Independentzia aldarrikatzera eta ospatzera atera ziren Kosovon. Bandera yankiak atera zituzten askok, eta kantuan eta dantzan ikusi genituen beste asko. Estatu Batuetako banderena azaldu, esplikatu, analizatu digute atzerri politika adituek eta ez adituek. Nik bandera kontuetaz ezer gutxi dakit eta, independentzia aldarrikapen horretan erabili zen beste sinboloa hartuko dut hizpide, dantza. Pristinako dantzak baditu eta bere zipriztinak.
Pristinako
argazkiaren aurrean beste bat jartzera noa. 1990, Belgrad. Yugoslavian
gerra bete-betean dago. NATOren indarrek Belgradeko azpiegiturak txikitzeko
hegazkinak bidali dituzte. Yugoslaviako gobernuak giza babesa antolatu
du, herritar zibilak bultzatu ditu bonben jo mugan jartzera erasotzaileak
kokildu asmoz. Gau horietako batean, zibilek babesten duten zubi bat
erakutsi du CNN-k. Ez dakigu hotzez ala beldurrez dauden dardarka
zubian daudenek. Hiru neska gazte agertu dira irudietan, jantzi tradizionalak
dituzte soinean eta dantzan ari dira. “Kolo” bat, borobilean
egin ohi den dantza tradizional bat dantzatzen ari dira, eta oso txukun
gainera, dantzari bikainak direla antzematen da.
Bonba azpiko
dantza haien peskisan ibili da Lynn D. Maners antropologoa. Dantzarien
janzkera Serbiako Sumadija nekazal eskualdekoa da, baina dantzarien
prestakuntza onak eta eszenatokira begira findutako dantzakera dotoreak
erakusten du Belgrad bertako dantza talde bateko kideak direla.
Europako ekialdean,
nazio-estatu modernoen formazio prozesuan, dantza komunitatearen iruditeria
sortu eta herritarrak sinbolo jakin batzuen inguruan gotortzeko oinarrizko
tresna izan da. Zenbait dantza tradizional hautatu eta nazioaren ikur
bihurtu dituzte, eta haien goi mailako aurkezpena, dantzatzea, estatu-kontua
bailitzan zaindu da. Dantza tradizionalak bere kontestutik atera, eta
gizarte zibila antolatzeko eta estatu trinko baten irudia nazioartera
zabaltzeko baliatu dira.
Independentzia ospaketetan zein bonbardaketa gordinenetan dantzan ikusi ditugu. Dantza tresna politikoa izan da Yugoslavian eta hori nola gauzatu eta bideratu den azaldu digute etnokoreologoek eta antropologoek. Euskal nazionalismoaren bilakaeran dantzak jokatu duen paperak eta dantzari emandako erabilerek ikerketa lan mamitsua egiteko emango lukete. Baina euskal dantzak klinexak bailiran tratatu ditugu: erabili eta bota. Independentzia festarik ez dakit inoiz ospatuko dugun, baina harrituko nintzateke CNN-k dantzan harrapatuko bagintu. Ni behintzat ez nago zubi gainean dantzan hasteko.
Idatzi artikulu bat