Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ezpalak jaialdia Iruñeko jaialdiaren kronika.

Iruñeko jaialdiaren kronika.

2008/07/30 14:04

Maiatzaren 31n, larunbat arratsaldean, Ezpalak, dantza tradizonalen nazioarteko jaialdia ospatu genuen Iruñean. Goizetik euria barra barra aritu zen eta behintzat ez genuen egun osoa dudan pasa. Alde zaharrean horrelako jaialdi bat estalpean egiteko azpiegitura egokiegirik ez den arren, Nabarreriako Civivox-en egin genuen jaialdia, eta arratsaldeak eskaini zigun ater-une txikietako batean kalejira azkar bat egin genuen estafeta kalean barrena.

Arratsaldeko 4rak inguruan hasi ziren heltzen taldeak. Betanzoseko Danzas gremiales de marineros y labradores Xovenes do pobo taldea lehenxeago heldu zen eta haiekin joan ginen bazkaltzera. Burgos hiriko Danzas burgalesas Justo del Río, Okzitaniako Tolosako Le Poutou ere heldu ziren, baita gertuagoko Errioxako Danzadores de San Asensio, Montegudoko dantzariak eta baita Lanestosako danzanteak ere. Salestarren ikastetxean egin genuen zita. Dugunakook berriz, alde zaharreko gure egoitzan aldatu genituen arropak.

Iruñeko Ezpalak jaialdia 18:00etan hasi zen eta dantzatzen lehenak Iruñeko Duguna dantza taldekoak izan ziren. 2 arku dantza egin zituzten, Gipuzkoakoak biak: Uztai-handiena neskek eta Uztai-txikiena mutilek. Zaila (hobe esanda, ezinezkoa) egin zitzaigu lur gogorrean zutik mantenduko ziren uztai handiak topatzea (izan ere normalean iltzea baitaramate uztai horiek azalera bigunagoentan iltzatu dadi arkua) eta horregatik Kezka dantza taldekoek utzitako uztai txiki loratsuekin egin zuten dantza Dugunako neskek.

Iruindarren ondoren, Galiziako Betanzos herriko Danzas gremiales de marineros y labradores Xovenes do pobo taldearen txanda heldu zen. Erritual kutsu oso handia zuen kaleko arku-dantza eman zuten, eta dantzarien kopuru handiak batetik, interpretazioaren seriotasunak bestetik eta ia antzeztutako beste zati batzuen artean, oso indar handiko emanaldia ahalbidetu zuten. Aretoan bildutako ikusleek gogotik txalotu zituzten galiziarrak, eta giro horretan mozkortuta, baita dantzariek ikusleak ere.

Nafarroako Monteagudoko dantzariak izan ziren hurrengoak dantzan. Iruñeko gaitarien doinupean, Monteagudoko Dance-an dantzatzen duten makil-dantza eta arku-dantza bana eskaini zuten.

Danzas burgalesas Justo del Río taldeak dantzatu zuen ondoren. Ohi duten maisutasunez eskaini zituzten makil-dantza bizi-bizi bat eta La Campiña arku-dantza, Arco de Frías izeneko egitura osatzeaz gainera.

Okzitaniko Tolosako hiriko Le Poutou taldea aritu zen gero. Les treillles dantza eta muntaia eskaini zuten, polit askoa. Mahats-uzta oparoa eskatzearren, Bako jainko paganoari eginiko eskaintza omen da. Musikaz gainera, jantzi dotoreak ekarri zituzten Iruñera.

Aspaldian genuen Errioxako Danzadores de San Asensio taldea Iruñean ikusteko gogoa, ta haiek izan ziren azkenaurrekoak dantzan. 3 dantza bizi eta ikusgarri eskaini zituzten: makil-dantza, arku-dantza eta giza-dorrea. Dorrearen puntan "Gora Iruñea" oihukatuz bukatu zuten emanaldia.

Jaialdiari amaiera eman zioten Bizkaiko Lanestosako danzanteek. Txistulariek huts egin eta gure taldeko txitulari bandak lagundu zituen Lanestosarren pausoak. Aretoaren barruan toki askirik ez eta kalean, xirimiriaren azpian eman zioten amaiera bizkaitarren 2008ko Ezpalak jaialdiari.

Jaialdia 20:00ak inguruan amaitu zen eta igandean, Eibar-en izan zuen segida.

Iruñeko Ezpalak jaialdiaren argazkiak, hemen.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Ezpalak jaialdia

Duguna eta Kezka dantza taldeek antolatuta, 2014ko maiatzaren 24ean eta 25ean burutuko da Ezpalak Dantza Tradizionalaren Nazioarteko Jaialdia Iruñean eta Eibarren.

Ezpalak 2014 header

Orain arteko Ezpalak

2006 Ezpata-dantzak
2007 Makila-dantzak
2008 Arku-dantzak
2009 Karaktere-dantzak
2010 Dantza-jauziak
2011 Bikoteko dantza soltea
2012 Zinta-dantzak
2013 Sorgin-dantza eta bere ezpalak
2014 Ttun-ttuneroak dantzari begira