Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Hiru hilabete bakarrik izango dira

Hiru hilabete bakarrik izango dira

2012/05/30 16:29
Lauregoi urtetik gora dituzte, baina badakite ez diotela inoiz ume izateari utziko. Kartoizko hexagono bat jarri zieten paparrean zenbaki batekin eta destinoarekin: "Expedición a Inglaterra". 1937ko maiatzaren 21 malapartatu hartan haurtzaroa izoztu zitzaien; betiko ume, gerrako ume bihurtu ziren.

800 bidaiari hartzeko prestauta zegoen itsasontzian 4000 lagun sartu zituzten. 3840 ume, 80 andereño, 120 laguntzaile, 15 apaiz eta 2 sendagile. Itsasoa oldartu zitzaien Bizkaiko Golkoan, eta zorabiatuta botaka hasi ziren umeak. Lurrean kiribildu, begiak itxi eta negar-zotinka pasa zuten gaba. Tarteka txistulariak jartzen zituen dantzan, kantuan egiten zuten eta Santurtziko portuan amarengandik entzundako hitzak errepikatzen zituzten beren kolkorako: "Hiru hilabete bakarrik izango dira, hiru hilabete bakarrik izango dira".

Sei hilabete pasata itzuli zen lehen multzoa. Bi urteren buruan etxean ziren asko, baina 400 umek  Ingalaterran segitzen zuten. Gurasoak hilda batzuk, kartzelan besteak, non jakin ez zenbaitek... ez zeukaten nora itzuli. Tantoka-tantoka itzultzen edo gehiago urruntzen joan ziren, eta azkenerako 250 ume geratu ziren Britainia Handian. Hirurogei eta hamabost urte beranduago, 25 inguru bizi dira, eta horietako batzuk ezagutu ditugu Southampton-en, Habana barkuak porturatu zituen hiri berean.

Mikrofono aurrean galderei erantzuteaz gogaituta antzeman ditugu, baina kamerak itzaltzean inoiz kontatu gabekoak kontatzeko prest, irriparre bihurriarekin batzuetan, emozioz totelka bestetan. Harrigarria bada ere, seme-alaba eta biloba askok ez dute oraintsu arte jakin gurasoak gerrako umeak zituztenik. The Basque Children UK'37 elkartea 2002an sortu zen. Ordurarte, 65 urtez, ezkutuan gorde zuten beren jatorrizko pekatua: gerrako umeak izatea.

Seme-alabek eta bilobek besotik lagunduta etorri dira. Kartoizko hexagonoa eta beren zenbakia daramate paparrean orain ere. Txistularia zortziko bat jotzen hasi da eta piztu egin dira haien aurpegiak. Dantzan hasi eta gure onena eman dugu, barruak hustu ditugu. Besarkatu gaituzte eskerrak emanez. Ez dago asko esateko. Dantzan adierazi diegu guk esan nahi geniena. Begiekin erantzun digute beraiek. 75 urtetan zehar zenbat aldiz errepikatuko zioten beren kolkoari amak Santurtziko portuan esandako hitzak. Hiru hilabete bakarrik izango dira.

Argia, 2012-05-27.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Oier Araolaza

Dantzaria naiz. Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere. Dantzan egin eta dantzari buruz aritzea gustatzen zait, eta dantzan.com-eko editorea naiz.

Dantzaz eta komunikazioaz aritzen naiz batez ere. Dantza tradizionalaren mundua bizi dut batipat, eta horren inguruko gaiak interesez jarraitzen ditut, baina dantza oro har da plazerra niretzat, bai dantzari bai ikusle moduan. 

Twitter-en
Facebook-en

Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!