Hemen zaude: Hasiera Komunitatea dugunadt

Orain arteko ekarpenak

Duguna dantza taldea on Argia: Besta Berri

2014/01/24

Bide batez, nahi duenak lotura honetan eskura ditzake sarrerak: https://www.ticketmaster.es[…]4&codSTK=CAS!servicaixa

Duguna dantza taldea on San Fermin Aldapakoaren dantzak bostgarrenez

2013/09/26

Estimatua dago Izaskun! Ia eguraldiak laguntzen digun!

San Fermin Aldapakoaren dantzak bostgarrenez

2013/09/25

Zenbaki borobil hori ospatzeko hainbat ekitaldi eta berritasun prestatu ditugu. Honakoak dira:

  • Irailak 27, ostirala, Mingain-dantza

Txapela kentzeko moduko bertso-afaria, bi txapeldun handirekin. Gaueko 22:00etan, gure alde zaharreko egoitzan:

Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña

Oraindik geratzen da lekuren bat (gutxi!!!!) beraz nahi duenak behean ditu beharrezko informazioak.

  • Irailak 28, larunbata, Arrateko Ezpata-dantza eta trokeo-dantzak

Azken urteotako dantza-lagun eta sarritan inspirazio iturri ere, izan dugu Eibarko Kezka dantza taldea eta gure Ezpata-dantzaren iturburuan izan zen, besteak-beste, Arrateko Ezpata-dantza. Beraz, aspaldian haiekin zorretan, zerbait ospatu behar, eta haiek gurera gonbidatzea baino modu hobeagorik ez zaigu bururatu.

San Fermin txikiko larunbatean, arratsaldez, ariko dira Arrateko Ezpata-dantzariak Iruñeko alde zaharreko karriketatik.

18:30etan eginen dute emanaldi nagusia, udaletxe plazan

  • Irailak 29, igandea, San Fermin Aldapakoaren dantzak

Igandearekin, guri egokituko zaigu lan egitea. Hauxe izanen da eguneko egitaraua:

  • 11:30etan Bandera-arbola Errotxapeako zubian
  • 12:00 San Fermin Aldapakoaren prozesioa
  • 13:15 Ezpata-dantza udaletxe plazan
  • 13:45 Soka-dantza San Fermin aldapakoaren kaperan

Aurtengorako, data berezia izaki, zenbait berritasun prestatu ditugu.

Hasteko Tolosako udal bandako txistulariak izanen ditugu lagun. 1913garren urtean hasi ziren Tolosako udal txistulariak San Ferminetako prozesioetan parte hartzen, eta aurten 100garren urteurrena bete denean, guk ere gonbidatu nahi izan ditugu gurekin parte hartzera eta Iñaki Letamendia, Ion Garmendia eta Jesus Mari Garmendia izanen dira gure txistularien laguntzaile.

Bestetik, bi pertsonai berri ere izanen ditugu. Halako bobo edo katximorro gisako bi pertsonai, dantzan ariko direnak, baina baita jendeari zirika eta Ezpata-dantzari tropelari, haien maskuriekin kolpeka, tokia irekiko dietenak, hola behar izanez gero.

Aurtengo Ezpata-dantza, bosgarrena izanik, Ezpata-dantzariek ere domin berezi bat estreinatuko dute, paparrean jantziko dutena, dantza bitartean.

Duguna dantza taldea on Nik ere babesten dut dantzan.com

2013/03/05

Ongi dago instituzioei kultur jarduerak babes ditzaten exijitzea, besteak beste, haien eginkizuna ere badelako, baina dantzazaleok ere badugu gure erantzunkizuna dantzan.com bezalako zerbitzu izugarri baliotsu batekin. Guk ere gure babesa eman diogu!

San Blas eguneko soka-dantza Iruñean

2013/02/01

Heldu den igandean, otsailaren 3an San Blas eguna ospatzen da Euskal Herriko hainbat txokotan, baita Iruñean ere. Alde zaharreko San Nikolas elizak bazuen San Blas-en omenezko kofradia bat, hiritik pasatzen ziren erromesei laguntza emateko, eta gaur egun ere San Blas-eko ospakizunak San Nikolas parrokiaren inguruan egiten dira. Prozesio txiki bat egiten da goizez eta gero hainbat postuetan erroskilak eta goxokiak saltzen dituzte, eztarriaren gozagarri. Festa txikia izaten da, familia girokoa kasik, baina festa errotua ere Iruñean.



Soka-dantza bat Iruñerako
Gure taldearen azken urteotako helburua da garai baten dantzak Iruñean zuen tokia berreskuratu dezala. Garai batean hiriko ospakizunetan egiten ziren dantza emanaldien erreferentziak asko dira artxiboetako dokumentoan eta ezagunak eta publikoak dira.

Somatzen genituen hutsune horiek betetzen joatea jarri genuen gure jardunaren erdian eta San Blas eguneko hau izanen da hurrengo urratsa.

Leitzako ingurutxoaren soka-dantza + ingurutxoa eredu gisa hartuta, Nafarroako iparraldeko doinu, urrats eta koreografietan oinarritu gara soka-dantza hau atontzeko. Dagoeneko iazko urtean dantzatu izan genuen soka-dantza hau gure emanaldietan eta orain Iruñeko festa baten baitan txertatuko dugu. Mutilek aterako dute soka oraingoan, eta uda inguruan eginen dugun beste soka-dantza batean hartuko dute neskek erantzunkizun nagusia.







beraz,

San Blas eguneko soka-dantza

  • Goizeko 10:30etan
  • Iruñeko San Nikolas plazan

(Eguerdiko 13:00etan ere, meza ostean, errepikatuko dugu soka-dantza)

San Fermin Aldapakoaren dantzak 2012: kronika

2012/10/17

Fagurrinak larrazkeneko hosto nabarrak dantzarazten dituenean, dantzarazten dituzte San Fermin Aldapakoaren dantzariek ere haiek kriskitinak Iruñea zaharreko karriketan barna. Buruilaren 23an iratzarri ziren, beraz, kriskitinak laugarrengoz, San Fermin Aldapakoaren dantzak beste behin plazaratzeko.

Errotxapeako zubian abiatu genuen jarduna ohi bezala, hodei azpian, egun bero-sapa batean. Zakarra izatera heltzen ez zen haize harroxko batek lagundu zion Angel Lezari bandera dantzatzen. Ondotik, ezpata-dantzari guztiak pasa ginen korrika bandera azpitik.





Santo Domingoko aldapa txistularien doinu bipilak lagunduta igo genuen ezpata-dantzari taldeak. San Ferminetan, entzierroaren aurretik korrikalariek kantu egiten duten zokoan gertatu zen taldea, kapitainek eta buruzagiak belauntxingoa dantza zezaten.





Santo Dominko karrika, Udal plaza, Merkaderes, Mañueta, Jauregiaren aldapa... horrela heldu ginen ezpata-dantzariak San Fermin Aldapakoaren eliza aitzinera. Ordurarteko izerdia Dantzarineako moskatelez apaldu genuen, eta piper-opilek pixka bat tripa bete.



Eguerdi aldera atera zuten San Ferminen irudia karrikara eta han Nekane Martinez zerbitzariak eskaini zion piper-opila ezpata-dantzari guztion partez. Berehala, berriz ere buruzagiak eta kapitainek belauntxingoa dantzatu zuten, San Ferminen irudiaren aitzinean, oraingoan.





Ez dugu oraindik aipatu baina Amaia Irigoien, Akier Perkaz, Julen Fagoaga eta Mikel Tristan aritu ziren kapitain-dantzan. Aritz Ibañez buruzagi postuan.



Prozesioa lagundu Nabarreriako burgoan barna eta berriz ere San Fermin elizara sartu zuten gure ezpaten azpitik.



Handik udal plazara abiatu ginen ezpata-dantzari taldea, bertan berriz ere bandera-dantza, arrosa eta belauntxingoa egiteko. Gure banderan pilatutako Arga ibaiaren uraren indarra hiriaren plaza nagusian hedatu eta buruzagia goratu genuen ezpata gainean. Kapitainek haien azken bilantzikoa dantzatu eta egindakoa deseginez, berriz Nabarreriako gure zokoruntz abiatu ginen.







Gure dantza taldearen egoitzara heldu eta Nekanek eta Aritz-ek buruzagiaren eta zerbitzariaren arteko bilantzikoa dantzatu zuten.





Elkarri esku eman, eta berriz ere San Fermin Aldapakoaren eliza aitzinean dantzatu genuen irradaka, eguerdiko jende saldo, marmar eta kanpai hotsik gabe. Isabel Abarzuzak atondutako soka taldeak jarri zigun dantzarako erritmoa eta doinua eta berriz aldarrikatu genuen hurrengo urtean ere dantzara ateratzeko gure gogoa.





Eguneko jarduna mahai baten bueltan bukatu genuen, lagun artean. Egunean zehar gertatutakoak ezpata-dantzarion liburuan idatzia utzi genituen, geroko dantzariek ere ezagun ditzaten.

Goizeko haize harroxkoa erauntsi bilakatu zen arrats partean, baina oraindik ere eguna bukatu aitzin eguzki printza batzuk agertu eta euriarekin batera, ortzadar ederra sortu ziguten Iruñeko zeru gainean! San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantza egunez, Axeri-boda! Ba al da bukatzeko modu ederragorik?


 

Hurrengo urtean berriz...




Duguna dantza taldea on Ni ere dantzan.com bizi naiz

2012/10/16

Dugunan ere dantzan bizi gara, eta zuek?

Udako ibilerak kolpe batez

2012/10/15

Ekainaren 24ean emanaldia egin genuen Iruñea ondoko Mutiloa-beheiti herrian. Bertako jaien kari, eguerdian dantzatu behar izan genuen eguzkiak bere indar guztia erakusten zuen garaian, eta beraz, itzalpean izkutatu ziren ikusle gutxi batzuen aitzinean. Nafarroako eta Zuberoako dantza sorta bat eskaini genuen ordubetez.



(Argazkiak: Karlos Iriarte)

Ekaina bukatzear zen eta beraz, uztaila hastear eta uztaila hastearekin, San Fermin! Uztailaren 6an Foruen plazan dantzatu genuen Iruñeko eta Iruñerriko gainontzeko dantza taldeekin batera. Lesakako dantzak eta Bateleren zortzikoa.



Uztailaren 7an, goizean goizik esnatu eta prozesioan parte hartu genuen goizean zehar. Iñigo Gartzia izan zen kapitaina eta Hasier Moreno banderaria. Ondotik, udal plazan dantzatu genuen ingurutxoa.



Astebeteren buruan berriz dantzara, zortziurrenean. Goizeko segizioan parte hartu eta ondotik, udal plazan, erraldoiekin batera eman genion akabera festetako jure dantza-jardunari. Neskek "Dominguera" jota dantzatu zuten kiliki eta erraldoiekin batera, eta ondotik, neskak eta mutilek batera, Larrain-dantza.


(Argazkia: Diario de Noticias)

(Bideoa: Ilargitxu92)

Iruñeko festetatik, Tuterako festetara. Azken urte hauetan bezala, Tuterako Beterri peñak gonbidatuta erriberako hiriburuan dantzatu genuen uztailaren 27an. Ingurutxoa, Jota eta Porrusalda, jauzi batzuk, arrimetako batzuk... eskaini genituen Tuterako karriketan barna afari eder baten truke!



Tuterako bestetatik Gasteizko bestetara. Abuztuaren 8an ordubeteko emanaldia eskaini genuen Matxete plazako taula gainean. Nafarroako hainbat dantza egin genituen. Txoko musikala erabiltzaileak emanaldia grabatu eta Youtuben hedatu zuen:





Javier Azuak 3 dimentsiotan grabatu zuen emanaldia eta beraz, betaurreko urdin-gorriak jantzi eta bertan izan bazinate bezala ikusi ahal izanen dituzue gure dantzak :-P, hemen, adibidez!

Izan ditugu emanaldi gehiago udan zehar (Batasunaren pribilejioa Iruñean, Debako euskal jaian Gure Kai taldeak gonbidatuta...), baina udaren laburpena izateko luze samar doa kontakizuna eta beste baterako utziko ditugu horiek!

Biba dantzan.com!

2011/12/31

Iruñeko txoko hontatik asko zor diogu dantzan.com-i. Aitzinera begira, nahi eta behar duzuen edozertan laguntzeko gogoz!

[1]

Duguna dantza taldea

Iruñeko dantza taldea, 1949. urtean sortua