Argia, 2006-12-10
Hogeigarren mende hasierako Orentzago zarpail,
mozkorti eta zakarra desagertu da Zarautzen. Haren tokia 70-80ko
hamarkadetan hedatu zen Olentzero zintzo, garbi eta eskuzabalak hartu
du. Xabier Alberdi eta Xabier Etxaberi esker ezagutu dugu Olentzero eta
Erregeek Zarautzen izan duten bilakaera. Aurten 50 urte ospatzen da
Iruñean Olentzero plazaratu zutela. Patxi Labordak kontatu dit
pertsonaia eta ohiturak Lesakan jaso zirela, 1956an Iruñean aurkeztu
eta handik Euskal Herri osora zabaldu dela. Gazte eta helduen ohitura
zena, umeei begira egiten hasi zen gero. Zenbaitek Olentzero
euskalduntzat eta Erregeak espainoltzat etiketatu, eta aurrez aurre
jarri nahi izan ditu, baina Xabier Etxabek bikain laburbildu zigun
lehia faltsu horren emaitza: umeak irabazle, opari sesio doblea baitute
orain.
Hurrena Olentzerori bikotea bilatzea izan da. Berdintasunak
-elebitasunak bezala- bikoiztea esan nahi omen du. Olentzero gizonezkoa
denez, emakumezko pertsonaia bat jarri diogu ondoan. Mari Domingi du
izena, eta Olentzerorekin batera ekartzen ditu opariak. Nor ote zen
Mari Domingi hau ez dago oso garbi, baina Olentzeroren aitzakian
kantatzen genuen abestietako batean agertzen zen. Xabier Etxabek
kontatu dit Manuel Lekuonak Oiartzunen jasotako kopletan Olentzerok
emazte bat zuela aipatzen dela: «Olentzero guria, portuna tristia,
arropak saldu dizka bere emaztiak». Baina kontuz! Lagun batek
ohartarazi dit Mari Domingi ez dela Olentzeroren emaztea. Gizarte eredu
berriek agintzen duten moduan, Mari Domingi Olentzeroren laguna da.
Baina oraindik badugu lan apur bat Olentzero hau domatzen.
Telebistak pipa kendu dio. Erretzeko debekuen aroan ez da batere
itxurosoa umeen aurrean «pipa hortzian duela» ibiltzea. Bestalde,
ikertzaile zarauztarrek susmoa hartu diote Olentzeroren begi gorriei.
Harrapatu duen arrainaren espezia legatza legatzus izan daitekeela
iradoki dute, alegia, kanaberarekin baino «meriendatzeko» daramatzan
«botila arduekin» errazago harrapatzen dena. Beraz, Olentzero, erne
botila-festekin! Eta hemendik aurrera dietan, ez kapoi ez arrautzarik,
gorpuzkera liraindu eta «urde tripa handi» fama hori ezabatu behar
dugu.
Interes politiko eta ekonomikoen babesean, eta zuzentasun
politikoaren izenean, tradizioak nola sortzen, moldatzen, egokitzen eta
erabiltzen diren erakusten digu Olentzeroren ibilbide labur baina
oparoak. Papa Noel eta Santa Claus opari-banatzaileen inbasioari aurre
egiteko euskal pertsonaia bat hautatu, zabaldu eta arrakastaz
nazionalizatu dugu. Bale, badugu euskal gabonetako sinboloa. Arlote
samarra tokatu zaigu ordea, eta Operación Triunfo edo Star Academyrako
bezala atondu behar izan dugu. Olentzero telebistak bahitu eta
ekonomikoki ustiatu nahi duen panpina da. Basajauna zibilizatu,
mozkortia errehabilitatu, ikazkin zakarra mezulari goxo bihurtu, eta
merkaturatzeko moduko peluxe otzana daukagu.
Azken urteotan kultura -edo merkatu- amerikarrak erakutsi digu
Santa Claus gabonetako pertsonaia maitagarri bat baino gehiago janzkera
bat, moda bat, abenduko joera estilistiko bat dela. Merkatal
zentroetako zaintzaileek, kaleko eskaleek, guraso penitenteek, lapurrek
eta hoteletako azafatek gorritzen dute eguberri anglosaxoia. Bistan da
zenbaitek merkatu horren euskal opila jateko baliatu nahi duela
Olentzero. Honezkero Olentzero marka erregistratua izango da eta laster
kopletan «oles-oles SGAErentzat gatoz eske» kantatuko dugu.
Laster ikusiko dut autopistako ordainlekuan eta orduan galdetuko diot: nor zara zu eta zer egin duzu Olentzerorekin?
2006/12/08 08:54:51.429 GMT+1
Nor zara zu, zer egin duzu Olentzerorekin?
Nork: oier_a.2006/12/08 08:54:51.429 GMT+1
Etiketak:
erregeak
interesak
manipulazioa
gabonak
tradizioa
olentzero
| Permalink
| Erantzunak (3)
| Errenferentziak: (0)
Erantzunak
Laster arte
Nork: Irune.2006/12/08 14:11:42.288 GMT+1
Nork: oier.2006/12/09 20:39:22.981 GMT+1
http://www.dantzan.com/blogak/oier/
Nork: Luistxo.2006/12/19 09:52:44.531 GMT+1
http://www.eibar.org/blogak/luistxo/