien bi kapitainak ere gurekin izan genituen, Haritz Mujika eta Iñaki Cia.

 

 

           Soinean eraman genituen jantziak, orain 200 urteko Beasaingo udaleko akta zaharretan deskribatzen zirenetan oinarrituak egin ditugu, eta Jaione Barandiaranek izan du ardura nagusia. Eskuartean eraman genituen ezpata luzeak, Joseba Juarezek hartutako lanei esker egin dira, garai batean Zaldibian eta Ordizian Pujanatarren garaian erabiltzen ziren ezpatak eredu hartuta, hain zuzen. Aipatu ordea, aurtengo lehen aldi honetarako ez genuela jantzi guztiak egiteko aukerarik izan eta Eibarko Kezka dantza taldeak utzi zizkigula Arrateko dantzariek erabiltzen dituzten bai soineko zuriak, bai falta zitzaizkigun ezpatak. Gure eskerrak beraz, beraiei. Ildo beretik, janzkeren inguruan emandako aholku eta bestelako laguntzarengatik ,ezin eskerrak eman gabe utzi bai Oier Araolaza, bai eta Juan Antonio Urbeltz ere.

 

 

 

            Bide-gurutze nagusietan ezpata-zubiak eginez iritsi ginen Igartzara, eta hemen, bertako monumentu multzoko eraikin bakoitzean aurrez prestatutako dantza eta protokoloak burutu genituen, bai Oria ibaiaren gaineko zubi zaharrean bertan, nola Jauregian , Burdinolan, Ermitan eta baita Errotan ere; berritze-lanak medio, aurtengoan Dolarea Ostatuan egiterik izan ez bagenuen ere. Protokolo hau, ezpata-dantzariek behin zubia egindakoan kapitainek eraikinera sartu eta leihoa irekitzean zetzan, garai batean Igartzako jaunak jabetza aldatzerakoan egin ohi zuen gisan, hain justu.

 

 

            Eskertzekoak izan ziren gu bezain partaide ziren ikusleen aldetik behin baino gehiagotan entzundako txalo-zaparradak, beraiek ere gustura zeuden seinale.

 

 

Azkenik, jauregiaren barnean amaitu genuen denok irribarre zabalak aurpegian eta guztia ongi joan izanaren lasaitasuna barnean genuela. Giro atseginean eta Beasaingo Dolarea jatetxekoek prestatutako bazkari ederrarekin eman genion amaiera Igartzako Dantzarien I. Egunari. Datozen urteetan, aurtengoak eta aurten gure artean ez ziren partaide gehiago ere animatuko direlakoan, datorren urtera arte!

 

 

 

Prentsaren jarraipena:

 

http://www.goierrikohitza.info/hitza_n.php?herria=BEASAIN&fetxa=2007-09-07&izena=p00002021&eskualdea=GOIERRI&produktua=GOIERRIKO

 

http://www.diariovasco.com/20070908/tolosa-goierri/baile-espadas-igartza-20070908.html

http://www.diariovasco.com/20070910/al-dia-local/danza-musica-brillo-colorido-20070910.html

http://www.diariovasco.com/20070911/tolosa-goierri/igartza-vibro-danzas-20070911.html

Nork: aurtzaka.2007/09/11 21:57:47.575 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Argazkiak ikusgarriak dira. Ezpata-dantzari talde bikaina ikusten da. Pena bertan ez egona. Ea datorren urtean. Zorionak!

Nork: oier.2007/09/14 11:23:02.734 GMT+2
http:/www.dantzan.com/blogak/oier

Nork: .2007/09/14 12:23:39.596 GMT+2

Kaixo, Zorionak Igartzako Dantzarien I egunean egindako lanagatik. Ikusi ahalik ez izan arren, trajea dotorea eta ezpata-dantza ikusgarria dela diote senideak. Datorren urtean zuzenean ikusteko gogoarekin gelditzen naiz. Baita ere zorionak Aurtzaka.com webgunean eta Dantzan.com blogean egindako lanagatik. Patxi.

Nork: Patxi.2007/09/14 14:47:33.231 GMT+2

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak