Euskalduna izateak sortu galderen dantza Bi Harriz Lau Xorin

Thereten 'Dorrea' dantza estreinatzeaz gain, Miarritzeko jaialdian egitarau zabala apailatu dute, 18tik 22rako

Hamabosgarren aldia izanen du aurten Bi Harriz Lau Xori Miarritzeko jaialdiak. Hamabosgarren aldia da, baina beti hasierako ideiei jarraiki: «Euskal kulturari eta bereziki sorkuntzari leku berezi bat eskaini nahi diogu, erakusleiho bat baino gehiago dena», dio Yvonne Pocheluk, Biarritz Culture elkarte antolatzaileko arduradunak.

Egilea
Nora Arbelbide

Komunikabidea
Berria

Lekua
Miarritze

Mota
Albistea

Data
2009/03/05

Euskal kulturak sortzen segitzen duela erakutsi nahi dute. Horren lekuko freskoenetako bat Dorrea izanen da, jaialdiaren karietara Mizel Theret dantzari koreografoak estreinatuko duen bakarkako dantza. Martxoaren 19an emanen du, Colisee aretoan, 20:30ean: «Euskal kulturarekin dudan harremana miatzen du dantzak. Bi nortasun baititut nire baitan: Hazparnen sortua, euskaraz mintzo, eta aldi berean, frantsesez segitu ditut ikasketa guztiak». Nahasketa horri begira, batzuetan «baikor» da, «besteetan etsipenez betea». Sorkuntzak duda horiek islatzen ditu. «Desafio handia» 50 urteko dantzari honentzat. Luzaz dantzatu gabe egon eta, 2005eko Pilotar(h)itza sorkuntzak berpiztu dio oholtzara igateko gogoa. Jaialdiak proposatuko duen beste dantza 21ean izanen da, 12:00etan, Bellevue plazan. Asier Zabaletaren Ertza konpainiak Bihar jaio nintzen azken lana eskainiko du.

Beste ekitaldien artean, zinemari irekiko dioten tarte berria. Hori ere 21ean, Mediatekan, 16:00etan. 80ko hamarkadako euskal telebistarentzat egin Ikuska proiektuko 21 dokumental laburretako sei ekarriko dituzte bertara. Antton Ezeiza zinemagileak aurkeztuko ditu.

Egun berean Lagunarte konpainiak Dong bere ikusgarriko ezkila berezia entzunaraziko du Mazon parkean, 20:30ean. 22a, jaialdiaren azken eguna, Piarres Larzabalen Ibañeta antzerkiarentzat atxiki dute. Korrika Kulturalarekin lankidetzan antolatua dute emanaldia. Plaza Berrin, 20:30ean. Korrikarekin antolatu beste ekitaldiak hasiko du jaialdia. Koldo Ameztoi eta Pantxix Bidarteren Aneta Bokaleko da. Itsas Museoan emanen dute, martxoaren 18an, 20:30ean.

Jaialdiko ekitaldi nagusia, usaian bezala, ostiraleko kontzertua izanen da aldi honetan ere. Aurten Nomada TXko musikarientzat atxiki dituzte bai ostiral gaua, bai Gare du Midi areto handia. 20:30ean abiatuko dute gaualdia. Munduan zehar ezagutu lagunekin antolatu ikuskizuna ikusteko azken aukera izanen da Lapurdiko emanaldia.

dantzan.com. Eduki hau lizentzia honen arabera banatzen da: Creative Commons License. Creative Commons License
Ilustrazioa
 

Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak