Artikulu hau entregatu behar nuen goizean, abenduaren lehenean, iritsi zait Mikel Laboaren heriotzaren abisua. Zirriborratuta neuzkan lerroei azken errepasoa eman eta bidaltzea baino ez zitzaidan geratzen, baina albiste mingarriaren argira hain ergelak gertatzen zitzaizkidan aurretik idatzitakoak, dena ezabatu eta dokumentua zuri-zuri utzita “gorde” klikatu dudala azken orduko damuei atea itxiz.
Abenduaren bigarrenean Mikel
Laboaren bizitza, ibilbide, ekarpen, izaera eta bertuteak goratzen dituzten
orrialdez beteta argitaratuko ziren egunkariak. Hirugarrenean ere izango
zuen oihartzunik, baina gutxiago ziur aski. Lerrook inork irakurri orduko
bi aste pasako dira gutxienez. Gehiegi gaurkotasuna segundotan neurtzen
duen komunikazio erritmorako. Horregatik hain zuen erabaki dut Mikel
Laboa izango dudala hizpide, jenialtasunak ez duelako iraungitze datarik,
eta Mikelen musika betiko gurekin izango dugunez, ernaltzen dizkigun
sentipenak abendu hasieran zein abendu bukaeran berdin balio dutelako.
Tradiziotik edan eta
tradizioa egin du Laboak” idatzi dut <dantzan> posta zerrendara
bidali dudan mezuan. “Inor gutxik bezala uztartu zituen herri tradizioa
eta modernitatea” idatzi du Aitor Zuberogoitiak Sustatun. Azpimarratzekoa
iruditzen zait kanta zaharrak bildu eta bere ahotik berriz zabaltzeko
egindako lan horretan bere nortasuna ezkutatu gabe egin zuela Mikel
Laboak. Maiz, herri-musikatzat aurkeztutakoaren zilegitasuna indartzeko
norbanakoa disimuluan iragaten ahalegintzen gara. Horrelako tentaziorik
ez da antzeman Mikel Laboaren lanean. Umiltasuna nork bere lanaren ardura
hartzearekin uztartzen zuen. Mikel Laboa lan horretan ikusita Etxahun
Iruri datorkit gogora, biak ala biak maisu kanta zaharrak eta sorkuntza
berriak baratze berean ereiten.
Argia, 2008-12-12
Idatzi artikulu bat