Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka Dantza Taldea Kaldereroak Eibarren, historia laburpena

Kaldereroak Eibarren, historia laburpena

2006/02/03 12:35

Trenean bai, trenean iristen omen ziren kaldereroak Eibarrera, eta gaur egun ere, Urkizun elkartu ondoren Estazioan izaten du Eibarko kaldereroen konpartsak abiapuntua. Baina noiztik ospatzen dira kaldereroak Eibarren? Donostiakoen berri bilduko dugu lehenik eta behin.

Aratusteak Donostian, 1827. urtea. Inauteriak. Alde zaharrean konpartsa mordoska bat desfilean, zein baino zein bitxiagoa: artzaiak, ijito andaluzak, lorazainak, Valentziako itsuak, zapatariak, perratzaileak, tornulariak, okinak eta kalderero turkoak. Kalderero turko haiei aurrerantzean jatorri hungariarra egotzi zitzaien.


Donostiako inauterietan 1884. urtean kaleratu zen kalderero hungaroen konpartsak arrakasta handia izan zuen. Aurrerantzean alde zaharreko "Union Artesana" elkarteak hartu zuen antolaketaren ardura. Sarriegik ordurarte erabili izan ziren doinuak moldatu zituen eta Adolfo Comba eta Victoriano Iraolak idatzi zituzten gaurdaino iritsi zaizkigun kanten letrak.

Gerraurrekoak

Kaldereroak Eibarren lehen aldiz 1932. eta 1935. urte bitartean kaleratu ziren. Danba kuadrillakoek osatu zuten lehen taldea, 20 gazte inguru bilduta. Eibarko Orfeoiko partaide ziren gehienak. Emilio Goen zuzendari zutela, gerra aurreko eta ondorengo lehen urteetan kaleratu ziren. Kalez kale jasotako diruari berehala aurkitzen zioten erabilera, bazkari eder bat, herriko ospitaleko gaixoentzat eta 1935 urtetik beste behar bat: 1934ko urriko matxinadaren ondorioz kartzelan zeuden eibartar guztiak laguntzea.

Eibarren Kaldereroek izan zuten arrakastaren ondorioz, hurrengo urteetan inguruko herrietara bisita egiteko eskaerak izan zituzten eta horrela Bergara, Elgoibar, Markina, Ondarrua eta Deban izan ziren Eibarko kaldereroak. 1936an kaleratu ziren azken aldiz Eibarko kaldereroak. Gerrarekin batera luzarorako lokartu ziren zartagin eta mailu hotsak.

Azken 15 urteak

Eibarko Klub Deportiboko Kezka dantza taldea 1991an hasi zen kaldereroen ohitura berreskuratzen. Garai hartan Kezka dantza taldeko arduraduna zen Pablo Uribetxeberriak askotan entzuten zien guraso eta eibartar nagusiei gerraurreko Eibarko kaldereroen berri. Kantuak ere gogoratzen zituzten askok. Kezka dantza taldeko gurasoei laguntza eskatu eta Arantza Arrietarekin batera ideia martxan jarri zuten.

Lehenengo urratsa informazio bilketa izan zen. Eibarko kaldereroak ezagutu zituzten nagusiekin hitzegiteaz gain Donostiako kaldereroen antolatzaileekin harremanetan jarri eta bertan erabiltzen ziren kanta eta musikak eskuratu zituzten. Kaldereroen doinuak kantatu orduko nagusiek Eibarkoak propio ziren letra zatiak kantatzen zituzten. Adibidez, Donostian kantatzen da “Caldereros somos de la Hungria, que venimos a San Sebastián” eta Eibarren berriz honela: “Caldereros somos de la Hungria, que venimos en tren especial”

Letrak eta kantak ensaiatu, zartaginak eta mailuak eskuratu, eta Mitxelenak bultzatutako gurdiarekin kaleratu ziren 1991ko otsailaren 10ean kaldereroak Eibarren berriz ere.

kaldereroetan ohikoa diren Kalejira, Que Belleza, Recorrimos eta Queridos Compañeros abestiez gain, 1991an okasiorako apropos Migel Mugerza Elgetsu II-ak idatzitako dozena erdi bertso kantatu ziren, aintzinako Aratosteetan bertsopaperak kantatzeko zegoen ohiturari eutsiz.

Hutsik egin gabe kaleratu ziren kaldereroak Eibarren 90eko hamarkada osoan. Pablo Uribetxeberriak eta Arantza Arrietak hasieran egindako lan handiaren ondoren, Eibarko Klub Deportiboko eta Kezka dantza taldeko beste kide batzuei eman zieten erreleboa, eta besteak beste Javi Escudero eta Arantza Uriguen arduratu dira zenbait urtetan konpartsa koordinatzeaz.

Kezka Dantza taldeari Juan Bautista Gisasola Musika Eskolak gehitu zitzaion 1994an, eta aratosteetako igandeetatik barixakura pasa zen konpartsa. Urtetik urtera taldeak gehitzen joan dira parte hartze eta antolaketa lanetan: eta kitto! Euskara elkartea, Txolarte, Lagun Taldea, Jainaga eta Agirrebeñetarren trikitixa ikasleak, Musika Eskolako soinu-joleak eta txarangak... Hasierako gurdia handitu egin zen eta astoa ekarri zen gurdiari tira egiteko. 1995ean kantez gain, dantza egiten hasi ziren kaldereroak eta Hartza kaleratu zen lehen aldiz.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Kezka dantza taldea

Eibarko Kezka Dantza Taldearen bloga da hau. 1958an sortu zen Eibarko Klub Deportiboan eta Gregorio Santa Cruz izan zuen lehen zuzendaria. Eibarko eta inguruetako dantza tradizionalak dantzatzea eta sustatzea du helburu. 

Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com