Altzürüküko maskaradak Mendikotan 1972 urtean
Guregipuzkoa.net-en argazki sorta berriak sareratzen jarraitzen dute, eta oraingoan Javier Garayalde-ren argazkiak ari dira denon eskura jartzen. Horien artean aipatzekoa da Zuberoako Maskaradei buruzko argazki sorta eder bat, 1972. urtean Mendikotan ospatu zen maskaradan egindakoa. Eta baita hilabete batzuk lehenago Otsagabian egindako sorta bat ere.
Lehen ere aipatu dugu dantzan.com-en guregipuzkoa.net webgunea. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuak jarri duen gunea da, eta bertan argazki fondo harrigarriak sareratzen ari dira erabilera lizentzia irekiarekin. Argazkiak CC-BY-SA (Creative Commons-en lizentzia, berrerabilpenak baimentzen dituen egilea aitortu eta baldintza berdinetan zabaltzeko baldintzarekin) lizentziarekin argitaratzen dituzte.
Zuberoan, 1972an ospatu ziren maskaradetako argazki sorta eder bat sareratu dute oraingoan. Javier Garayalde kultur-zaleak egindako argazkiak dira. Mendikotan egin zen emanaldia eta Altzürüküko gazteek eman zuten maskarada. Hain zuzen ere, 1972ko martxoaren 19an iritsi ziren Altzürüküko maskaradak Mendikotara eta bertan izan zen Garayalde. Musikarien artean, Pierre Bordazarre Etxahun Iruri txirulari lanetan eta Pierre Ager Garat Arhane atabalari lanetan ageri dira.
Hona Javier Garayaldek egindako argazki horietako batzuk:


Maskarada honi buruzko xehetasun gehiago jakin nahian Marcel Bedaxagarrekin harremanetan jarri gara, eta hainbat datu interesgarri eskaini dizkigu. Hona:
"Ez da düdarik: Altzürükütarrak dira. Denak ezagützen ditüt. Zamalzaina
Anttoni Etchebarne Garaibi Etxekolatzekoa da, Txerreroa André (Andde)
haren anaia, Gatüzaina Dominika Jaury Arhets, Ensenaria Pettiri
Etchebarne Etxekolatz beste bien anaia eta kantiniersa Jakes Jaragoyhen
Jagohen. Jauna Claude Prat da eta anderea Martti Jaimes Garaibi
Agerekoa (Garaibi Altzürükü eta Urdinarben artean kokatzen den auzoaldi
bat da). Hots, idatzik dena oso xüxen da eta zinez bozten niz argazki
horien ikustez. Etxahun Iruri eta Garat en ikustez bereziki orhitzapen
handiak beitütüt biekin (kultur sailekoak baita besta sailekoak!).
Badakizu hain sarri Altzürükük zütüala xiberoko maskaradak berpiztu
1968 an. Claude Prat argazki hortan den jauna dantzari zen (txerrero)
1968 an. Bena 1972 dantzari horik hobe ziren eta ondotik izan dienak
(hor diren Dominique Jaury, Jakes Jaragoyhen, eta Martti Jaimes
(enseinari izan da ondotik), gai Battitta Queheille eta Pettiri Jaury
nausitzen ziren orduan egiten ziren dantza primaketan (leiaketetan).
Bena denetan aipagarriena da hain sarri argazki batetan agertzen den
Kabana (azotiareki): Johanto Apheceix Garaibi Bedekarratzekoa: gük
ikusi dügün kautere nagusirik ederrena! Gizon ederra, botz ozena,
ezpiritü zorrotza! Harrigarizko jauziak egiten zütian (frontoi gainetik
adibidez) zinez zale beitzen ber soinean! Kabana izan zen 1968 an eta
1972 an." Marcel Bedaxagar
Zuberoan baino lehenago, 1971. urtean, Otsagabian izan zen Javier Garayalde, eta bertako dantzen argazkiak egin zituen. 1971ko irailaren 8an izan zen, Muskildako Ama Birjinaren egunean hain zuzen ere.


Gureguipuzkoa.net-en aurki dezakezue Javier Garayaldek Mendikotan egindako argazki sorta osoa, eta baita Otsagabian egindako beste hau ere.


Erantzunak