Beste maisu bat joan zaigu
Pedro Sodupe 'Gelatxo' hil da, 78 urte zituela
Akordeoilari...akordeoilarien maisu...herri musikari...gerra aurreko eta gerra ostekoen arteko trantsizioko herri musikaren transmisore...dantza eragile aparta... jazbanaren eredu... trikitilari...musikalki bere aitaren seme eta beste seme askoren aita... joan zaigu... Pedro Sodupe Esnaola Gelatxo-k ez du adornuz betetako zurikeri handirik merezi. Ez lehen eta ez orain. Baina halere ezin diot eutsi nire buruari, nik ezagutu dudan neurri txiki horretan zeinen handia iruditu zaidan azaltzeko orduan.
Egilea
Aitor Furundarena
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2007/01/30
Baina nik ere akordeoia jotzen dudan aldetik, beste zerbait aipatu nahi nuke: Klasiko - garaikidea izan da nire bide ofiziala baina herri-musika oso gustuko izan dut beti, eta horretan nire maisu partikularrak izan ditut, beraiek jakin ez badute ere, asko irakatsi didatenak, adibidez Pedro. Akordeoilarien artean, joera handia egon da dantzako piezak klasiko -- erromantikoki jotzeko, horniduraz bete, XIX. mendeko kutsuko armoniak erabiliaz eta dantzako musika birtuosismoz betea bezain dantzagarritasunez hutsik utziaz. Pedro eta gutxi batzuk gehiago izan dira, aldiz, piezak bere naturaltasun sinplean mantendu aldekoak. Hitz egitean bezala. Nota asko erabili gabe, jendea dantzan jartzen zuen. Soinu txikiak handiak baino errekurtso gutxiago baditu ere, bere piezak berdin jo zitezkeen bataz zein besteaz. Badakizue zer dagoen horren barrenean? Nire ustez, halakoak musikari izaten dira, instrumentu jotzaile baino gehiago. Dantzarako musikan interpretazioa da garrantzizkoena, musikariak besteak dantzan jarri behar ditu, eta horrek umiltasuna eskatzen du, lan handia egin behar baita horretarako, baina erakustaldi nabarmenik egin gabe, artista izanda, baina era berean edozein langile bezala itzalean lan eginaz. Hori da, batez ere, nik Pedrori ikasitako lezioa. Muxu handi bat emango nioke oraintxe, baina ezin dudanez, bere lezioa praktikan jartzen saiatzen jarraituko dut, badakizue, «izan direlako gara...».

