Sarrionandiaren argiarekin

Kukai dantza taldeak eta Tanttaka konpainiak 'Hnuy illa' obra berria prestatu dute Sarrionandiaren poesian oinarrituta. Hainbat entsegu-emanaldi egin eta gero, Donostian estreinatuko dute uztailaren 11n

«Joseba Sarrionandiak bakardadeaz hitz egiten du Hnuy illa nyha yahoo poema liburuan, maitasunaz, erbesteratzeaz, oroitzapenez... eta gure ikuskizunak giza sentimendu horiek guztiak islatu nahi ditu». Joseba Sarrionandiak argitu du Jon Maia koreografoa Hnuy illa ikuskizun berria sortzeko prozesuan. Poeta ezagunaren Hnuy illa nyha yahoo liburua ardatz hartuta (Ondo zaindu beti, idazlearen hizkuntza fantastikoan), Maiak eta Mireia Gabilondok landu dute Kukaik eta Tanttakak elkarlanean egindako hirugarren ikuskizuna (1937 eta Otehitzari biraka sortu dituzte aurretik). Lehenak koreografia egin du, eta bigarrenak, lanaren zuzendaritza hartu ez ezik, gidoia ere idatzi du,. Hnuy illa ikuskizun «intimoa» da, betiere «lengoaia garaikideaz» eraikitakoa. Besteak beste, Errenterian eta Durangon egindako jendaurreko entseguen ostean, uztailaren 11n egingo dute emanaldi ofiziala Donostian, Antzoki Zaharrean.

Egilea
Xabier Martin

Komunikabidea
Berria

Mota
Albistea

Data
2008/07/01

Hnuy illa ikuskizun handinahia da, oso landua zenbait ataletan aritu diren sortzaileen itzal handiari esker. Maiaren eta Gabilondoren sorkuntza lan nagusiaz gain, Iñaki Salvadorrek sortu du musika, eta Fernando Bernuesek eszenografia. Gainera, hainbat kolaborazio garrantzitsu izan dituzte, hala nola Mikel Laboarena (haren bi kantu baliatu dituzte eta, gainera, poemak irakurri ditu) eta Ruper Ordorikarena (poemak irakurri ditu). Zazpi dantzari aritzen dira taularen gainean, «aurreko obretako berak»: Alain Maia, Eneko Gil, Ibon Huarte, Urko Mitxelena, Vanesa Castaño, Nerea Vesga eta Jon Maia bera.

Sortzen dena aberastea

Heldutasunean sortutako obra da hau, Maiaren ustez; urtetako lanaren emaitzak biltzeko unea da. «Denbora ez da alferrik pasatu. Duela sei urte sortu genuen Tanttakarekin lehenengo obra (1937), eta tartean emanaldi asko egin ditugu. Gainera, prestakuntza gero eta hobea dute dantzariek, eta horrek guztiak badu eragina». «Sendotasunari esker» aurrerapauso «nabaria» eman dutela dio Maiak.

Dantza tradizionaletik abiatuta, bide berriak zabaltzen ari da Kukai azken urteotan, beste talde batzuek egiten duten moduan. «Baina oraingoan lengoaia garaikideak inoiz baino presentzia handiagoa hartu du». Ondo ezagutzen duen eremua zein den «argi» dagoela dio koreografoak, «baina hortik aurrera guk egiten duguna aberastea badugu, askoz hobe».

Dantza da diziplina nagusia Hnuy illa obran, baina ez bakarra. Ohikoa den musikaz gain, dantzariak pantaila batek islatzen dituen irudiek lagunduta aritzen dira. David Bernuesek egin du irudien konposizioa. Eta literaturak ere garrantzi handia hartzen du lan berrian. Ezin zuen bestela izan Joseba Sarrionandiaren poesian oinarritutako obra izaki. Haren poemen irakurraldiak entzun daitezke dantzariek koreografiak garatzen dituzten heinean. Kantuen bidez eta dantzaren bidez ere oso presente dago poesia. «Horrek guztiak originaltasun handia ematen dio obrari, eta jendeak sumatzen du izaera berezi hori; halaxe esan digute orain arteko emanaldiak ikusi dituzten askok eta askok».

Estetikatik harago

Hnuy illa obraren dantza pieza guztiak lotzen dituen aldagaia Sarrionandiaren poesia da, eta hortik aurrera gai asko jorratzen dira. «Osotasun baten barruan, eszena bakoitzak bere gaiari buruz hitz egiten du». Joseba Sarrionandiak bere bizipenetan oinarritutako sentipenak islatzen ditu poemetan, «baina, aldi berean, sentipen horiek mundu guztiko pertsonek dituzte, eta ohartzen ari gara ikuskizuna oso barrura heltzen dela». Ikusle anitz «hunkitu» egiten direla dio Maiak, «obrak zerbait sentiarazten duela». Plazer estetikotik harago, ikusleari barruan zerbait sentiarazteak duen garrantzia azpimarratzen du koreografoak.

Pasarte koralak badiren arren, dantzariak bakarka, binaka edo hirunaka aritzen dira gehienetan, «obra intimista» gauzatuz. Pieza askotako puzzlea da Hnuy illa. Kolore ilunak, dotoreak erabiliz, malenkonia zirrara areagotu nahi izan dute.

 

 

 

'HNUY ILLA'

Gidoia eta zuzendaritza. Mireia Gabilondo.

Koreografia. Jon Maia.

Musika. Iñaki Salvador.

Poesia. Joseba Sarrionandia.

Eszenografia. Fernando Bernues.

Dantzariak. Jon Maia, Alain Maia, Eneko Gil, Ibon Huarte, Urko Mitxelena, Vanesa Castaño eta Nerea Vesga.

dantzan.com. Eduki hau lizentzia honen arabera banatzen da: Creative Commons License. Creative Commons License
Ilustrazioa
 

Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak