Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Iratxe Beorlegik etxean jaso du ibilbide artistikoaren saria

Iratxe Beorlegik etxean jaso du ibilbide artistikoaren saria

Mexikoko Dantza konpainiako dantzari donostiarrak saria jaso du, Iker Murillo eta Hilde Kochekin batera.

Iazko Dantza Sarietan Gipuzkoako Dantzari Profesionalen Elkarteak Ageda Sarasua, Donostiako Goi Mailako Dantza eskolako irakaslea, saritu zuen dantzari emandakoagatik. Aurten bere ikasle izandako Iratxe Beorlegi eta Hilde Kochek jaso dute sari bana Iker Murillorekin batera.

Egilea
Nerea Lizarralde

Komunikabidea
Irutxuloko hitza

Mota
Albistea

Data
2008/04/26

Familiari eskainitako sariak

Iratxe Beorlegik izugarri eskertu zuen saria: «Eskerrik asko nirekin gogoratzeagatik. Nire familiari eskaini nahi diot saria, bate ere nire amari, hainbeste urtetan etxetik kanpo aguantatzeagatik». Iratxe Beorlegi Mexikoko dantza konpainiako lehen dantzaria da. Duela 32 urte jaio zen Donostian. Bere lehen pausoak Anaiak eskolan eta Donostiako Goi mailako Eskolan eman zituen Peter Brown-ekin. Saria jasotzean ere gogoan izan zituen bere lehen irakasleak: «Eskerrak eman nahi dizkiet, dantzaren pozoia nire zainetan sartzeagatik. Asko gogoratzen naiz hasierako urte horietaz».

14 urterekin profesional moduan hasi zen Euskadiko Balletean eta handik, ustekabean, Mexikoko dantza konpainian lan egiteko deitu zioten. 12 urte darama bertan. Azkeneko momentua arte ez zekien Donostiara etortzeko tarterik izango zuen. La fierecilla domada ikuskizuneko entseguekin lanpetuta dabil-eta. Beorlegik ez du sekula profesional moduan dantzatu Donostian eta saria jasotzeak harrituta utzi duela onartu du. Noizbait Victoria Eugenia Antzokian dantzatzea gustatuko litzaiokeela dio, publiko donostiarrak berak ikasitako guztia ikus dezan.

Iker Murillo eta Hilde Koch

Dantza tradizionalaren munduan hasi zen eta egun, Zurich Balleteko dantzari bakarlaria da Iker Murillo pasaitarra. Bere familiari eskaini zion saria: «Nire familia gabe orain ez nintzateke hemen egongo», esan zuen hunkituta.

Hilde Kochek kanpoan lan egiten duten dantzariekin gogoratzea eskertu zuen eta dantzaren alde egitea behar beharrezkoa dela azpimarratu zuen.

Hilde Kochek ez zuen bere familiako argazkilari ezagunen bidea jarraitu. Iruñean jaio zen, baina Donostian jaso zuen dantzarako hezkuntza Peter Brown eta Ageda Sarasuarekin. Goi mailako Dantza eskolako ikasketak amaitzean Sttutgart Ballet-ean hasi zen. Frankfuteko balletera pasa zenean, Willliam Forsythe zuzendaria ezagutu zuen. Egun Nacho Duato eta William Forsythen estiloaren irakasle-errepikatzailea da.

Bihar, Dantzaren Nazioarteko Egunaren gala

Apirilaren 29an Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da hainbat tokitan. Honen harira, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak Donostia Kulturarekin elkarlanean gala prestatu du bihar Victoria Eugenia Antzokian. Etxeko eta kanpoko hainbat dantzarik parte hartuko dute: Nederlands Dans Teatherreko Iratxe Ansa, Frankfurteko The Forsythe Balleteko Jone San Martin eta Amancio Gonzalez, Aukeran konpainia, Maruxa Salas eta Alexis Ferrera, Elena Serna eta Lienz Chang, Leire Amonarriz eta Jose Luis Sendarrubias, Naroa Guruzeta, Kukai konpainia, Judith Argomaniz eta Jon Vallejo. Sarrerek 9, 7 eta 5 euro balio dute.

Ilustrazioa
 

Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak