Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Axuri beltza eta Mutrikuko Gaba Beltza

Dokumentuaren akzioak

Axuri beltza eta Mutrikuko Gaba Beltza

2007/10/30 11:37
Bilbon, mozorro denda batean sartu eta Halloween-en inguruko hamaika kalabaza eta mozorro ikusi nituen pasa den astean. Saltzaileari galdetu eta argi esan zidan "urtetik urtera izugarri igotzen ari da Halloween, ekartzen dudan guztia saltzen dut eta hurrengo urtean bikoitza ekarrita berriz ere agortzen zait".

Benetan bitxia da animen inguruko jai honekin (ere) gertatzen ari dena. Zinea eta telebistaren bidez Estatu Batuetako Halloween ospakizun eredua sartzen ari da, eta kuriosoena, ez gara konziente festa hori lehen ere ospatzen zela hemen. Asturias eta Galizian adibidez, orain gutxi arte ezagutu dira Domu Santu egunaren inguruan antzeko tradizioak: kalabazak hustu eta argia jartzea barruan, eta umeak etxez-etxeko errondak egitea goxokiak, jakiak edo dirua eskatuz.

Mutrikukoa ez dakit nondik etorri den, kostaldeko herriak berezi xamarrak izaten dira eta, eta bere kasa nahiko ondo moldatzera ohituak. Baina kontua da Gaba Beltza nahiko ondo sustraitu dela azken urteotan Mutrikun, eta gau horren iguruan sortu den erritual sortaren artean dantza bat errotu dela: Axuri beltza, Jaurrietako nesken dantza edo dena-delakoa.

Pasa den asteburuan ospatu dute Gaba Beltza Mutrikun, eta horren berri emanez Lea-Artibai eta Mutrikoko Hitzan artikulu kurioso bat argitaratu da. Axuri-beltzaren jatorria aztertu nahi izan du kazetariak artikulu horretan eta hara-nora bi bertsio kontrajarri nahi  izan dituen. Badirudi jatorri ezezaguna edo ez oso argia izateak misterio handiagoa ematen diola dantzari berari eta jaiari, eta ondorioz, jatorria argi eta garbi ezagutzen zaion dantza apurretako baten inguruan nahaste ederra egin du.

Gauza jakina da Juan Antonio Urbeltz-ek eta Marian Arregik sortu zutela "Axuri beltza" dantza Zaraitzun jasotako doinu zahar batekin. Dena den, esan beharrekoa da nahasterako bidea eman duena dantza talde baten webgunean dantza horri buruz ageri den "informazio" okerra dela.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Oier Araolaza

Dantzaria naiz. Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere. Dantzan egin eta dantzari buruz aritzea gustatzen zait, eta dantzan.com-eko editorea naiz.

Dantzaz eta komunikazioaz aritzen naiz batez ere. Dantza tradizionalaren mundua bizi dut batipat, eta horren inguruko gaiak interesez jarraitzen ditut, baina dantza oro har da plazerra niretzat, bai dantzari bai ikusle moduan. 

Twitter-en
Facebook-en

Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!