Itsasuko 2007-ko kabalkadaz bi solas
garrantzitsuenetarik bat, bat sujetaren alde plantatzen zela eta bertzea
kontra, betiko dialektikan. XIX. mendean, Otxalde batek bere larderia behin
beino gehiagotan erakutsi zuen kari horretarat. Auziaz gain, dantzak bazuen
ikaragarriko garrantzia, dantzari kategoria desberdinekin : bolantak,
kaxkarotak, basandereak, andere xuriak. Gisa hortako kabalkadak atxemaiten ziren
Errobi harane guzian, Garazitik Senpereraino, guti edo aski ezaugarri
berdintsuekin. Itsasun, artxiboen arabera, tobera mustrak izan ziren 1849an,
1859an, 1865an, 1876an, 1883an, 1889an (azkenean auzapezak debekatuak). Bertze
bakarren bat izan zitaken 1914 gerla aintzin, argazki xoil bat dugula lekuko. XX
mende hastapenean, Georges Hérelle ikerleak berexten zituen Errobi aldeko eredu
hori (“parades charivariques”) eta
Xiberu eta Amikuzeko antzerki satirikoa (“farces
charivariques”).
Gizartea aldatu arau, ohidurak ere aldatzen dira.
Bigarren gerlatik landa, lehenagoko gaiekilako tobera-mustrarik etzen gehiago
egin. Diotenez, Irisarrin 1937an iragan ziren moda xaharreko azken tobera
mustrak. Lapurdi barnekaldean, 1920-25 Hazparneko auzo batean gazteriak muntatu
zuten zerbeit hor plantatu ziren Ingles bikote baten eskarniatzeko. Egiazko
gaiekilakoak guti edo aski 1914ko gerlarekin batera utzi zituzten beren gisara.
Gauazko toberek eta berdurek aise berantago iraun zuten, eta XX. mendearen
bigarren partean badira han eta hemen hanitz lekukotasun. Itsasun bigarren
gerla denboran izan ziren gauazko azken toberak, frango bortitzak gainerat. Garazi
aldean bi gerlen artean hedatu zen usaia berri bat, hau da gairik gabeko
kabalkadak egitea, dantzaren inguruan. Faustin Bentaberry soinulari eta dantza
maisuaren eraginez azkartuz joan ziren kabalkadak eskualde hortan. Zenbeit
herritan gaur egun oraino urtero egiten dira gisa hortako ospakizunak (Arnegi,
Uharte Garazi, Izpura, Luzaide, Baigorri,...). Baigorrin segitu zuten ere
tobera-mustra egiten noizbehinka gerlatik landa, kabalkada xoilez gain. Antton
Luku idazleak eta antzezleak hurbiletik aztertu du baxenabartar toberen ixtorio
hori. Lapurdiri dagokionez, Luhuso eta Makean 1950 urteetatik aintzina berriz
hasi ziren kabalkada emaiten, alegiazko gaiekin (Ganix kontrabandixtaren
ixtorioa Makean) bainan aintzinagoko joko guziekin: dantza, auzi, zirtzil,
zaldizko, huxer,... Formak irauten zuen, bai eta herriko pesta giroa. 1980 arte
eman zituzten holako kabalkadak Makean.
1970 urteetan abertzalek proposatu zuten toberen
irakurketa politiko berri bat. Europa guzian antzerkiaren formak erreberritzen
ari ziren, antzerkia mezu politiko batzuen plazaratzeko tresna bezala baliatuz.
Irakurketa hortan, toberak baliatu behar ziren tokiko boteren ordenuaren
zalantzan ezartzeko eta ez ordenu horren indartzeko. Iholdin 1974-an aintzira
egitasmo baten aurka egin zituzten moda berriko tobera horiek, eta ikaragarriko
tentsioneak sortu ziren (ikus Hélène Etchecopar-Etchart-en lana). Erranahi
politiko berri horiek arrabultzatu eta gaurkotu zituen toberak (Eiheralarren,
1988an, Baigorrin 1976an, Amikuzen 1991an, bertzeak bertze).
Lapurdi barnekaldean, 1990 urteetan abiatu zuten
gogoeta bat lehenagoko kabalkaden inguruan. Itsasun (1992, 1994, 1997, 2001,
2007), Lekornen (1995, 1996), Luhuson (2002) edo baxenabartar auzoa den Heletan
(2003), hautsi-mautsi bat nahi izan zuten atxeman : herriko arazoak aipatu,
bainan ez baitezpada salaketa bortitz baten bidez, ikusiz gainera herritar
guziek parte hartzen zutela, beraz behar zirela tendentzia guziak hein batean bildu.
Helburu hori garrantzitsua zen, bereziki Itsasu bezala 1980 hamarkadan
politikoki frango inharrosiak izan zen herri batean. Eztiegi batzuentzat,
bortitzegi bertzentzat:
bixtan da kari horietarat antzezten zirenak etzirela
denen gostukoak. Bainan, bederen, herriaren kezkak plazaratuak ziren, eta
eztabaida sortzen zuten. Egia erran, lapurtar adibide horiek barnetik bizi izan
dituenak erran dezake toberen gaia etzela behar bada gauzarik garrantzitsuena
gertakizun horietan. Parte hartzailentzat, herriaren elkartasuna zen lehen helburua.
Dantzak, bereziki, ikaragarriko garrantzia hartu zuen. Dantza jauzier beren
lehenagoko ospea nahi izan zuten eman kabalkada horietan. Itsasun, adibidez, 2007an,
bi dantza-jauzi luze eta bihurriak gogoz eman zituzten, 1914 aintzineko jauzi
zoin-gehiagokaren izpiritua berriz atxemaiteko xedearekin. Bururatzeko, azpimarra
nezake tobera mustra edo kabalkadaren erran nahi ezkutuak badirela oraino
argitzekoak direnak. Zergaitik da huxerra hiltzen eta arrapizten, Xiberoko maskaradako
Pitxu bezala? Zer da andere xuri eta basandere-n erran nahi sinbolikoa? Zer
zen zirtzilen lekua? Eta bertze hainbat galdera. Badira bixtan dena eskola
bezenbat hipotesi, bainan ez gira hortan sartuko hemen. Gauden beraz ondoko
ikerketen beha mixterio horien xilatzeko.
Erreferentziak:
Etchecopar-Etchart H., Théâtres basques, une
histoire du théâtre populaire en marche, Bayonne, Gatuzain, 2001.
Itzaina X., « Tobera-mustrak Lapurdi barnekaldean », Sukil, cuadernos de cultura tradicional (Iruña-Pamplona), 2, Iruña-Pamplona, 1998, p. 2-18.
Itzaina X., « Sanction morale, fête et politique : le charivari à Itxassou au XIXe siècle », Revue d'Histoire de Bayonne, du Pays-Basque et du Bas-Adour, 151, 1996, p. 435-450.

