Iñauteriak Zarautzen

Xabier Etxabe, 2002/02/25.

Zarautzen sortu berri den "Txaparro" herri-aldizkariko 6. alean artikulu bat idatzi nuen Iñauteriei buruz, otsailaren 8an. Hasierako zatian gehienontzat ezagunak diren kontuak aitatzen ditut Iñauterien inguruan (nola kalkulatzen den Iñauterien data, Garizumarekin zer lotura izan duten, ...). Bukaera aldera, Zarautzen mende hasieran Iñauteriak nola ospatzen ziren azaldu nahi izan dut. Horretarako, Juan de Iruretagoienak "Eusko Folklore" 1922ko urtekarian idatzi zuenaz eta neronek orain gutxi egindako elkarrizketetan oinarritu naiz. Hona hemen testua:

"...Baina zein egunetan hasten da Inauteri garaia? XX. mendearen hasierako datuak badira, Juan de Iruretagoienak idatziak, Zarauzko Inauteriei buruz. Berak dioenez, Urteberri egunean hasten zen Inauteri garaia.

‘Inauteiak’ deitzen omen zitzaien Zarautzen. Egun inportanteenak, noski, azken hiruak. Egun bakoitzak, gainera, bere izena zuen: Inauteri-igandea Zaldun-iñauti, Inauteri-astelehena Astelenita eta Inauteri-asteartea, egunik handiena, Astearte-Iñauti edo Asteartieta.

Inauteri garaian maiz eman diren bi gertaera ere aipatzen ditu Juan De Iruretagoienak. Jan-kontuak batetik. Inauteri aurreko osteguna, Ostegun-Gizen eguna, sonatua zen egiten ziren meriendak zirela eta: patatak txerri belarriekin eta tortila txorizoarekin. Ardoa lagungarri.

Bigarren gertaera eskean ibiltzearena da. Oraindik gaur egun herri askotan egiten den bezala dantzariak kalera irteten ziren igande, astelehen eta asteartean, eta dantzen ordain gisa jana edo dirua jasotzen zuten (San Pelaio bigarreneko Oilasko-biltzean egiten den bezala). Baserriz-baserri ibili ohi ziren bi egunez arrautzak jasotzen, eta asteartean herrian egiten zuten eskea. Mutil batek, aurretik zihoanak, burdinazko puntadun makila eramaten zuen. Makila hau oinarrian zinta koloretsuz hornitzen zuten, eta bertatik zintzilikatzen zituzten eskean jasotako ogi eta txorizoak.

Dantzariak txuriz jantzita joaten ziren, alpargata edo apretak zinta gorri eta berdez apainduta. Txapela eta gerriko gorria, eta lepoan kolore anitzeko zapi handia. Hauen atzetik txistulariak, eta gero dantzarien modura jantzitako zenbait kide, jendearen limosna jasotzen zuena (etxe gehienetan dirua, eta komentutan ogia eta txorizoa).

Gazte ugari mozorrotu egiten omen zen, pailazoz, hiru egun horietan zehar. Aurpegia zapi batez estalita ibiltzen ziren jendearen algara artean, eta Angelus-aren orduan erakusten zuten aurpegia.

Datu kuriosorik ere bada Inauterien inguruan. Garai hau bizitako zenbait herritarrekin hitz egiteko aukera izan nuen orain gutxi. Orduko Inauteriak deskribatzean Juan De Iruretagoienak esandako kontuak aipatzen dituzte. Dantzen deskribapena egitean, “Sorgin-Dantza” aipatu zuten besteak beste. Nola diren gauzak; Oriakoak eta Antzuolakoak hor dabiltza borrokan dantza honen jatorria aldarrikatuz. Eta Zarautzen ere dantzatzen zela? Itxuraz Oriatik ekarri zuten dantza hau langile batzuk, lehen bertan omen zegoen lantegi bat Zarautzera aldatu zutenean."
Ilustrazioa
 

Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak