Sorgin eta mozorroen aldi

Ziburun sorgin gaua egingo dute bihar, eta Iruñeko Donibane auzoan ere inauteriak ospatuko dituzte

Egilea
N. Arbelbide - A. Barandiaran

Komunikabidea
Berria

Lekua
Donostia

Mota
Albistea

Data
2009/02/05

Lapurdin, jadanik hartza iratzarria dute. Orain, sorgin eta maskaren ordua iritsia zaie. Bihar ospatuko dute Sorgin gaua Ziburun, azken urte hauetan famatua egin den jaia.

Plazan elkartuko dira denak arrastiria iristearekin batera. Su handi bat izanen dute bestaren bihotza. Sorginez janztea gomendatzen dute antolatzaileek, eta bereziki Euskal Herriko sorginak irudikatzeko usaian erabiltzen den itxurarekin. Musika eta dantzaz loratuko dute guztia.

Donibane Lohizunek ere inauteriak hasiak ditu. Batetik, Veneziako inauteriek inspiratu maskara erakusketa, Rodolphe Delgadok eginak dituena.

Senperek, bestalde, San Pantzar erreko du asteburu honetan. Etzi erre aitzin, bihar azken afaria janen dute Gantxiki trinketean. Larunbatean, 10:00etan hasiko dira etxez etxe, eta, ondotik, ostatuz ostatu. 12:30ean karpapean zintzurra bustitzeko adina ukanen dute Los Incognitosen musikarekin. 15:00etan hasiko dute desfilea, eta 16:00etan San Pantzar auzia. Ondotik, arratsaldeko askaria. 19:00etan, berriz, zintzur bustitzea.

Kanpoko konpartsak Iruñean

Bihar hasiko dira Iruñeko Donibane auzoko inauteriak, Galiziako eta Kantabriako hainbat konpartsen parte-hartzearekin. Inauteriok tradizio handia dute Iruñean, zaharrenetakoak baitira. 1977an antolatzen hasi ziren lehen aldiz.

Inauterien hasiera bihar bertan izango da, Jasokunde Plazan, 19:30ean, eta larunbatean ohiko puska biltzea egingo da auzoko kaleetan. Bildutakoarekin, eguerdian, bazkaria egingo dute Donibane Peñan. Arratsaldean txokolate jana egongo da La Vaguadan, eta, ondoren, kalejira. Hau da, inauterietako ekitaldirik nagusiena.

Bertan izango dira Ourenseko (Galizia), Os Cigarrons konpartsako kideak eta Silioko (Kantabria, Espainia) konpartsakoak ere. Cigarronekoek 25 kiloko jantzia daramate, eta zintzarriak zintzilik. Siloko konpartsako pertsonairik ezagunenak zamarracoak dira, joaldunen antza handia daukaten pertsonaiak.

INAUTERIAK



Non. Ziburun, Donibane Lohizunen, Senperen (Lapurdi) eta Iruñeko Donibane auzoan.

Noiz. Asteburuan.
dantzan.com. Eduki hau lizentzia honen arabera banatzen da: Creative Commons License. Creative Commons License
Ilustrazioa
 

Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak