Ziur aski datozen urteotan behin baino gehiagotan eztabaidatuko dugu
amateur eta profesionalen onura eta kalteetaz. Izan ere, hamarkada
batzuetan ezkutuan izan dugu dantza alorreko profesionalaren figura eta
orain azaleratzen hasi da berriz. Eta "berriz" diot, dantza
tradizionala amateurismoarekin lotzeko joera nahiko "berria" delako,
XX. mendekoa, eta batez ere 60-70eko hamarkadetan nagusitu zena. Horren
aurreko dantza-maisu eta danbolinteroak profesionalak ziren. Gehienek
beste lanbideren bat izango zuten dantzaz gain, baina dantzarako bere
jarduna "profesionalki" planteatzen zuten: tratua egin, tarifa azaldu
eta lana kobratu.
Dantza jarduera amateur bezala identifikatzea dantza taldeen
ereduarekin eta garai zehatz batekin zuzen-zuzenean lotuta dagoela
esango nuke. XX. mendeko bigarren erdian milaka dantzari,
dantza-irakasle eta baita dantza-maisu batzuk ere, lan izugarria egin
dute dantza tradizionala sustatzen, irakasten eta transmititzen,
ia-beti musutruk, edo jasotako ordaina talderako utziz.
Aurrera begira, niri behintzat, garrantzitsua iruditzen zait gure
alor honetan ere, amateurren ondoan "profesionalak" izatea.
Dantza-maisuei egozten dizkiegun gaitasunak eta ezagutzak dituztenak
beren jarduera "profesionalki" egin dezatela komeni zaigu, transmisioa
egin dezaten eta beren lanak dagokion ordain eta errekonozimendua jaso
dezan. Baina gizarte egoera zail honetan gure espazioa defendatu eta
sendotzen jarraitzeko profesionalki prestatu eta profesionalki jardungo
duten agenteak behar ditugula iruditzen zait. Profesionalek ez dute
sektorea salbatuko, baina gure sektorearen jarduera "normalizatzen"
lagunduko dutela uste dut. Zenbaitek beren burua hobeto prestatzeko
aukera izango du, baldintzak duintzen lagunduko du (eta horretaz denok
probestuko gara), eta amateurismotik ezinezkoa den dinamika
sistematikoak bideratu ahal izango dira. Profesionalen artean,
amateurren artean bezala, dantzari eta dantza-irakasle onak,
erdipurdikoak eta kaskarrak izango ditugu. Dantzarako dohain bereziak
dituen norbait egunean zortzi orduz beste lanbide batean ikusten
dudanean dantzarentzat galera handia izaten ari dela pentsatzen dut
nik, eta ez gaudela horrelako lujoetarako.
Zalantzarik gabe profesionalak sortzeak tensioak sortuko ditu
profesional eta amateurren artean. Eta hori ulertzekoa da. Luzaroan
jarduera hori xentimorik kobratu egin duenari ez zaio gustagarri egiten
norbait aldamenean lan beragatik kobratzen ari dela ikusteak. Norkberak
ezer kobratu gabe irakatsi eta bere ikasleak gauza bera kobratzen
egiten ari dela ikustean, bere oinarri filosofikoetako bati traizioa
egiten ari zaiola senti dezake zenbaitek. Dantza-maisu batek egoera
berria ulertu arren, horrek eragiten zizkion kontraesanak eta
arrangurak agertu zizkidan behin. Berak kobratu ez eta gainera bere
poltsikotik ordaintzen zituen dantzan irakasteak eragiten zituen gastu
guztiak. Eta orain bere ikasle izandako batzuk, erdiak ere behar bezala
ikasi gabe, kobratzen ikusten zituen.
Uste dut datozen urteotan maiz gertatuko direla horreko
injustiziak. Eta hori samurtzeko modu bakarra gure dantza-maisuei
baldintza onetan (profesionalak dituen abantailak baliatu alegia)
irakasteko aukerak eskaini, baloratuak eta errekonozituak sentiarazi,
eta mimatzea dela. Hori guztia eginda ere gertatuko dira arrangurak,
baina etorkizunera begira profesionalak eta amateurrak elkarbizitzen,
eta elkarrengandik elikatzen ikastea baino ez zaigu geratzen. Hori
lortzen badugu sektore benetan indartsua izan gaitezkeela uste dut.
<dantzan> posta zerrendarako idatzitakoa
2009/07/07 10:37:18.171 GMT+2
Amateurrak vs profesionalak
Nork: oier_a.2009/07/07 10:37:18.171 GMT+2
Etiketak:
profesional
dantza
amateur
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Idatzi artikulu bat