'Ufaka Zanpaka'-k liluratuta

Miarritze San Martin jaiak bihar hasi eta igandean bukatuko dira, Burrunka taldearen ikusgarriarekin

Hamasei perkusio jotzaile, bederatzi gaitero eta akordeoi jotzailea, hogei dantzari. Ufaka Zanpaka ikusgarriak... liluragarria izan nahi du. Burrunka taldeko musikariek eta dantzariek itxiko dituzte aurtengo Miarritzeko San Martin jaiak, igandean, 19:00etan, Gare du Midi antzokian. Hartzaro Uztaritzeko inauterietako jaialdiak estreinatu zuen ikusgarria, iragan otsailean. Inauterien arima dauka ikusgarriak, mitologia, soinu eta musika nahasketak, euskal sustraiak eta Brasilera zein Afrikara luzatzen diren adarrak.

Egilea
Xan Aire

Komunikabidea
Berria

Mota
Albistea

Data
2007/11/08

Beñat Amorenak eraman proiektu horrek hark berak konposatu ditu musika eta erritmo oinarriak. Dantzariek proiekturako espresuki Jose Casaubonek eta Ainhoa Labeiriek asmatu koreografiak emanen dituzte, gaiteroen soinuak urrats tradizionalekin lagunduz. Perkusioak nagusitzen direlarik, berriz, Kongo eskualdera bidaiatzera gonbidatuko dute. Tarte horretan euskal mitologiako pertsonaiak agertuko dira.

Baina VIII. Gaita Egunak ere bizitzen ahalko dira San Martin jaietan. Hain zuzen, Betiko Gaita kontzertuarekin hasiko dira jardunaldiak bihar, 21:00etan, Santa Eugenia elizan. Akizeko La Nehe (Landak) armoniako 80 soinulariak eta Uztaritzeko hamar gaitero elkartuko dira nahasketa berezi bat proposatzeko.

GAITA EGUNAK ERE. Larunbatean, berriz, Miarritzeko karriketan zehar dianak izanen dira, Ipar Euskal Herriko zenbait gaiteroek eskainirik. Goizean beti, Ttoro lehiaketa eta Kanta Lasai emanaldia herriko merkatuan. Arratsaldean, berriz, gaiteroen alardea eginen da Clemenceau plazan. Ipar eta Hego Euskal Herriko gaiteroak elkartuko dira, Bretainiako Kevrenn Brest Sant Mark musikariek lagundurik. Eguna gaita afari batekin amaituko da, 21:00etan Ravel gelan, hau ere gaitaren soinuak animaturik.

San Martin jaien karietara, haurrentzat jokoak pentsatu dituzte. Bestalde, Itsas Museoak, Miarritzeko Historiaren Museoak eta Txokolatearen Museoak ateak zabalduko dituzte bihartik goiti, mundu ezberdinen ezagutzeko edo dastatzeko. Larunbatean, pilota partidak eta dantza eskolaren emanaldiak ere ikusten ahalko dira.

Zer: 'Gaita Egunak' eta 'Ufaka Zanpaka'.
Noiz: Bihartik igandera.
Non: Miarritzen eta Gare du Midi gelan.

dantzan.com. Eduki hau lizentzia honen arabera banatzen da: Creative Commons License. Creative Commons License
Ilustrazioa
 

Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak