Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Halloween euskal festa bat da (III): Kalabaza hustutzen

Dokumentuaren akzioak

Halloween euskal festa bat da (III): Kalabaza hustutzen

2009/11/09 16:05


Pasa den asteko etakittorako zutabea egiteko orain bi urteko blogeko sarrera reziklatu nuen. Igandean blogera igo nuen. Sustatun aipatu zuten eta hortik han eta hemen atera da kontua, adibidez ElgoiBarren-en. Radio Euskaditik deitu zidaten eta Graffitin aritu nintzen horretaz.

Orain badirudi Halloween aditu bat egin nagoela, baina... egia esan, ezer gutxi dakit nik Halloween-i buruz. Hori bai, gero eta garbiago dut nortasun gutxiko kaskarin batzuk garela. Eta badaezpada inor ez dadin izenburu sentsazionalisten sarean erori: Ez, ez dut uste Ameriketako Halloween horren jatorria euskalduna denik. Ziur aski irlandarra da eta Ameriketara joandako irlandarren komunitateak hedatu zuen AEBtan barrena.

Baina atentzioa deitzeko modu bat izan da. Geure kulturan atzorarte ospatu dugun festa bat, alboratu, ahaztu, eta orain estatubatuetatik datorrela pentsatuta berriz ere nolako indarrarekin heldu diogun ikusita, zer nolako txepelak garen oihu egiteko modu bat izan da.

Arimen egunaren berri entzuteaz zenbaiti harridura gehien eragiten dion gauzetako bat hemen ere kalabazak hustutzen zirela da. Nik orain arte bilketa etnografikoetan bakarrik irakurrita nuen hori, baina gaia atera denean nahiko hurbileko testigantzak agertzen hasi zaizkit. Euskal Herriko "Halloween" tradizionalari buruz agertu zaizkidan testingantza blogean bertan jasotzea komeni dela pentsatu dut. Horra:

  • Toribio Etxebarria (Eibar, 1887): “Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia.” Orotariko Euskal Hiztegia
  • Juan Jose Araolaza (Zizurkil, 1943). Mutil koskorra zela Zizurkilen ezagutu zuen Arimen Egunaren inguruko festa. Kalabazak hustu, begi eta ahorako zuloak egin eta kandelak jartzen zizkioten barruan. Ilunpetan irudi ikaragarria eragiten omen zuen.
  • Joakina (Oiartzun). Joakina gogoratzen da kalabazu hustu, zuloak egin eta kandela barruan jartzen iotela, jendea beldurtzeko. Oiartzuarren baitan.
  • Herminia Lazpita (Berriz). "Gabean edo iluntzean ipinten zan kalabazea, begiak eta ahoa egin, barruan kandelea sartu isiotuta, kanpatorrean. Kalabazea hustu egiten zan, zuloa egin azpitik, haziak-eta kendu, eta gero ipinten jakon kandelea barruan eta begiak eta ahoa aterata ipinten jakozan, zein da buru baten formea. Eta sartzen jakon kandelea erdian, eta hareek begietatik eta surretik-eta, argia ikusi egiten zan. Ganera orduan ez egoan argirik kaleetan, dana ilunetan. Eta ha ba, izentazinoa kalaberearena izango zan, nik pentsau, gazteak gintzazan eta, baina hortxe ipinten zan kalaberearen..." ("Antxinako Berriz", Labayru-ren hustuketa).
  • Mutrikuko adinekoek. "Santu Guztien inguruko gauren batetan (...) herriko gaztetxoak alde batetik bestera ibiltzen omen ziren jendea beldurtzen. Egun batzuk lehenago inguruko baratzetan kalabazak lapurtzen zituzten, gero hustu eta barruan kandelak sartzeko. Kalabazak atarietan-eta jartzen zituzten. Kanta bat ere bazen horren inguruan: «Xesteron kontra, animen alde...» (Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena zen). XX. mende hasierako urtetan egiten zela behintzat badakigu."(Argia aldizkarian jasoa). 
  • Arabako Errioxan. "Nire amak txikitan kalabazak hartu, hustu eta kandela bat sartuta bihurrikeriak egiten zituzten herrian. Nnire herria arabako Errioxan dago, eta tradizioa belaunaldi horretan galdu zen (duela 55 bat urte)." (Sapik erantzun batean utzitakoa).

 

Inork etxean horrelako konturik entzun badu utzi erantzun bat eta joango gara zerrenda osatzen.

aritz
2009/11/26 09:57
Jo,

Oriantxe laneko bideo batzuk begiratzen... Ultzamako Eltzaburun ete kalabazak hustu, aurpegia egin eta kandela sartzen zuten barruan, gauez dir-dir egin zezan. Baina hara! Ez arimen egunean Errege bezperan baizik.
Baztango Haizegoa
2011/11/01 21:26
Nik Baztanen ahalakorik ez dut inñoiz enzun baina zuk erraten duzun bezala nik ere, ez dut uste Ameriketako Halloween horren jatorria euskalduna denik ( jatorria europarra da irlandarra, Celtiarren jatorrizko festan gau beltz hauetan hildakoen munduko ateak irekitzen zela siñesten zuten) baña bai jatorri berdintsua izatea, zeren azkenik gizakia gaitz, beldur, sentimendu, penak... berberak izan ditu..
Argia, kultur guztietan (gauan ikustea uzten digulakoz) horren aurkako ikurra izan da eta (uste dut nik) kalabaza  (kalabaz biltzearen garaian udazkenan denez), material aproposa izanen zela argi, (kultur batzutan uxatzeko bertze batzutan bidea erakusteko edo etxera bueltatzeko) hori kontzeko, eta zihur nago Amerikarren jatorrizko ohitura hori (ez gaur egungoa, zeren festa haunitz bezala soilik konsumitzeko festak dira) gurea izan zela baita ere.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Oier Araolaza

Dantzaria naiz. Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere. Dantzan egin eta dantzari buruz aritzea gustatzen zait, eta dantzan.com-eko editorea naiz.

Dantzaz eta komunikazioaz aritzen naiz batez ere. Dantza tradizionalaren mundua bizi dut batipat, eta horren inguruko gaiak interesez jarraitzen ditut, baina dantza oro har da plazerra niretzat, bai dantzari bai ikusle moduan. 

Twitter-en
Facebook-en

Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!