Esanguratsua iruditu zait Gara egunkarian Segurako dantza solte
txapelketaren biharamuneko artikuluari jarritako titularra: "Dantzan
lurra ukitu gabe". Irabazleei buruz ari da, Azpitarte anai arrebei
buruz. Testuan Juan Jose Ugalde epaimaikide eta antolatzailearen hitzek
ideia horretan sakontzen dute: «Azpitartetarrei ezer nabarmentzekotan
arintasuna nabarmenduko nieke,
airean eta aise dantzatzen den bikotea da, eta izugarrizko indarrarekin
dantzatzen dira, gainera»
Euskal dantza tradizionalen ezaugarri nagusi eta adierazgarrienetako bat,
lurrarekin duten lotura da. Ez dago lurrari, grabitateari, ihes egiteko
asmorik. Jauzi egiten den bakoitzean lurrera itzultzeko indarra egiten
du dantzariak, eta lurrera erortzearekin batera lotzen dira
dantzariaren oinak eta musika.
Seguran zerura begira eta lurrarekiko dugun lotura sendo hori hautsi
nahian dabiltzanak saritzen dituzte, lurrarekin zenbat eta gutxiago
dantzatu orduan eta hobe. Dantzakera horrek dantza tradizonalarekin
zerikusirik ez duela erakusten duen adibide bat gehiago.
Epaimahaiak erabakia hartzen zuen bitartean Kepa Artetxe eta Soiartze
Artetxek egin zuten dantza soltean. Dantzakera tradizionalaren
erakusgarri bikainak dira Galdakaoko aita-alabak. Zenbaitek bizitza
osoan ikasiko ez duten lezioa ematen dute bi minututan. Besoen jokoa,
oinen bizitasuna, dantzarien arteko konplizitatea -baina ez simetria,
ez dira robotak, elkarrekin ari dira dantzan, ez elkarri ispiluarena
egiten-, eta batez ere, lurrari ondo lotuta, lurretik altxatu gabe!
2006/06/19 04:52:23.615 GMT-5
Lurra ukitu gabe
Nork: oier_a.2006/06/19 04:52:23.615 GMT-5
Etiketak:
dantza-soltea
dantza
txapelketak
tradizioa
lurra
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Idatzi artikulu bat