Dantzari berriei plaza

Baionan hautaturiko artistak Ertza konpainian sartuko dira Asier Zabaletarekin, eta irail hasieran haien sorkuntza lana aurkeztuko dute.

Uztaileko lehen egun hauetan dantza izanen da Baionako Elkarteen Etxeko protagonista nagusia. Asier Zabaletaren eskutik, dantza tailerra eta proba antolatu ditu Dantza Hirian ekimenak. Helburuak argiak dira: dantza garaikidea jendeari erakustea, dantzari berriei garatzeko esparru egokia eskaintzea, eta azkenik, Aterpea programaren barnean, Ertza konpainiarako kide berriak hautatzea. Ezaugarri berezia du Ertza konpainiak: bertako artistek, egoiliarrek nahiago bada, osaturiko konpainia baita.

Egilea
Amaiur Lujanbio

Komunikabidea
Berria

Lekua
Baiona

Mota
Albistea

Data
2008/07/03

Baionako egonaldian, hiriko espazioetan dantzatzeko pieza labur bat sortuko dute: Bihar jaio nintzen. 2008ko Dantza Hirian jaialdian estreinatuko da, Baionan, Bilbon eta Donostian seguru asko. Lan honetan gurutzatzen diren bi begirada ageri dira. Batek iraganetik etorkizunera begiratzen du, eta besteak alderantziz. Iraganaren eta orainaren arteko zubia da. Konplexurik gabeko proiektua egiten saiatuko dira, fusio proiektu bat, euskal dantza tradizionala eta karrikako dantza modernoa dantza garaikidearen bidez uztartuz.

Parte-hartzaileak hamar dira: bederatzi neska eta mutil bat. Bizkaitik, Gipuzkoatik, Nafarroatik eta Lapurditik heldu dira, Asier Zabaleta koreografoaren tailerrean parte hartzeko prest. Haien arteko giro ona lehen unetik nabaritzen da: batak besteari urratsak erakusten dihardute, irriñoak luzatzen dizkiote elkarri... Dantzarien maila ikusirik begi bistakoa da aspaldidanik dabiltzala dantzaren munduan.

Dantzan arituak

Ezpeletako Lorentxa Iturralderen ibilbidea horren isla dugu: euskal dantzak ttipitan ikasi zituen, Ezpeletako dantza elkartean, eta segidan dantza moderno zein klasikoa landu zituen, Baionan eta Miarritzen. Orain gutxi Marseillatik itzuli da, bertan prestakuntza profesionala jarraitu baitu bi urtez. Egonaldi honetan parte hartzeko motibazioak bi izan ditu: batetik, dantza garaikidea gustukoa duelako, eta, bestetik, Hego Euskal Herriko koreografo gazteen lana aski ezezaguna zitzaiolako. Proban hautatua balitz, proiektuan bururaino jarraitu nahiko lukeela adierazi du irribarretsu.

Dantzaren balioaz galdeginik, Astigarragako Ainhoa Andresek dantzatzea hitz egiteko modu bat dela dio, sentimenduak adierazteko biziki lagungarria dena.

Santutxuko Anak dantzari esker anitz ikasi duela gaineratu du, buruak eta gorputzak bat egin behar dutelako.

Ilustrazioa
 

Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak