Erakusketa, dantza garaikidearen leihoa
X. Koreografia Erakusketa
Dantza garaikidearen erakusketa hamargarren ekitaldira iritsi da. Alorrak berak duen malgutasuna eta aldatzeko eta egokitzeko jarrera bera du erakusketak. Koreografien hautaketa sistema hobetzeko ahaleginetan ari dira urtetik urtera. Aurten hamar lan aurkeztuko dira erakusketara, eta horietatik Barakaldon, Donostian eta Gasteizen egingo diren emanaldietan parte hartuko dutenak hautatu beharko dituzte epaimahaiak eta ikusleek.
Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2006/03/24
Koreografien hautaketa sistemak izan du aldaketa gehien, eta ez da harritzekoa, horixe baita ziur asko urratsik zailena eta desadostasun eta ika-mika gehien eragin ditzakeena. Dantza garaikidearen muinean dagoen kezka azaleratzen dute behin eta berriz mota honetako hautaketa prozesuek. Abangoardia, sormen eta ausardiarekin batera ikusleak erakartzeko gaitasuna duten proposamenak zeintzuk ote diren asmatzea ez da edonolako erronka.
Lehenengo urteetan, koreografia sorkuntzarako diru laguntza jasotzen zuten lanekin osatzen ziren erakusketako emanaldiak. Azken ekitaldietan diru laguntza jaso duten koreografia horiek antzokian ikusi ondoren hartzen da erabakia. Beraz, koreografia guztiak egun bakarrean ikusi ahal izateko ekitaldi bat antolatzen da, eta ekitaldi hori bera erakusketaren interesgune garrantzitsu bihurtu da. Apirilaren 8an izango da aurre-erakusketa hori, Donostian, Gazteszena aretoan.
Adituen erabakiaeta ikusleen iritzia
Aditu talde batek izango du bere gain hautaketa egiteko ardura nagusia. 7-8 lagunek osatuko dute epaimahai hori, eta koreografia guztiak ikusi eta baloratu ondoren, hautaketa egin beharko du. Baina horiekin batera ikusleen artean izango diren hainbat lagunek ere iritzia emateko aukera izango dute. Programatzaileak, kazetari berezituak, dantza konpainiak eta dantza elkarte eta dantza eskoletako ordezkariak izango dira ikusleen artean. Ikusle espezializatu horiek beren puntuazioa emango dute, eta horien iritziak gutxienez %20ko eragina izan beharko du azken emaitzan.
Hamar hautagaien artean gutxienez hiru eta gehienez bost lan hautatu beharko ditu batzordeak X. Koreografia Erakusketa osatzeko. Pieza laburrak izango dira denak, gehienez 15 minutu iraungo dutenak. Maiatzean Barakaldon, Gasteizen eta Donostian egingo dira erakusketaren biraren agerraldiak. Aurreko urteetako erakusketetan parte hartu zuten lau koreografo daude hautagaien artean: Igor Calonge, Olatz de Andres, Marian Gerrikabeitia eta Eider Rodriguez.
Hautagaiak
- Igor Calonge ('Kuatro')
- Estitxu Campos ('Jin Jan Jun')
- Olatz de Andres ('Yo soy una cosa que dura segundos')
- Cecilia de Madrazo ('Si fue en Babel, no lo sé')
- Marian Gerrikabeitia ('Connection')
- Helena Golab ('Gool.ab')
- Leire Ituarte ('Delicias de la Civilización')
- Myrian Perez ('Keinu txiki bat milaka bider tentativa')
- Eider Rodriguez ('Mujer en la orilla del mar')
- Nerea Urbieta ('El país de las últimas cosas')
Koreografia Erakusketa
- Apirilaren 8an, Donostian, Gazteszena aretoan (hautaketa ekitaldia)
- Maiatzaren 1ean, Barakaldo antzokian.
- Maiatzaren 4an, Gasteizen, Ibañez de Matauko antzokian.
- Maitzaren 7an, Donostian, Gazteszena aretoan.

