Dantzan.com blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2010/01/22 11:36:56.116 GMT+1

Orratza, bat bakarra duenari galtzen zaio

Atzo jakin genuen prentsaren bidez, Nafarroako Gobernuak "Correpueblos", "Udaberriko bira" eta "Udazkeneko bira" kultura emanaldi programak bertan behera utzi dituela 2010. urte honetarako. Correpueblos progaramaren bidez 200 biztanletik beherako herrietara eramaten ziren antzerki, dantza eta zine ekitaldiak, eta Udaberri eta Udazkeneko errondekin 200 eta 1000 biztanle arteko herrietara eramaten ziren ekitaldi horiek. Azken 25 urteotan egin izan dira Nafarroan programa horiek.

Esan bezala, emanaldi horietako batzuk dantza emanaldiak izaten ziren, Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarrak kudeatutakoak. Urtero, 8-10 bat emanaldi, Nafarroako dantza taldeen artean banatutakoak, txandaka. Herri txikiendako entretenimendu izaten ziren, eta dantza taldeendako finantziazio iturri.

Programa horiek bertan behera uzteko Nafarroako Gobernuak jarritako desenkusen artean, bi:
  • Zaharkitutako programak omen ziren. Egun ez zuten bere sorreran zuten zentzua. Izan ere, Kultur etxeen sareak betetzen du egun hutsune hori.
  • Gobernuaren apostua hori da, emanaldiak kalitate handiagoko plazetan egitea (Kultur etxeetan) eta talde profesionalekin ahal dela.
Duela gutxi idatzi zuen Oier Araolazak, krisia aitzakitzat hartuta, kulturaren zenbait esparrutan agintariak egiten ari diren triskantzaz.

Gure kasuan, dantza tradizionalaren kasuan, testuinguru naturala kalea izan dugu. Bada noski, antzeztokirako ikuskizunak sortu dituenik, baina uste dut testuingurua kontuan hartzea ezinbestekoa dela. Bestalde, dantza tradizionalean profesionaltasuna eskatzea utopia da. Erabat desegituratua dagoen esparrua da gurea (gutxieneko kalitatea ez ematerainokoa batzuetan?), baina erakundeen aldetik bultzada jaso ordez, kontrakoa, trabak traben atzetik. Orratza, bat bakarra duenari galtzen zaio!

Horrelako erabakiekin, dantza tradizionala kanporatua izaten ari da "de facto" kulturaren zirkuito ofizialetik, eta hartara, denen eskubide diren diru-laguntzen poltsatik. Kalitatea profesionaltasunarekin soilik lotzen dute nafar kulturaren kudeatzaile ofizialek, gainera, modu ez-profesionalean ari direnak kalitaterik izan ez balezakete bezala.

Albistea jakin ondoren izan da ahotsa altsatu duenik. Baina ahotsa altsatzearekin aski al da? Dantzariok esanen al dugu deus?

Nork: aritz.2010/01/22 11:36:56.116 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (6) | Errenferentziak: (0)

2009/12/31 12:46:09.115 GMT+1

Iruñea eta Beasain galtzada-harriek lotuta

Lehenago ere entzuna nuen, baina atzo La Txistorra Digital umorezko blogean karrikaratu zuten albistea eta hona ekarri nahi izan dut.

Entzutekoa izan zen duela zenbait urte, Iruñeko alde zaharreko peatonalizazioa zela-eta, galtzada-harriak edo harlauzak ("loseta o adoquín" zen garai hartako eztabaida) erabiltzearen aldekoen eta kontrakoen arteko ika-mika. Kontua da azkenean udalak erabaki zuela ordurarte betikotzat jotako galtzada-harriak (adokinak) altsatu eta horien ordez eleganteagoak izanen ziren harlauzez (losetak) ornitzea alde zaharreko kaleak.

Zenbait urte joan ziren Iruñeko adokinak non ote zeuden jakin izan genuen arte: Beasainen, Igartzako multzo monumentalean. Beasaingo udalak antikuario bati erosi omen zizkion (nola heldu ote ziren galtzada-harriak antikuario horrengana, misterio) eta horiekin txukundu zuten Igartzako zati bat.

La Txistorra digitalean Igartzako argazkiak ikusi nituenean, lotura garbi ikusi nuen:







Ez da galtzada-harri horiek izan zezaketen paturik txarrena!

Bide batez, Urte berri on denoi!!!!

Nork: aritz.2009/12/31 12:46:09.115 GMT+1
Etiketak: igartza aurtzaka duguna beasain galtzada-harriak iruñea | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2009/11/09 14:28:12.759 GMT+1

Cameron Diaz eta Caravinagre!

Alfer nabil azkenaldian (edo lanez gainezka beste deus idazteko), eta Iruñeko erraldoi eta buruhandien konpartsarekin zerikusia zuten 2-3 berri utzi ditut pasatzen azken egunotan, deus idatzi gabe.



Izan ere, aurreko astean Iruñeko udalbatzak aho batez onartu zuen erraldoi eta buruhandien konpartsari hiriaren urrezko domina ematea. Horrek iruindarren irudimena martxan jarri, eta heldu den urteko San Ferminetako txupinazoa Caravinagrek piztu dezala proposatu du hainbatek.

Esan bezala bi albisteok bazterrean utzi nituen, egunak pasa ahala horiek zabaltzea interesa galtzen zuelakoan. Baina gaurkoan beste albiste baten harira ekarri ditut hona. Gaurkoa bai ona!



Tom Cruise eta Cameron Diaz protagonista dituen pelikula batean agertarazi nahi dute Iruñeko erraldoien konpartsa! To eta no! Knight & Day izeneko akzio eta abentura filma errodatzen ari dira dagoeneko Bostonen eta sekuentzietako batzuk Sevillan grabatuko dira. Bertan nahi lukete Iruñeko erraldoiek parte hartzea. Iruñeko udalak esan du figurak utziko dituela baldin eta errodajearen datetan konpartsako kideak libre badaude.

Tom Cruise agente sekretua izanen da filmean eta Cameron Diaz berriz, Cruisen bizitzan gurutzatu eta dena aldrebestuko duen emakumea.

Eta tartean Iruñeko erraldoiak.
Cameron Diaz ezagutuko ote dugu? ;-)


Nork: aritz.2009/11/09 14:28:12.759 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2009/10/28 12:05:06.029 GMT+1

Iñaki eta Javier

Nahi bai, baina ezin oraindik guztiz bazterrean utzi irailaren 27ko bestondoa. Argazkiak batetik, bideoak bestetik, jendearen iruzkinak handik... baretuz doa kontua eta baretuko da guztiz noizbait.

Edozein kasutan San Fermin Aldapakoaren egunean estreinatutako Ezpata-dantzaren karietara azken aste honetan jakin ditudan bi gertaera partitu nahiko nituzke testu hau irakurriko duten apurrekin. Lotsa pixka batekin partituko ere, ez baitut bonbo gehiagorik nahi, baina gertaera hunkigarriak izan direnez barrena husteko beharra nuen, protagonisten baimenarekin.

Ezpata-dantzan gaur egungo taldeko dantzariek parte hartu zuten, baina baita aurreko belaunaldietako zenbait dantzari zailduk eta baita dantzari gaztetxo batek. Kontatuko ditudanek dantzari zailduetan zailduenarekin eta gaztetxoaren anai are gaztetxoagoarekin zerikusia dute.

Javier Urtasun Iruñeko udal dantza taldeko dantzaria izan zen XX. mendeko 70. hamarkadan, baina taldearekin harremanik ez du galdu eta Ezpata-dantzan parte hartzeko deia zabaldu genuenean, interes handiz etorri izan da entseguetara. Bera da Aldapako San Fermin egunean dantzan aritu zen dantzaririk beteranoena. 60 urte ditu. Tuteran ere dantzatu genuen Ezpata-dantza urriaren 10ean eta han izan zen berriz ere Javier. Arropa itzultzeko eguna jarri genuen aurreko astean eta penaz itzuli omen zituen bere arropak Javier-ek: "Ez dakizue zer pena hartzen dudan arropak itzultzen!". Aurpegi arraroz begiratuko genion, orduan aitortu zigulako izugarri disfrutatu zuela bere haurtzaroko kaleak - alde zaharrean jaio baitzen bera - dantzan zeharkatzen. "Gaur egungo dantzari gazteekin dantzan izugarri disfrutatu dut!" ere esan zigun eta akaso bere dantzari ibilbidean egunik zoriontsuena izan zela San Fermin-txikietakoa! Gogorra eginen zitzaiola beste urte bat itxaron behar izatea berriz ere ezpata-dantzari janzteko, eta horregatik itzultzen zuela arropa penaz.

Mikel Tristan gure txikien dantza taldeko dantzaria da. 12 urte ditu eta bera hautatu genuen ezpata-dantzarien taldeko Zerbitzaria izateko. Bere dantzarako pieza erakusten hasi ginen lehen entsaioan hiru gurutzetako muriska egin zuen patxada ederrean, begira geunden ginontzekoen harridurarako (inoz ez zen horrelakoetan saiatu, eta lehenegoan ttak!). Aldapako San Fermin-en egunean primeran bete zuen bere papera eta ia egun horretan bizitakoek futbola utz dezan balio duten (jejejeje).

Mikelek badu anai gazteago bat, Iñaki, 10 urtekoa eta gure txikien dantza taldeko dantzaria bera ere. Bere anaiaren entsaioak ikusi izan ditu, Ezpata-dantza estreinatu genuen egunean bere anaiarengandik gertu egon zen uneoro eta Tuterara ere etorri zen bere gurasoekin. Ordutik ensaiatzen ditu Buruzagiaren eta Zerbitzariaren zortzikoaren urratsak bere etxean, bera bakarrik, bere kabuz.



Beste gauza askorengatik ere bai, baina hemen kontatutako bi bizipenengatik bakarrik, merezi izan du hartutako lanak!


Nork: aritz.2009/10/28 12:05:06.029 GMT+1
Etiketak: iñaki-tristan javier-urtasun mikel-tristan duguna iruñeko-ezpata-dantza iruñeko-dantzariak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/09/08 21:03:17.357 GMT+2

Esan nahi eta esan ahal izan ez ditudanak

Gaur nire dantzari ibilbidean bizitako egunik berezi eta hunkigarrienetakoa bizi izan dut. Kezka dantza taldeak gonbidatuta, Arrate eguneko protokolo zoragarrian parte hartu eta dantzatzeko ohorea izan dut eta haien dantzari kofradiako kide egin naute. Bazkalburuan, eskerrak emateko garaian egindako spitxean, hunkituta eta jokoz kanpo, ez ditut erabili nahi nituen hitzak bilatu nire buruko zakuan. Zangoak mingaina baino hobekixeago erabiltzen ote ditudan...

Testutxo honen bitartez barruan geratu zaidan arantza ia ateratzerik dudan.

Arrateko egunez Eibar-en dantzatzea oparia izan da niretzat, dantzan egin izan dizkidatenen politenetakoa, politena izan ez bada. Lehenago ere pentsatu izan dut ze berezia beharko lukeen Arraten dantzatzea. Kezka taldekoen gonbitea jaso nuenean sekulako "subidoia" izan nuen. Mimo eta gogo izugarriz prestatu ditut gaur dantzatu beharreko dantzak, Eibartarrei oparia ahalik eta modu duinenean itzultzeko intentzioz.

Oparia bai baina erantzunkizuna ere izan da gaur dantzan aritzea, izan ere, hiru dantzari bikainen parean jardutea egokitu baitzait: Gari Otamendi, Mikel Legorburu eta Egoitz Krutxaga izan ditut dantza-lagun. Ohorea eta plazerra izan da haiekin plaza (zelaixa) partekatzea. Are ohore eta plazer handiagoa, jakinda aurreko urteetan zeintzuk izan diren dantzari gonbidatuak. Izen horien ondoan nirea ikusteak bertigo pixka bate ere ematen dit.

Eskerrak beraz, Kezka dantza talde guztiari "etxeko" egiteagatik eta horren harrera beroa egiteagatik. Eskerrak bereziki Oier-i, ez gonbidapenagatik soilik, azken urte hauetan emandako laguntza eta erakutsitako guztiarengatik ere bai. Enrike-ri gaur esandakoak lagun batek baino ezin baititu idatzi. Negar eginarazi ez dit ba! Arantzari kanpoan etxean bezala hartu eta egunean zehar horrenbesteko mimoarekin tratatzeagatik. Aneri ere bai!

Eskerrak denei!

Iruñean, gutxi barru halako antzeko abentura jarriko dugu martxan aurki. Eibarko Arrate egunak hunkitu nauen erdia hunkitzen baditugu iruindarrak, ez dugu gauza makala eginen!

Nork: aritz.2009/09/08 21:03:17.357 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2009/07/14 17:20:04.613 GMT+2

Txirrin txanketan

9 egun eman ditugu dantzan etenik gabe. Duguna-Iruñeko dantzariekin uztailaren 6an, 7an eta 14an, Iruñeko erraldoiekin 6tik 14ra, arratsaldetan Gazteluko plazako dantzaldian, gauez Jarauta 69 txarangaren doinupean edo edozein peñari segika.

Baina akabo! Bukatu dira Iruñeko feriak!

Txirrin txanketan
min dut hanketan
sendatuko naiz
heldu den urteko San Ferminetan!




Gutxiago falta da!

Nork: aritz.2009/07/14 17:20:04.613 GMT+2
Etiketak: san-fermin dantza iruñea festak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2009/06/26 11:08:34.444 GMT+2

Dantza 2009ko San Ferminetan

10 egun falta dira 2009ko San Ferminak has daitezen (zehazki 10 egun 56 minutu eta 18 segundu...)

(Ia) urtero bezala, programa ofizialean dantzarekin harremana duten ekitaldiak idatziko ditut bertan:

Uztailak 6

  • 13.30 Dantza emanaldia: Amaiur, Ardantzeta, Duguna, Harizti, Iruña Taldea, Larratz, Mikelats, Muthiko Alaiak, Oberena, Ortzadar eta Txori Zuri dantza taldeen emanaldia (Jaurrietako neska dantza - Luzaideko dantzak. Larraindantza) - Foruen enparantzan*.

Uztailak 7

  • 10.00 San Fermín-en ohorezko prozesioa: Prozesioaren ostean Iruñeko udal dantzariek emanaldia izanen dute udal plazan.
  • 00:00 Euskal Musika: Patxi eta konpainia (Takoneran)

Uztailak 9

  • 13:00 Euskal musika: Dultzaineroak (Takoneran)

Uztailak 11

  • 13:00 Euskal musika: Trikitilariak (Takoneran)

Uztaila 13

  • 13:00 Euskal musika: albokariak (Takoneran)

Uztailak 14

  • 10.45 Zortziurrena. Prozesioaren ostean Iruñeko udal dantzariek emanaldia izanen dute udal plazan.
  • 13:30 Euskal musika: txistulariak (Takoneran)
  • 14.00 Erraldoi eta kilien konpartsari agurra. Autobus geltokian.
Egunero
  • 09.30 Erraldoi eta kilikiak. Autobus geltokitik.
  • 21.00 Bertako musika. Gazteluko plaza. Dantzaldia Udal txistulari eta gaitariekin.


Hauez gain, noski, egitarau ofizialetik kanpo, hainbat dantza taldek eta elkartek antolatuko dituzten ekitaldiak.


*Festival folkloriko deitzen jarraitzen diote ekitaldi honi. Dantza tradizionalen jaialdia eta Iruñerriko dantza taldeen emanaldia jarriko nioke nik. Bestela Lola Flores datorkit burura.

Nork: aritz.2009/06/26 11:08:34.444 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2009/04/28 12:35:44.904 GMT+2

Herri kultura eta kalitatea

Aurrekoan lanetik etxerako bueltan irratia piztu eta Euskalerria irratian Nafarroaren eguneko inguruko albistea ematen ari ziren. Kultur astea antolatu zutela festa egun horren karietara eta zer kultura ekitaldi eginen zituzten azaldu zuen neska batek. Tartean kantaldia. Kantaldi horretan denetarik: kalitate handiko abeslariak, Erramun Martikorena kasu eta ez horren kalitate handikoak, talde herrikoiak, alegia. Hura entzun eta galdera etorri zitzaidan burura: eta Erramun Martikorena ez al da ba abeslari herrikoia?

Puntu honetara helduta aitortuko dut kaka-nahaste dezentekoa dudala nik zenbait kontzepturekin. Hasteko, zeri deitzen diogun "herrikoi", "popular", "herri-kultura"? Herri-kulturaz pixka bat irakurtzen hasi eta "herriak" -ez al gara denok herri?- egiten duen kultura aipatu egiten dute, akaso kultura elitistago batekin alderatuta.

Niri honetan guztian zerak pizten dit ardura, herrikoi izenondoa daraman edozein jarduera kalitate eskasarekin lotzea. Nire inguruan dezentetan entzun izan dut "guk modu herrikoiean egiten dugu dantza, abestu, musika tresna bat jo...", esan beharrean, "guk modu traketsean egiten dugu dantza, abestu, musika tresna bat jo..." Hori nola esanen dugu ba? Gisa horretako eufemismoekin gure jardunari ospea kentzen baino ez gara ari, nire ustez.

Nork: aritz.2009/04/28 12:35:44.904 GMT+2
Etiketak: herri-kultura kalitatea | Permalink | Erantzunak (5) | Errenferentziak: (0)

2008/11/18 10:09:17.808 GMT+1

Entzun adi San Fermin,... eta 2

Kasualitatea izanen da akaso (ez dut dudarik!), baina gaurko egunkaria irakurtzerakoan honekin egin dut topo:

Corredores veteranos plantean que sea en euskera el tercer cántico del encierro.

Nik hori bera proposatu nuen ekainean nire txoko umil honetatik, eta orain korrikalariek gauza bera proposatu dutela ikustean ilusioa hartu dut. Ia heldu den urtean kopla hori entzuten dugun telebistan!

Entzun adi San Fermin,
Zu zaitugu patroi,
Zuzendu gure urratsak,
Entzierro hontan otoi!




Gora San Fermin!!!!
(230 egun)




Nork: aritz.2008/11/18 10:09:17.808 GMT+1
Etiketak: san-fermin entzierroa | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/10/28 09:07:36.914 GMT+1

Gora Euskadi txistulari!

Aurrekoan, interneten eman ohi ditudan murgilaldi horietako batean, argazki hau topatu nuen. Olentzero itxura duen txistulari hori nire osaba da, Andoni. Bere garaian, 70. hamarkadan Iruñeko udal-txistularia izan zen, virtuoso bat. Fundamento handirik gabeko virtuosoa, hori bai, eta sartu eta gutxira utzi zuen udal banda.

Argazki honetan ere agertzen da (ezkerretik hasita hirugarrena):



Andoni osaba udal txistularia izan zen. Mitxel osaba gaiteroa. Asiako erreginaren (nire goiko logoan agertzen denaren, alegia, nik orain dantzatzen dudan erreginaren) dantzei urtetan musika jarri izan zien. Mirentxu eta Txaro izebak udal dantza taldeko fanfarrean (Xut fanfarre famatuan) biolinjole izan ziren (las Ibañez).

Hortik, eta batez ere, gurasoek finkarazi zidaten zaletasunetik datorkit dantzarako eta musikarako gogoa. Eta zinez eskertzen diet denei zaletasun hori piztu izana!

Gero, askok ez dute ulertzen zergatik gauden harro, dantzari izateaz gain, Iruñeko udal-dantzari izateaz, dauzkagun mandatariak izanda ere. Izan ere, San Ferminetako prozesioetan haiekin batera ateratzen gara. Baina niri kasu honetan politikak ez dit axola, niretzat udal-dantzari izatea familia giroko zerbait da, eta hori baino, norberaren sentimenduak baino lotura handiagorik ez dago.

Osabaren argazkia topatu ondoren jabetu nintzen Nafarroako txuntxuneroek badutela argazki bilduma ederra flickr-en. Denboran atzera egitea eragin dit eta zoragarria izan da! Hor topatua da argazki hau ere:



Nondik gatozen gogoratzea ezinbestekoa da, baina,... nola pasatzen den denbora, alajaina!!!!!

Nork: aritz.2008/10/28 09:07:36.914 GMT+1
Etiketak: txistua txistulariak | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak