Joxemiel Bidador hil da
Dantzari, dantza ikertzaile eta euskaralari iruindarra hil da, buruko odol isuri baten ondorioz. Pasa den ostiralean izan zuen isuria eta egoera larrian izan da ordutik ospitalean, gaur azken hatsa hartu duen arte. 39 urte zituen Joxemiel Bidadorrek.
Joxemiel Bidador idazle, euskara irakasle eta hizkuntzalaria izateaz gain, dantzari eta dantza ikertzaile garrantzitsua izan da. Dantzaren alorrean "Dantzaren erreforma Euskal Herrian" izan da haren lanik sendoena, baina horrez gain hamaika artikulu eta lanen egilea izan da. Azken aldian, Dantzariak aldizkariaren koordinazio lanetaz arduratzen zen. Iruñeko Duguna dantza taldearekin eta Iruñeko San Lorenzoko dantzariekin aritu da dantzan besteak beste.
Dantza ikertzailea
1970. urtean jaio zen Bidador Iruñean. Euskal Filologian lizentziatu zen eta euskara irakasle aritu zen lehen urteotan. Ondoren euskara eta literatura irakasle lanetan aritu da bigarren hezkuntzan. Idoia bikotearekin bi alaba zituen.
Dantzari kontuetan Duguna dantza taldean jardun zuen 10 urtez. Tarte batean zuzendari lanak bete zituen taldean. San Lorentzoko dantza taldearekin harreman handia izan zuen, eta azken urteotan batez ere talde honekin aritu da dantzan.
Gaztetatik nabarmendu zen Bidador dantza ikertzaile lanetan. 1993an, hogeitairu urterekin sinatu zuen dantzaren inguruko lehen ikerketa lan garrantzitsua, Cuadernos de Etnologia y Etnografia Navarra aldizkarian argitaratu zen "Materiales para una bibliografia sobre danza vasca". Gaur egun ere oso gida baliagarria da bibliografia hori euskal dantzaren inguruko ikerketak egiteko. Aldizkari horretan bertan argitaratu zituen ondoko urteetan bere zenbait lan, hain zuzen ere bere ikerketa mamitsuenen norabidea erakutsiko zutenak. Izan ere, eliz-gizonek dantzaren inguruan esandakoek toki asko hartu izan baitute bere lanetan.
Dantzaz gain, literatura eta hizkuntzalaritza lanak jorratu ditu Joxemiel Bidadorrek, eta azken urteotan Euskaltzaindiarentzat hainbat txosten egiten aritu da.
Dantza lan nagusiak
Zalantzarik gabe "Dantzaren erreforma Euskal Herrian" izan da Joxemiel Bidador-ek utzi digun lan mardulena. Miguel de Unamuno saiakera saria jaso zuen lan horrek 2005ean. XVI-XX. mende bitartean Euskal Herrian dantzaren inguruan elizgizonek esandakoen bilketa eta analisi lan zabala da lan hori.
Horrez gain aipatzekoa da "Calendario de fiestas y danzas tradicionales en el País Vasco" lanean bera arduratu zela Nafarroako dantzen berri emateaz. Lan hori egiteko Nafarroako dantzen behaketa zehatza egin zuen 2000. urtean zehar eta horren berri emanez hitzaldi interesgarriak eskaini zituen.
Ikerketaz gain dibulgazioa ere jorratu zuen Bidadorrek. 2000-2002 urte bitartean Diario de Noticias de Navarra egunkarian dantzaren inguruko kolaborazio sorta mamitsu bat argitaratu zuen. Iruñeko San Lorenzoko dantzarien talde sorrera eta plazaratzean parte hartu zuen, eta haren berri emanez artikulu interesgarria argitaratu zuen Txistulari aldizkarian.
2005. urtean, Nafarroako Dantzarien Biltzarrak antolatuta, bi hitzaldi eskaini zituen dantza taldeetako kideentzat Iruñean. Batetik, dantza taldeetako liburutegiaren inguruko hitzaldia eskaini zuen. Bestetik, Dantzaren erreforma Euskal Herrian lanaren sintesia egin zuen eta haren kronika irakur daiteke Iruñeko ferietan blogean. Azken urteotan, Euskal Dantzarien Biltzarraren "Dantzariak" aldizkariaren koordinazio lanak bere gain hartu zituen, eta berak gidatuta eta bere artikulu batzuekin argitaratu da 55. zenbakia.
Literatura eta filologia lanak
Dantzaz gain literatura eta filologia lanak egin ditu Joxemiel Bidadorrek bere ibilbidean. Euskal Idazleen Elkarteko kidea zen, eta euskal idazle klasikoeen inguruko hainbat artikulu idatzi zituen Euskaldunon Egunkarian, Nafarkaria gehigarrian hain zuzen ere. Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarian, edo Eusko Ikaskuntzaren Fontes Linguae Vasconum eta RIEV aldizkarietan argitaratu izan ditu zientzia lanak. Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra (2004) lana izan du arlo honetako emaitzarik mardulena. Euskal Idazleen Elkartearen webgunean bere fitxan ikus daiteke egindako lanen zerrenda.
Azken agurra martxoaren 3an, asteazkenean, arratsaldeko 16:30ean, Baternainen egingo zaio, eta martxoaren 4an, ostegunean, omenaldi zibila egingo zaio.
Bibliografia (dantza alorrekoak)
1993. "Pedro Antonio Añibarro Aitaren Misionari euscalduna liburuan dantzei buruz dakartzan 66. eta 67. dotrinak bere adibideekin", Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 61. zk., 13-40 orr.
1993. "Materiales para una bibliografía sobre danza vasca", Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 62. zk., 65-114 orr.
1995. "Arte koreografikoaren semiotika baterako", Egan, 50. zk., 45-60 orr.
1996. "Un edicto contra las danzas del obispo de Pamplona Juan Lorenzo Irigoyen Dutari (1769)", Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 67. zk., 13-18 orr.
1997. "El dominico Antonio Garcés a su paso por Euskal Herria y su opinión sobre la danza", Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra n, 69. zk., 25-35 orr.
1998. "Azpiazu y su descripción de las diversiones públicas de Guipúzcoa (1858)", Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra , 72. zk., 285-306 orr.
1999. "Las danzas de San Lorenzo de Pamplona", Txistulari, 180. zk., 9-13 orr.
2004. Fdez. de Larrinoa (editor) eta beste autore batzuekin: Calendario de fiestas y danzas tradicionales en el País Vasco, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz.
2005. Dantzaren erreforma Euskal Herrian, Bilboko Udala, Bilbo.
2006. "Bibliografia sobre danza vasca: la biblioteca básica del grupo", Dantzariak, 53, Euskal Dantzarien Biltzarra, Bilbo.
2009. "El Corpus Christi pamplones". Dantzariak, 55, Euskal Dantzarien Biltzarra, Bilbo.
Artikuluak prentsan
- Maskadeer buruzko bi ele, Zintzhilik, 6, 1991/03/01
- Danza tradicional y norte espiritual, Diario de Noticias, 2000/09/17
- Ligeras reflexiones en torno al carnaval, Diario de Noticias, 2000/09/17
- La prohibición de bailar, Diario de Noticias, 2001/02/11
- Lauetan erdizka!, Diario de Noticias, 2001/04/21
- De mayos y mayas, Diario de Noticias, 2001/05/13
- Los paloteados de Navarra, Diario de Noticias, 2001/06/17
- La danza folklórica en Navarra, Diario de Noticias, 2001/10/14
- Los obispos y las danzas, Diario de Noticias, 2002/02/10
- Esteban Frauca y su 'Plato del día'. Diario de Noticias, 2002/02/18
- La Fiesta Vasca de Villanueva de Arakil, Diario de Noticias, 2002/09/22
Bidador-en heriotzaren oihartzuna
- Sustatu: Joxemiel Bidador hil da
- Berria: "Joxemiel Bidador idazle eta ikertzailea hil da"
- Gara: "Joxemiel Bidador dantzari, ikertzaile eta idazlea hil da"
- Euskalerria Irratia: Joxemiel Bidador joan zaigu, gure arteko bat
- Nabarreria: "Joxemiel Bidador zendu da"
- Duguna: Agur Joxemiel!
- Oberena: "Bidador zendu da"
- Argia: Joxemiel Bidador idazlea hil da
- Noticias de Navarra: Fallece a los 39 años el filólogo, profesor e investigador Joxemiel Bidador
- eitb.com: Joxemiel Bidador dantza ikertzailea hil da
- Pamiela: Joxemiel Bidador dantzari, ikertzaile eta idazlea hil da
- Nafardantza: Joxemiel Bidador hil da
- Nafardantza: Joxemi: lagun bati eskutitza
- Euskofilia: Adio Joxemi
- Berria: Fito Rodriguez: Aio, jakintsu eta leial hori
- Noticias de Navarra: Emocionante despedida civil a Josemiel Bidador
- Berria: Kultur adar orok agurtu du Bidador
- Youtube-pamiela: Jose Angel Irigarairen hitzak
Blog bat zabaldu dute Joxemiel-i buruzko oroitzapenak eta agur-mezuak bilduz:
Zaldieroak Bidadorri eskaini dio martxoaren 4an Berrian argitaratu duen zinta:
Asisko Urmenetak ere eskaini dio biñeta Argian:


Erantzunak
Doluminak
Kolpe latza
gurekin beti
ikasle ohia
Gizon handia
Ohartxoa
zuzenduta