Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantzari beteranoen taldeak, dantzaz gozatzen jarraitzeko aukerak

Dokumentuaren akzioak

Dantzari beteranoen taldeak, dantzaz gozatzen jarraitzeko aukerak

2013/02/13 11:42
Orain egun batzuk irakurri dugu Oberena dantza taldean dantzari ohien taldea sortu dela. Azken urteotan talde askotan sortu dira dantzari-beteranoen eta dantzari ohien taldeak, eta goranzko joera duen fenomeno bat dela dirudi.

Urtez urte indartzen doa dantzari beteranoen mugimendua. Hasieran dantzari ohi bezala ezagutarazten hasi ziren, baina izendapen horrek zalantzak sortzen ditu. "Dantzari ohien taldea" esaten denean pentsa liteke dagoeneko dantzarik egiten ez duten lagunak direla, baina ez da hori. Gehienetan, sasoi batean dantzan aritu ziren eta gero utzi egin zuten dantza taldearen dinamika eta horregatik dantzari ohi sentitzen dira. Baina, horietako askok inoiz ez diote utzi dantzari izateari, ahal izan duten unean, umeen aitzakian, parrandan edo plazako dantzaldietan jarraitu baitute dantzan. Eta orain, berriz ere, beraiek moduko dantzazale taldea berrantolatu eta dantzan hasi direnean, ezin ba esan dantzari ohi direnik. Horren aurrean, gero eta zabalduagoa da dantzari beteranoak izendapena.

Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarrak mugimendu horren interesa antzeman eta bere babesa eskaini zion, eta horrela Gure Dantzak izeneko jaialdia antolatzen dute urtero. Nafarroan hainbat taldek dute beteranoen azpi-taldea, eta beste talde batzuk adinean aurrera joan dira erreleborik gabe, eta naturalki ikusi dute beren buruan multzo berrian. Ezagutzera eman den azkena Oberena dantza taldeak sortu duena da.

Adinean aurrera joan ahala dantza uzteko joerari aurre egiten ari zaio modu honetan, eta ez da kontu berria Helduen dantza eta dantzaren heldutasuna artikuluan ikusi ahal izan genuen moduan. Gazteek eta helduek desberdin dantzatu dezakete, baina dantza ez da gazteen patrimonioa esklusiboa, eta gainera, gazteek asko, edo ia dena dute ikasteko adineko dantzariengatik.

2013/02/13 12:10
Askotan entzun izan dut, dantzari gazteok, hain zuzen gure ikasketa prozesuaren amaierara heltzean eta benetan dantzaz gozatzen hasten ahal garenean uzten diogula gure dantzari ibilbideari, 25 eta 30 urteko bitarte horretan. Gure taldean horrela gertatu izan da denbora luzez. Azkenaldian, aldiz, gauza bat edo beste, adin bateko dantzariak biltzen ari zaizkigu berriz ere dantzara. San Lorenzoko danzanteetan ari direlako batzuk, Ezpata-dantzara bildu zaizkigulako beste multzo majo bat... taldearen zenbait ohiko emanaldietan ere gurekin aritu izan dira eta hori, edonondik begiratuta ere aberastasun bat da niretako. Dantzatzeko soltura, grazia eta bestetik, taldean beharrezko denerako esperientzia eta lanerako gogo desinteresatua! Baloratzen eta estimatzen jakin beharreko zerbait, zalantzarik gabe!
2013/02/13 19:36
Oso oso garrantzitsua kontu hau.
neu behintzat aspertuta nago -ez al duk erretiratzeko asmorik? bezalako galderei erantzun beharraz. Zenbait dantza-giro edo dantza-taldeetan (ez guztietan zorionez)ohikoa izan den gaztetan dantza egiteari uztearen dinamika honek kalte handia egin dio gure mundu honi. Nire ustez deskapitalizatze izugarria eraginez.

Zorionez honi ere badatorkio buelta, eta ziur igarriko diogula! Europa guztian ikusten den irudia adin guztietako partaidez osatutako dantza taldeak dira, eta alde honetatik normalizatu beharrean gaude.

Eta nire ustez, beterano edo ohi bezalako adjetiboak soberan leudeke. Nolabait ere, gutxiesle baitira. Eta kontrakoa beharko luke.
2013/02/13 19:48
Bidebatez, gure inguruko bi adibide gehiago:
- Ordiziako Amets-bide talde berrantolatua: http://www.dantzan.com/albi[…]ritua?searchterm=amets+bide
- Ordiziako dantzari txikien eguna, Handien eguna bihurtua:
http://www.dantzan.com/[…]/ordizian-dantzariak-handitu-egin-gara
- Idiazabalgo "dantzari ohiek" eta gurasoek martxan jarritako dantza-soka, agintariekin batera:
http://vimeo.com/59054878#
2013/02/14 10:13
Hori da Mikel! Dantzariak eta kitto! Beterano erabiltzeak badirudi adierazten duela dantzariaren adinak 15-30 bitartekoa behar duela, eta hortik aurrera beste izendapen bat eskatzen duela. Eta hori hankasartze galanta da, dantza taldeoi izugarrizko kaltea eragin diguna gainera.

Niretzat erreferente diren dantzari gehienek 40 urtetik gora dituzte, eta ez dira beteranoak ez dantzari ohiak, dantzariak dira. Dantzariak, ardo onak bezala, urteekin ontzen dira!
2013/02/15 12:40
Ordun dantzari erreserbak izan beharko Oier. Mikelekin era bat ados. Dantzariak.
2013/02/20 13:41
Dantzariak izanen dira, bai. Dena den, talde beraren baitan hainbat talde sortzen direlarik adjektibo bat jartzea normala dela iduritzen zait. Gure dantza taldearen kasuan, dantzari ohien taldea deitu diogu, sortu zuenak horrela deitu zuelakoz, ez beste arrazoirengatik. Bestalde, dantzari tikien taldea, ertainen taldea (hori gutxiago erabiltzen badugu ere) eta nagusien taldea ere bereizten ditugu, baita gurasoena ere (nahiz eta hauena ikastaro bat baizik ez den).

Berez denak dira dantzari, noski, nire ikasleak ere ez dira ni baino gutxiago, dantzariak dira. Baina talde barnean banaketa horiek egin behar direlarik talde bakoitzari beti paratu beharko diogu adjektiboa.
2013/02/21 11:33
Ni ez naiz besteen etxean sartuko, eta pentsatzen dut besteak ere ez direla horretan ari. Bakoitzak nahi dituen izenak erabiliko ditu, falta zena. Baina kontua da hitz elkarketa batean "ohi" bigarren osagai hori gehituta, dagoeneko jarduera bat egiten ez duena ari garela izendatzen (intentzioa hori izan ala ez). Beraz, dantzari direla aitortzen dugu, baina izenean ez-dantzari deitzen ditugu eta hor inkoherentzia bat dago. Horregatik egokiago joko nuke zahar, beterano edo holako zerbait.
2013/02/21 14:49
Azpi-taldeak nolabait izendatu beharra izanez gero ballet konpainiek darabilten izendatze sistema aprobetxa liteke, nahi bada. Adibidez, Nederlands Dans Theater ospetsuak hiru talde ditu: NDT1, NDT2 (gazteak 17-22) eta NDT3 (+40). Dena den, nire esperientzian +40ekoak eta 16-17koak elkarrekin aritzea, eta denak "dantzariak" izatea, abizenik gabe, irakazpen bikain eta abersagarria.
2013/02/22 12:13
Arrazoi duzu Aritz, contradictio in terminis kasu baten aurrean gaude. Ni ere ados nago, baterano edo zahar egokiagoa da. Gure kasuan, imajinatzen dut pentsatu ere ez zutela eginen dantzari ohien taldea (izen horrekin) sortu zutelarik.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.