Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Inozoarena egiten

Dokumentuaren akzioak

Inozoarena egiten

2009/12/31 15:35

Inozo hutsa naiz. Krisi hotsak zirela eta kultura babestu beharra aldarrikatzen hasi zirenean pentsatu nuen dantzari ez ziola askorik eragingo murrizketa aroak. Gutxi duenari nekez kenduko baitzaio asko. Inuzentea ni. Horrenbeste urte, bilera, proposamen, txosten, porrot eta lorpen txikien ondoren, erakundeek dantza sustatzeko emandako urrats nimiño batzuk antzematen hasi garenean, danba, krisia etorri dela eta atzeraka bi urrats bakarra emandako tokian. EAEko gobernuak dantza sustatzeko plana onartu berritan etorri dira krisia eta gobernu aldaketa. Aurreko gobernuak estrategikotzat jo ondoren hozkailuan sartu zuen plana, eta hor egon da, ondo konserbatuta bai, ia-ia izoztuta esango nuke. Etorri da berria, identitate kontuak ahaztu eta normaltasuna ekarri behar diguna, eta ez omen zaio aurrekoen plana gustatzen. Lau urte Dantza-etxeak, dokumentazio zentroa, dantza ikasketak, eta abarretaz hitzegiten eta alper alperrik. Hemen dugu normaltasuna berriz ere, alegia, erakundeei dantza piperrik ere interesatzen ez zaien egoera.

 

Egin dut negar, beste behin ere, eta orain egin dezagun inozoarena, eta kontatu ditzagun 2009ak utzitako une gogoangarriak eta erre ditzagun sutan belar txarrak, solstizio aldaketari dagokion moduan. Gipuzkoako Foru Aldundiak Dantzagunea jarri du martxan Donostian. Dantzaren aldeko apustu garrantzitsua da eta espero dugu 2010ean hasiko garelako ikusten ekimen horren lehen fruituak. Artelekun abiatu da Dantzagunea, eta han dute egoitza dagoeneko Dantzaz eta Ertza konpainiek. Espero dugu hemendik aurrera dantza jardueren sustapen eta koordinazio lanetarako errefererentziazko gunea bihurtuko Dantzagunea. Horrekin lotuta bideratu du Diputazioak Dantzan Ikasi, dantza tradizionalean formakuntzan eragiteko helburua duen programa.

 

Luzatzen ari bada ere, badirudi Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola egitate bat izango dela datozen hilabeteotan. Gutxi jakinarazi da oraingoz eskola horrek izango duen mamiaz, baina badirudi gutxienez dantza klasikoa eta garaikidea ikasi ahal izango direla bertan, antzerkiarekin batera. Dantzak eta Antzerkiak badute horrelako eskola baten beharra, baina ez dadila horretan geratu, eta izan dadila ikerketa, pentsamendua eta dibulgaziorako akuilu baita ere.

 

2009aren hondar hilabetean urteurren berezi bat ospatu dugu. Juan Antonio Urbeltz eta Argia dantzari taldeak 40 urteko ibilbidea borobildu dute Axuri-beltza ikuskizunarekin. Ziur aski beste berrogei urte beharko ditugu Argiak euskal dantzari ekarri dion guztia barneratu eta liseritzeko.


Argia Urtekaria, 2009-12-31

aritz
2010/01/07 19:42
Pasako dira, eta guk hemen jarraituko dugu!
Pazientzia...
Patxi M.
2010/01/09 23:13

Ez. Alperrik ez. Egindakoa, hor dago. Batzutan haziak urteak behar ditu ernaltzeko, baina hazia, ereinda dago.

Eta egindako lana, handia da. Asko da. Ari gara. Batez ere ari zarete batzuek, eta besteok atzean gaude, bultzatzen, bizkarra zaintzen, retaguardian.

EKARPEN BAT: ikuspegia aldatzea estrategikoki interesgarria izan daiteke, esperantzak eta porrotak hainbeste ez magnifikatzeko.

Ideia batzuk:

  • Bide hau ez da gaur hasi. Atzetik dator. Urteetako bidea da. Eta ez da gaur amaitu. Jarraituko du. Bihar ere, gaur bezala, egunak argituko du, eta lanean jarraitu ahal izango dugu.
  • Gizakumearen arrakasta ez da inoiz ez jaustea. Zazpi aldiz jausita (bizilegezkoa denez), zortzi aldiz altxatzea baizik.
  • Beste modu batera esanda: "Lepoan hartu, eta segi aurrera" (zaharrak berri)
  • Gure misioa ez dadila izan 'jarritako helburuak lortzea'. Ze, beharbada, ez dira lortuko; beharbada jausi egingo dira, edo aldatu, edo atzeratu, edo... Eta horrek dakar presa, eta frustrazioa. Izan gaitezen zentzudunak eta errealistak: bizia ez dator beti guk planeatutako eran.
  • Baina bai egin dezakegu, egunero, arrakastaz, eta ERANTZUNKIZUNEZ, beste zerbait, misio xumeagoa, baina oinarrizkoa: baldintzak sortzea. Gure helburuetarako bidean, gaur, egun bakoitzean, baldintzak sortzea. Ze sentimendu aldaketa sortzen du horrek gure barruan eta inguruan? Satisfakzioa (gaur ere baldintzak sortu ditugulako, eta ari garelako), segurtsauna, sendotasuna, lasaitasuna. Eta hori, kanpoan, antzeman egiten da. Es ke, bestela, zuk azaldu duzun moduan, biktimen papera hartzen dugu. Eta hortik ez goaz inora. Horrekin, galduta gaude.
  • Jakina, jarrera horrek beste bide lagun bat behar du: pazientzia. Presa, ez da bidelagun egokia.
  • Azkenik, akaso beharrezko ikasgaia dugu erakundeei hain begira ez egotea (Bizitza profesional ia osoa erakundeen baitan edo erakundeentzat lanean jardun izanaren esperientziatik diot hau). Administrazio publikoarekiko menpekotasuna arriskutsua da oso. "Dagoenean, bon-bon; ez dagoenean, hor konpon". Administrazioetatik haratago, badago mundurik, badago bizirik. Administrazioekin elkarlana beharrezkoa eta zinez komenigarria da, jakina, baina menpekotasuna arintzeko eta autonomia sendotzeko bideak bilatzea, merezi duen lana da. Prest nauzu!

 

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Oier Araolaza

Dantzaria naiz. Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere. Dantzan egin eta dantzari buruz aritzea gustatzen zait, eta dantzan.com-eko editorea naiz.

Dantzaz eta komunikazioaz aritzen naiz batez ere. Dantza tradizionalaren mundua bizi dut batipat, eta horren inguruko gaiak interesez jarraitzen ditut, baina dantza oro har da plazerra niretzat, bai dantzari bai ikusle moduan. 

Twitter-en
Facebook-en

Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!