Jende asko eta giro aparta Bedaioko festetan
Lehen egunean eguraldiak aurpegi iluna erakutsi bazien ere, ordu batzuetako kontua besterik ez zen izan, eta ostiral gauean hasi eta atzo amaitu ziren Andra Mari Jasokundearen jaiak giro ederrean ospatu dituzte bedaiotarrek.
Egilea
Amaia Goikoetxea
Komunikabidea
Diario Vasco
Lekua
Tolosa
Mota
Albistea
Data
2008/09/09
Esan bezala, euripean hasi zituzten festak ostiral
iluntzean, baina honek ez zuen traba handirik jarri pilotalekuan
sagardo probaketa, zahagiardoa eta Elustondo anai-arreben erromeria
ospatzeko.
Larunbatean, jada eguzkia lagun, arratsaldean ume
jolasak burutu ziren, eta gauean herri afaria ospatu zen; sekulako
jendetza bildu zen frontoian. Igande goizean meza nagusia eta honen
ondoren afizionatuen txirrindulari igoera ospatu ziren, eta
arratsaldean, herri kirolak eta Ingurutxoa. Ohikoa izan ohi da
festetako igande arratsaldez Bedaiora iritsi baino dezente lehenago
jada autoak errepide bazterrean aparkatuta ikustea, eta herenengun ere
argazki horixe errepikatu zen.
Urtero bezala, Bedaioko dantzariek maisutasun handiz
dantzatu zuten urtean behin bakarrik ikus daitekeen dantza hau;
gainera, azken urteetan belaunaldi berriak ere sartu dira dantzarien
artean, eta beraz, pentsa liteke, Bedaioko Ingurutxoak osasun ona duela
datozen urteetarako.
Atzo, Andra Mari Jasokundearen Eguna, Meza Nagusiaren
ondoren bertsolariek eta trikitilariek alaituriko hamaiketakoa ospatu
zen, eta eguerdian bazkari-legea egin zuten Artubi Elkartean.
Arratsaldean, pilota partidak eta toka txapelketa jokatu ziren,
antzerkia ere ikusgai izan zen, eta elkartean ospaturiko afariarekin
agurtu zituzten bedaiotarrek festak datorren urtera bitartean.
Ingurutxoak, batetik, eta herri kirolak, bestetik, jende ugari erakarri zuen igandean Bedaiora. /A.G.