Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Rene Cassin giza eskubideen zaindariari ohore egingo dio Sohütako pastoralak

Dokumentuaren akzioak

Rene Cassin giza eskubideen zaindariari ohore egingo dio Sohütako pastoralak

Jean-Louis Davant euskaltzainak idatzi tragedia heldu den uztailaren 28an eta agorrilaren 4an antzeztuko dute

'Xiberoko makia' Sohütan taularatu zenetik hamabi urte pasatu dira jada
Egilea
Allande Sokarros
Komunikabidea
Berria
Tokia
Sohüta
Mota
Albistea
Data
2013/03/05
Lotura
Berria

Xiberoko makia (2001) pastorala taularatzetik hamabi urteren buru, Sohüta herriak (Zuberoa) Rene Cassin tragedia eskainiko du datozen uztailaren 28an eta agorrilaren 4an. Zuberoako antzerki zaharrerako bi obra horiek Jean-Louis Davant euskaltzainak idatzitakoak dira; lehenak aipu zituen, hain zuzen, II. Mundu Gerran Zuberoan egon eta jardun zuten Alemaniako armadari gogor egile edo erresistentzia taldeak, eta bigarren horrek goraipatuko du, berriz, giza eskubideen zaindari eta bultzatzaile garrantzitsua izandako pertsona bat.

Ezen, horrelakoa baitzen Baionan (Lapurdi) 1887. urtean jaio eta Parisen 1976an hil zen Rene Cassin legegizon eta unibertsitateko irakaslea. Baionan sortu zen, beraz, guraso biak judu mundukoak zituen Cassin, baina lau urterekin familia Nizarat joan zen bizitzera. Hala eta guztiz ere, Cassinek ez zituen sekula hautsi sorterriarekiko loturak, oporretan maiz etortzen baitzen Baionan bizitzen jarraitu zuten aitona-amonen etxera. Ikasketa distiratsuak eginik, Cassin zuzenbide doktore egin zen, eta historiako lizentzia batez jabetu ere.

1914-1918ko Lehen Mundu Gerran handizki kolpatuta geratu zen. Horren ostean, gerrari ohien elkarte baten sorrera bultzatu eta zuzendu egin zuen. Gerrak utzitako hainbat eta hainbat umezurtzen zorteaz estatuak ardura hartzeko xedean, Pupilles de la Nation nazioaren babespeko umezurtzentzako erakundearen bultzatzailea izan zen.

Bi mundu gerren artean ibili zen, SDN Nazioen Batza nazioarte lankidetzarako erakundean Frantziako gobernuaren ordezkari egonda, eta Alemanian nagusituz joan zen nazismoaren arrisku handiez ohartarazi zituen etengabe nazioartekoak. Hala eta guztiz ere, Mendebaldeko potentziek ez zioten inolako trabarik egin Hitlerri, alderantziz baizik. Bigarren Mundu Gerra piztu ondoren eta Frantzia Alemaniako armadak okupatuta geratu zelarik, Cassin Londreserat joan zen, Philippe de Gaulle jeneralak nazien kontra gerra jarraitzera eta erresistentzia egitera dei egin ostean.

Gerra hura amaiturik eta hartan gertatutako ikaragarrikeriak ikusirik, Cassin izan zen Giza Eskubideen Aldarrikapen UNibertsalaren idazleetarik bat, talde horren buru zelarik Ameriketako Estatu Batuetako presidente izandakoaren alargun Eleanor Roosevelt. Funtsezko testu hori Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiek onartu zuten, 1948ko abenduaren 10ean.

Bakearen Nobel Saria

Giza eskubideen alde horrenbeste lan eginik eta konpromiso beterik, inor ez zen harritu Bake Nobel saria Cassini emateaz, 1968. urtean. Adinez poliki aitzinaturik, Cassin 1976ko otsailaren 20an zendu zen, Parisen. Eginiko lanaz eta betetako jardunaz goraipatzearren, Frantziako Gobernuak nazioko pertsona nagusientzako oroigune Panthéon eraikinera eraman zituen haren gorpuzkinak, 1987ko urriaren 5ean; hain zuzen, bere jaiotegunaren mendeurrenean.

Horra nor izan zen Sohütako herriak, pastorala edo tragediaren bitartez, goraipatuko duen pertsonaia. Pastoral baten prestaketak agerraldiak gertatzetik sei hilabete lehen abiatzen baitira, ehun bat sohütarrek mustra edo trebaldi saioetan dihardu urtarrilaren hasieratik. Ohikoa denez, karguen banaketa otsail inguruan gertatzen da, eta horrela jakin zen Dominique Pinke gazteak duela antzeztuko Rene Cassin pertsonaia. Cassinen emaztea izan zen Simone Izombarden kargua, berriz, Celine Othatzegiri tokatu zaio. Tragedia batean kargu garrantzizkoa, halaber, jakitekoa da lehen perediku edo prologoa Serge Gabastonek duela kantatuko. Ez zaio ziur aski nekezkoa izango, zeren eta, 2001eko Xiberoko Makia pastoralean, sujet edo pertsonaia nagusia izan baitzen. Tragedia baten ondorioak edo morala ateratzen dituen azken perediku edo epilogoaren abesten, ordea, txandakatuko dira bikote bi. Lehen agerraldian, horretan jardungo dute Alain Guimonek eta Benoit Hariztoiek, eta, bigarrenean, Maider Hegiaphal eta Aurelie Pinke neskek.

Rene Cassin pastoralaren ikustera etorriko direnak ohartuko dira, halaber, errejent edo taula zuzendari berria egongo dela. Izan ere, azken urteotan kargu zail horretan diharduten Jean-Fabien Lexardoi eta Jean-Pierra Rekalt errejent esperientziadunen urratsei jarraitu die Battitta Berrogainek. Pastoraletako musika taldean aritzera ohituta bada ere, errejent kargua eramatea erronka berria eta handia du. Betebehar funtsezko horretan, haatik, laguntzaile dauka Alain Guimont; hain zuzen, azken peredikuko kantarietatik bat.

Negu gorriaren hotzaldi gogorren artean hasirik, bedatse edo udaberriko giro goxoagoan jarraituko dute mustrakek, uda partean, Zuberoako antzerki zahar-zaharraren uzta berria eskainia izango zaigun arte.

Pastoralaren trebaldi saioetan dihardute Sohütan, joan den urtarrilaren hasieratik. / ALLANDE SOKARROS