Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Oialume dantzalekua sagardotegi bihurtuko du «Txootx!» ikuskizunak

Dokumentuaren akzioak

Oialume dantzalekua sagardotegi bihurtuko du «Txootx!» ikuskizunak

Komunikabidea
Gara
Tokia
Andoain
Mota
Albistea
Data
2005/03/10

Jose Ignazio Ansorenak proposatuta, euskal dantza eta kantuetan oinarritutako ikuskizun berezia antolatu zuen iaz Donostiako Musika Hamabostaldiak Getariako Ameztoi txakolindegian. Ikuskizun horren oinordekoa baino ez da igandean Oialume dantzalekuan egingo duten “Txootx!”, aitortu zuen atzo Jon Maya dantzariak, Andoaingo Martin Ugalde Parkean eginiko prentsaurrekoan.



«Neurriz gain edateak dakartzan kalteak sarri aipatzen dira, eta ondo dago, baina ez dira ahantzi behar bazkalondo eta afalondo alaiek, betiere edaria lagun, gure kultur ondarean utzi dituzten dantza eta kantu zoragarriak». Horietako batzuk dira, hain justu, “Txootx!” osatzen dutenak. Interpreteak berrriz, Ereintzako dantzari eta txistulariak, Aiztondo abesbatza eta aurkezle lana egingo duten Euzkitze eta Peña. Guztira, hirurogei bat lagun.



«Uneoro denok gaude jendearen bistan, ez dago sartu-irteerarik, ez dago argi berezirik. Beraz, naturaltasun handiko ikuskizuna izango da. Bestalde, kanta eta dantzak oso ezagunak direnez gero, ikus-entzuleek parte hartzeko aukera izango dute. Giro ederra lortzea espero dugu», esan zuen Mayak.



Naturala eta parte-hartzailea bai, baina berritzailea, aldiz, ez omen da izango. «Horrelakoetan beti berritasunaren bila gabiltzala dirudi, eta kasu honetan garbi utzi nahi dugu egitera goazena ez dela berria. Baina hori inongo konplexurik gabe esaten dugu. Gure kulturan harrotzeko moduko dantza eta kantuak ditugu. Horiek bildu eta ikuskizun polita prestatu dugu, ez besterik», nabarmendu zuen.



Mayaren hitzak ñabartu nahi izan zituen Euzkitzek: «Jonek arrazoi du, ez dugu ezer berririk aurkituko, eta gauza erabat berrien bila datorrenak beharbada ez du nahi duen hura aurkituko. Baina Getarian izan genuen esperientziak oso pozik utzi gintuen. Azken batean, jendaurreko ikuskizunetan jendearengan sortzen duzun zirrara eta emozioak dauka garrantzia, eta uste dut jendearengana iristea lortu egin genuela, eta gauza atsegina, bizia eta aspertzeko arriskurik ez duten horie- tako bat egin genuela».



Kontzertuen balantzea



“Sagarrondotik”ekimeneko antolatzaileen izenean, Jon Garmendiak “Txootx!” ikusteko sarrerak (400 bat) salgai daudela iragarri zuen, 10 eurotan. Ikuskizuna bukatutakoan, berriz, Oialume Zar sagardotegian bazkaria egingo dute. «Hor 100 bat lagun baino ez gara kabituko eta plaza gehienak dagoeneko hartuta daude, baina, azkar ibiliz gero, beharbada baten batek oraindik lekua lortuko du». Dena dela, inguru hura sagardotegiz beteta dagoela nabarmendu zuen. «Beraz, bertaratzen direnek ez dute bazkal- tzeko aukera faltarik izango».



Atzoko prentsaurrekoa aprobetxatu zuen Garmendiak joan den asteburuko kontzertu erraldoien balantzea egiteko. «Eguraldia lagun izan ez genuen arren, dena ondo atera zen eta bertako nahiz kanpoko jendearen harrera oso ona izan zen». Ostiraleko kontzertuan (The Wailers) 6.000 lagun inguru bildu ziren. Larunbatekoan, berriz, 10.000tik gora.







Euzkitze «stand by»n, Europan bakarrik

M.A.



ANDOAIN



Sei bat urte daramatza Euzkitzek bertsotik aparte samar edo, hobeto esan, ohiko zirkuitutik aparte. «Bertsolari izaten segitzen dut ­esan zuen atzo­, eta, nahi ez dudala ere, burua beti bueltaka dabil. Gainera, tarteka deitzen didate. Saio klasikoetarako irrikarik ez dut, baina batzuetan proposamen bereziak ere iristen dira, esaterako, Getariako hura edo oraingo hau».



“Txootx!”en, aurkezpenak egingo dituzte berak eta Peñak. «Ikuskizunari lotura eta logika bat ematen saiatuko gara, txispa pixka bat eta umore printzak sartuz», adierazi zuen.



«Geldirik egoteak ardoari on egin ohi dio, bertsolariari, berriz, nekez», aitortu zuen. Hala ere, «bertsolariek egiten dituzten lanik gehienetarako lehengo maila be- retsua dudala uste dut», esan zuen.



Hurrengo konpromisoa uztailean izango du, Estatu Batuetan, behin baino gehiagotan kantatu duen herrialdean. «Orain dela pare bat hilabete deitu zidaten: ‘Badakigu bertsoetatik erretiratuta zaudela, baina etorriko bazina...’. ‘Lasai ­esan nien­, egia da stand by-n nagoela, baina Europan bakarrik’», kontatu zuen, umorez.