Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aurtzaka dantza taldea Baigorrin, aurten bai

Baigorrin, aurten bai

2012/05/13 21:49

Iaz, eguraldi txarra medio, bertan behera geratu zen Nafarroaren Eguneko gure dantza-saioa. Basaizea elkartekoek, saio hori aurten burutu ahal izateko aukera luzatu ziguten, eta ez genion muzinik egin. Joan den apirilaren 29an, egun goxagarria pasatu genuen Baigorrin. Nahiz eta eguraldiak amenazu txikiren bat egin zigun bazkalondoan, ordu erdiko ekaitz eta txingorraren ondoren, atertu eta “Amaren Alabak” eta Ortzadar dantza-taldearekin batera, kantu eta dantza saio ederra eskaini ahal izan genuen.

Ortzadar dantza taldea

 

Iruñako Ortzadar taldeak Nafarroako dantzen multzo aberatsa plazaratu zuen, eta guk, tartekatuz, Goierriko dantzen erakustaldi batekin osatu genuen saioa.

 

Lehen zatian, Igartzako ezpata-dantza eta Goierriko brokel-dantzak egin genituen: Paseoa, Sanjoan zortzikoa, Brokel-ezpatena, Lau aldeetako zortzikoa eta Makil haundiena.

 

Bigarren zatian, Dantzasoka atera genuen: Desafioa, Esku aldatzeko zortzikoak, Txipiritona eta Arin-arina.

 

Bitxikeria moduan, eta Nafarroaren eguna izanik, Esku-aldatzeko zortzikoetan Nafarroa osoko zortzikoen aldaerak sartu genituen, Nafarroaren zentzurik zabalenean: Altsasu, Leitza, Baxenafarroa, Luzaide, Lakuntza, Bera, Berastegi, Beasain… besteak beste.

 

Dantzan bizi, bizi dantzan.com kanpainako txapak ere estreinatu genituen ekitaldian bertan, soinean eramanez.

 

Dantzek, egun honetan ohikoa den bezala, goizaldean aurrera jarraitu zuten, eta ez ginen gu izan atzera geratutakoak…

 

Mila-mila esker Basaizea elkarteari, eta bertan ikusle eta laguntzaile izan genituen guztiei.

 

Argazki gehiago hemen.

 

Bideoak:

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Aurtzaka dantza taldea

Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: soka-dantzak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako neskatxen esku-dantza, etab. 


Aurtzaka dantza taldea

Garmendia Otaola 9

20200 Beasain

www.aurtzaka.com

aurtzaka@gmail.com