Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Dantzan Ikasi Euskal dantza balioan: dokumentazioa

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantza balioan: dokumentazioa

2010/06/21 15:45

Euskal dantza balioan jardunaldia burutuko da gaur Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunean. Dantzaren alorreko elkarte aeta norbanako guztiak gonbidatuta gaude jardunaldira, baina bertaratzea ezinezko gertatzen zaionak Internet bidez jarraitu ahal izango du ekitaldia KMKren webgunetik (Real Player behar da), ekainak 21, astelehena, 19.00etatik aurrera.

Hona hemen ekitaldian aurkeztuko diren gaietako batzuen laburpena:

Dantza tradizionalaren irakaskuntzan laguntzeko asmoz sortu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura sailak Dantzan Ikasi egitasmoa. Dantza tradizionala irakasgai duten irakasleei eta ikasten jarraitu nahi duten dantzariei, beren formazioan sakontzen jarraitu ahal izateko aukera eskaintzen ari da Dantzagunean egiten diren ikastaroen bidez, baina formakuntza hori sendotzeko beste lan lerro batzuk garatu dira. Bi proiektu adierazgarri burutu dira:

  • Gipuzkoako euskal dantza irakasleen ezaugarriak eta premiak ezagutzeko azterketa.

  • Dantza tradizionaleko ikasketen oinarrizko curriculuma

Gipuzkoako dantza irakasleen azterketa

Gipuzkoan dantza tradizionalaren alorrean irakasten diharduten dantzari eta irakasleen berri jasotzeko azterketa lana burutu da Euskal Kulturaren Behatokiarekin elkarlanean. 151 dantza irakaslek erantzun dituzte galdetegiak, eta Gipuzkoan zeregin horretan 300 irakasle inguru aritzen direla estimatu da, astean 10.000 ikasle inguru dituzte, eta 900 dantza ordu egiten dituzte astean dantza irakasten.

Dantza irakasleen %68 emakumezkoak dira eta %32 gizonezkoak, baina dantza taldeetan zuzendari lanetan ari direnen artean, %40 dira emakumeak eta %60 gizonezkoak. Dantza irakasleak oro har oso gazteak dira, bataz beste 27 urte baititu dantza tradizionala irakasten ari denak, eta %47k 23 urtetik behera ditu. Dantza irakasleen artean %5 profesionalki ari da zeregin horretan. Irakasleen erdiak, %48k astean ordu bete edo bi ordu ematen ditu dantza irakaskuntzan, eta %12k berriz 10 ordutik gorako lan-karga dute dantza eskolak ematen.

Dantza formazioari buruz galdetuta, %75ek aitortzen du dantza irakasle aritzeko bere burua formazioz herren sentitzen duela eta prestatzen jarraitzeko aukera izanez gero ikasteko gogoz ageri dira. Dantza irakasleen formakuntza integral bat behar dela antzematen da. Eta hori bermatuko duen titulazio baten beharra aldarrikatzen du hainbatek.

Errepertorioa zabaltzearekin batera, dantza pedagogia da kezka gehien eragiten dituena. Dantzen alde praktikoaren aldean, alde teorikoarekin gabeziak dituztela aitortzen dute irakasleek. Formazio teorikoaren beharra azpimarratu dute. Prestakuntza fisikoa eta teknikoa, musika edo motibazioa lantzeko sistemak dira besteak beste irakasleen beren formakuntza osatzeko faltan botatzen dituzten gaietako batzuk.


Dantza ikasketen curriculuma

Gipuzkoako dantzari tradizionalek eta dantza tradizionaleko irakasleek bere formazio zikloa borobiltzeko gainditu eta ezagutu beharko lituzketeen konpetentzien eta edukien curriculum zirriborroa diseinatzea izan da lan-lerro honen helburua. Lehen zirriborroa egiteko hiru urrats eman dira. Horretarako, dantza tradizionalaren alorrean eta bereziki formazio alorrean eskarmentua duten erakundeekin kontaktuan jarri eta curriculum bat osatzeko proposamenak eskatu zaizkie. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra, Ikerfolk, Eusko Ikaskuntzaren Folklore Saila, Aiko taldea eta Gasteizko Folklore Akademia izan dira horretan parte hartu dutenak.

Behin proposamen horiek jasota, horien sintesi eta edizio lana burutu da, eta euskal dantza tradizionaleko ikasketa curriculumaren zirriborroa prestatu da. Planteatutako proposamen desberdinen artean zirriborro bakar bat egostea ez da oso zaila gertatu, puntu komun asko baitzuzten ia denek, eta oro har, kontsentso handia antzematen baita elkarte eta adituen artean. Kontrako puntu gutxi antzeman ditugu, eta errepikatutako proposamenak izan dira gehienak, eta hala izan ez direnean, osagarriak. Beraz, apailatutako zirriborro honetan bilketa eta gehitze lana dago batez ere.

Dantza tradizionalaren alorreko ikasketa ofizialak ezartzeko edo eta egiten ari diren ekimenei baliogarritasuna emateko zein aukera egon daitezkeen aztertzeko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin harremanetan ari gara. Berme ofiziala izan dezakeen kurrikulum eta ikasketa agiriak eskuratzeko eman daitezkeen urratsak aztertzen ari gara haiekin.


Eta orain zer?

Euskal dantza tradizionalari buruzko ikasketa ofizial batzuk burutzeko bidea sustatzea da orain aurrean dugun erronka. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin harremanetan ari gara, dantza tradizionaleko titulazio bat martxan jartzeko aukerak aztertzen. Oraindik lehen kontaktuak baino ez ditugu egin baina gaiarekiko interesa dago Hezkuntza sailean eta egin den bidea aintzat hartu eta elkarlanean jarraitzeko borondatea dago.

Proiektu honen bideragarritasunean zer esan handia dauka sektoreak. Dantza ikasketa batzuk sustatzeko ahaleginean ados jarri eta horren alde bultza egiteko gai izango ala gara? Ikasketa horien xehetasunak, curriculuma osatzea eta abar aurrerago egin beharko ditugu, baina orain ikasketa horiek behar ote ditugun erabaki, adostu eta bultzatzeko unea da.
Jon Iraola
2010/06/22 00:17
Pena gaur ezin jun ahal izatia baño ea bideoa lortzen deten.

Bestalde, espero det hemendik urte batzuta "nere garaien holakoik ez zeon" ez esan behar izatia eta ea dena aurrera ateratzen dan lehen bait lehen. Ni, ahal balitz, lehen ikaslia izango nintzateke.

Hala ere itxaropena badet ondo aterako dalakuan, dena esku onetan daola ikusten baitet. Animo eta edozertako, gutxi bada ere, ni ere laneako prest.
patxi laborda
2010/06/22 10:24
Mila esker egindako saiakeragatik. Ez dakit bidea hemen hasi daiteken benetan, baina nonbaiten hasi behar delakoan nago. Eutsi goiari eta animo!!!!
oier
2010/06/22 11:04
Eskerrikasko zure mezuagatik Jon! Ea poliki poliki denon artean bidea egiten goazen. Animo!
oier
2010/06/22 11:06
Eskerrikasko Patxi! Bidea aspaldi hasi zuten alor honetan aitzindari izan direnek. Orain gure ardura da aurrekoek egindako lan izugarri horri segida eman eta ondoren etorriko direnek horren berri jaso dezaten bitartekoak jartzea. Ea denok indarrak batu eta beste bultzada bat ematen diogun.
aritz
2010/06/22 11:11
Atzokoaren ondotik hurrengo urratsa sektorearen jarrera jakitea litzatekeela aipatu zenuten. Hau da, dantzaren inguruko ikasketak sortuko balira egonen litzateke eskaerarik? Horrek nolabaiteko bermea emanen lioke proiektuari.

Hori noiz, nola eginen da?
Momentuz Gipuzkoara soilik mugatuko da edo zabalagoa izanen da nolabaiteko galdeketa hori?

Zorionak orain arte egindako lanagatik!
oier
2010/06/22 12:42
Atzoko ekitaldiak helburu hori zuen neurri batean. Sektoreak proiektu honekin izan dezakeen interesa testeatzea. Hemendik aurrera zundaketa batzuk egingo ditugu, eta irekita gaude edozein tokitatik, Gipuzkoatik kanpo batez ere, etor daitezkeen ekarpenetara. Eskerrikasko Aritz.
aritz
2010/06/22 13:28
Igual EDBri eskatu beharko litzaioke federatuak dauden taldeen artean zabaltzeko asuntoa? Herrialde ezberdinetako jendea joan zen atzoko ekitaldira eta horrek erakusten du interes apur bat (nahikoa?) dagoela.
oier
2010/06/24 12:12
Bai, pentsatzen dut EDBn pasatuko dutela informazioa beraien artean eta ekarpenik egin nahi izanez gero bideratuko dutela.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Dantzan Ikasi

Dantza tradizionalaren irakaskuntzan laguntzeko asmoz Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako programa da Dantzan Ikasi. Gipuzkoako Dantzaguneak dantza sustapenean egiten dituen ekintzen baitan, dantza tradizionala irakasgai duten irakasleei eta ikasten jarraitu nahi duten dantzariei, beren formazioan sakontzen jarraitu ahal izateko aukera eskaintzea da helburua. http://dantzanikasi.com


Egindako ikastaroak
2014
Lesakako San Fermin eguneko dantzak (uztailak 6)
Dantza-jauzietatik aitzineko püntüetara (uztailak 8)
Gipuzkoako urratsak, aldairak eta dantzak (uztailak 10-11)
Arabako dantzak (uztailak 15)
Durangaldeko dantzari-dantza (uztailak 17)
Erromerien bidaiak (uztailak 18)
Nafarroako Erriberako Paloteadoak (uztailak 18)

2013
Nondik nora // Kronika
Luzaideko dantzak // Kronika
Nafarroa Behereko dantzak // Kronika
Emakumea euskal dantzan // Kronika
2012
Lizartzako dantzak // Kronika
Lau urrats eta kitto // Kronika
Lapurdiko inauteriak // Kronika
Axeri-dantza // Kronika
2011
Ingurutxoak // Kronika
Musika eta dantza // Kronika
Haur folklorea // Kronika
Rapper dantzak // Kronika
2010
Zarauzko folklorea // Kronika
Dantza kantatuak borobilean// Kronika
Xemeingo ezpata-dantza// Kronika
Araba Errioxako dantzak // Kronika
Gorputz prestaketa // Kronika
Dantza-jauziak // Kronika
2009
Zuberoako dantzak // Kronika
Argiaren inguruan // Kronika
Pedagogia // Kronika
Goierriko dantzak // Kronika
Mutil-dantzak // Kronika
Jotak // Kronika

Boletinak
Dantzan Ikasi 1(pdf) - Apirila 2009
Dantzan Ikasi 2(pdf) - Urria 2009
Dantzan Ikasi 3(pdf) - Apirila 2010
Dantzan Ikasi 4(pdf) - Azaroa 2010

Dokumentazioa
Dantza curriculuma(pdf) - 2010
Gipuzkoako dantza irakasleak(pdf) - 2010

Dantzan Ikasi Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena da. Dantzan.com elkartea arduratzen da egitasmoaren kudeaketa teknikoaz. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra eta Ikerfolk elkarteek gainbegiratzen dute proiektuaren ibilbidea Dantzan Ikasiren Jarraipen Batzordetik.

Dantzan Ikasi
ikasi@dantzan.com
Tfnoa. 943 53 04 40
www.dantzanikasi.com

logoa