Dantzan.com blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2010/07/27 12:53:30.650 GMT+2

XXI. menderako tradizio bat

Gure dantza taldearen behar bati erantzunez sortu ditugu Arrateko Amaren dantzak. Eibarko Udalari, komunikabideei, Arrateko jaietako antolatzaileei, parrokoari eta hurbildu zitzaizkigun guztiei beste pelikula bat kontatu genien. Arratek dantza errepertorio propioa merezi zuela esan genien. Horrelako erromeria eder batek, Arrateko Ama Birjinak Debabarrenan duen predikamentuak eta historian zehar Arratek herri musika eta dantzarekin izan duen lotura estuak merezi zutela dantza tradizio eder bat. Eta gu prest geundela ahalegin hori egiteko, gure indar eta tresna guztiak lanean jarriko genituela Arratek merezi duen tamainako dantza errepertorio bat eskaintzeko. Baina ez, ez zen hori izan bidaia honetara bultzatu gintuen arrazoi nagusia. Gure dantza taldeari, Kezka dantza taldeari komeni zitzaiola pentsatu genuelako ekin genion dantza sorta berria prestatzeari. Ia mende erdiz Euskal Herriko bazter guztietako dantzak ikasten eta eskaintzen jardun ondoren, gure dantza tradizio propioa izateko garaia genuela erabaki genuen. Konspiratzen hasi eta halako batean konturatu ginen Arrate zela gure hegazkinarentzat aireportu aproposena. Konspirazioaren lainoetatik Arrateko zelaian aterrizatu arte egin dugun bide horren narrazio pertsonala da honako testu hau.

Horrelaxe hasten da 2006an Arrateko dantzak aurkezteko idatzitako testua. Eusko Ikaskuntzaren Folklore Sailak antolatuta Festa Berriak izeneko jardunaldiak burutu ziren Donostian eta jardunaldi horretan aurkeztu nuen komunikazioa. Arrateko dantzak abiatu berri ziren, eta oraindik zer nolako harrera izango zuten jakin gabe, martxan jarritakoaren nondik norakoak azaltzen saiatu nintzen testu horretan.

Jentilbaratz aldizkariaren 11. zenbakian argitaratu da artikulua, eta horrekin batera sarean jarri dut, nahi duenak bertan irakur dezan osorik:

Nork: oier_a.2010/07/27 12:53:30.650 GMT+2
Etiketak: festa-berriak arrate idazlanak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/04/23 12:21:41.236 GMT+2

Telefonoaren doinura

Eskuko telefonoak edozertarako balio du. Argazki kamera da, bideoa, gpsa, irratia, jokoa, ordularia, mp3a, egutegia,... eta batzutan telefonoa ere bai. Gure etxepean gazte dezente biltzen da arratsaldetan. Jeniffer, Izaro eta Ainhoa aparte jartzen dira, segapotoan musika ipini eta dantzan aritzen dira. Beyonce edo Britney Spearsen bideoak ikusten dituzte eta koreografiak imitatuz ikasi eta dantzatzen dituzte. Gure kaletik hurbil Abontza deitzen dioten etxe-ingurua dago. Eibarko eremu berde handiena dago bertan. Abontzako etxepeetan elkartzen dira Aner, Pedro Alfonso eta Yerai. Hip-hop doinuak ateratzen dira Anerren telefonotik eta break-dancean trebatzen aritzen dira.  

Britainia Handian ia bost milioi lagunek egiten du dantza. Futbolaren ondoren jende gehien erakartzen duen aktibitate fisikoa da. Dantza-klasikoa, garaikidea, aretoko-dantza, bio-dantza, break-dancea,  sabel-dantza,... Aukera-sorta zabal guzti hori, ia berbera da munduan barrena. Abontzan hip-hopa egiten duenaren lengoaia bera darabil Brixtonen edo Magentan dantzatzen duenak.  

Ahozko lengoaia, euskara, normalizatzeko kalera atera eta testuinguru guztietan erabiltzearen garrantziaz ohartuta gaude. Gure lengoaia koreografikoa ere, euskal dantza, gutxitasun egoeran dago. Euskara bera baino baldintza okerragoetan dagoela esango nuke gainera, ez baitu haren errekonozimendurik, ez zaio aitortzen balio handirik eta gainera ez dago dantza egoera diglosikoan egon daitekeenaren kontzientziarik. Euskal Kultura zer den eta zer ez den definitzen denean hizkuntza, euskara, izaten da irizpide sendoena. Hitzezko komunikazioa erabiltzen ez duten lengoaiak definizio horretan bigarrenmailan, itzalean geratzen dira. Dantza euskal kulturaren osagai dela ez da zalantzan jartzen, baina ez da lehentasunen zerrendan ageri.

Herri batzuetan hasi dira batzuk radiokassete handia kalean jarri eta euskal dantzak egiten. Donostian, Bulebarrean ikusi ditugu orain gutxi. Gure etxepean oraingoz Beyoncerekin jarraitzen dute. Abontzako eremu berdea berreskuratu eta telefonoaren doinura Jeniffer, Izaro eta Aner mutxikoak dantzatzen hasten ez diren bitartean etorkizun beltza izango du euskal dantzak. Euskararen egoera arduraz bizi dugu, zer esanik ez zenbaitek museora kondenatu nahi duela antzematen dugunean. Dantzarekin ez dugu kezka hori, museoetan ere ez baitago tokirik beretzat.

Argia, 2010-04-25

Nork: oier_a.2010/04/23 12:21:41.236 GMT+2
Etiketak: museoak argia diglosia dantza | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/04/21 16:04:48.743 GMT+2

Euskal Kulturaz Antton Lukuren begiradapean

Euskal Kultura? Antton Lukuk euskal kulturaren inguruan idatzitako saiakera lan zorrotz bezain dibertigarria da. Liburua argitaratu, irakurri eta pentsatu nuen zerbait idatzi behar nuela, benetan mamitsua eta zorrotza delako. Lerro batzuk idatzi nituen, beste lan batzuetan enredatu eta ia urtebete pasa du erreseina honek zirriborro egoeran. Askotan gertatzen zaizkit horrelakoak, baina kasu honetan erabakia nuen amore ez ematea, liburua ez delako beste bat.

Armiarmaren Kritiken hemerotekan ikusi dut izan dituela zenbait erreseina. Hasier Etxeberriak Zuzeun idatzi zuena eta Xabier Etxabek <dantzan> posta zerrendara  bidalitako aipamenak ezagutzen dituen, baina horiez gain beste dozena erdi bat izan direla ikusi dut. Dena den, Hasierrek aipatzen duen sentsazioa konpartitzen dut nik. Eztabaida zabal baten abiapuntua izan beharko luke liburu honek euskal kulturaren alorrarentzat, baina beldur naiz ia-oharkabean pasatzen ari dela.

Ezten zorrotza, oihartzun urria

Irakurri dugunok onartzen dugu lehergailu bat dela, baina aldi berean badakigu nekez egingo duela eztanda. Batetik, euskal kulturaren teknikari eta agente dinamizatzaileek bultzatzen duten eredua bera dago kritikaren jopuntuan, eta kritika hau onartuz gero sistema osoa jarriko litzateke zalantzan. Bestetik, ziur aski askok Lukuren kritikaren mamia ez dute ulertu ere egingo, besteak beste, aipatzen duen euskal kulturaren errealitate hori (inauteriak, besta berri, kabalkadak, toberak, maskaradak, e.a.) ez delako ez ezagutzen, ez ulertzen, ez kultur-ekoizpen bezala baloratzen.

Nik irriparre batekin irakurri dut, baina ohartzen naiz mingarria ere badela, ondo zorroztutako aiztoarekin xehe-xehe ebakitzen baitute Lukuren hitzek. Iparraldeko barnealdean jarri du begiratokia eta kultura politikak ditu batipat jomuga, baina bidean kultura ereduen inguruko gogoeta mamitsuak eskaintzen dizkigu.

Baserritarraren dialektika

Baserritar batekin izandako elkarrizketa kontatzen du pasarte batean. Soroan harekin topo egin, galdera egin eta baserritarraren erantzunak eta honen ondotik izandako elkarrizketak kultura eredu baten berri ematen digula erakusten digu Lukuk. Hizketa, hizkuntza, elkarrizketa, zutabe nagusi duen kultura bat, baina urbanita eta gazteon dialektika zuzen eta biluzitik haratago, metaforak, ziriak, ironia eta mezuen joan-etorriak marrazten duten kulturaren berri ematen digu.

Iruditzen zait Lukuk jarritako adibide hori ez dela debaldekoa. Bere saiakera ere estilo horretan idatzita dagoela esango nuke, baserritarraren estilo diskurtsiboa baliatu duela egungo euskal kultura antolaketa sistemaren kritika borobiltzeko. Ondorioz, saiakeraren tonua informala da, garagardo bat aurrean elkarrizketan gauden sentipena du irakurleak, eta gure miseriak gordin erakusten dizkigun hamaika kontu irrigarri kateatzen ditu bere kontakizun alaiean.

Irriparrea ezpainetan, kontakizunari lotuta, metaforizatzeko estilo baserritarrarekin zorabiatuta eta ahozkotasunetik horren hurbil antzematen den idazkera zingiratsuan harrapatuta gozamen hutsa izan da Antton Luku-ren liburua irakurtzea. Baina irriparrea izoztu egiten da behin eta berriz, irrigarri gertatzen zaizkigunak gure miseriak baitira, eta ezpainak erlaxatzeko etena egin orduko gure kulturaren trajediaz ohartzeak lurjota uzten du irakurlea. Irrigarria da “Euskal Kultura?” Irakurtzeko ariketa bera oso, baina mamiaz konsziente izanez gero dramatikoa ere da.

Erakundetzearen ajeak

Euskal Kulturaren kudeaketaz arduratzeko sortu eta antolatu diren erakunde eta elkarteak ditu jomuga nagusi Lukuren kritikak. "Frantziak guretzat duten egitasmoa kolonialismoarena da" dio Lukuk. Pariseko zentralitatetik eta kultura ereduak inposatzeko duen gaitasunetik abiatuta, Frantzian barrena joera horiek nola hedatzen diren agertzen du, eta maila desberdineko olatuetan A, B, C edo D motako eragin esparruak eta bakoitza kudeatzen eta diru-laguntzak bideratzen dituzten erakundeak deskribatzen ditu.

Iparraldeko kultura dinamikan zer babestu, zer bultzatu eta zer baztertu behar den erabakitzen duten guneak identifikatu eta horien jardunean antzematen duen Pariseko ereduarekiko menpekotasuna eta bertako jarduerekiko konplexuak agerrarazten ditu Lukuk.

Kultura "antolatuak" ekitaldi guztiak generoaren arabera sailkatzeko duen joeraren ondorioz zenbait ekoizpen tradizional inongo lurraldean geratzen direla agertzen du Lukuk. Edo musika zara, edo dantza, edo antzerkia... Baina inauteriak, Besta berri, kabalkadak e.a. ez dira sailkapen horietan kabitzen.

Eskaintza kultural "antolatuaren" aurrean, jendeak duen jarrera umore beltzez esplikatzen du Lukuk: "Jende normalak, inkultuak, ederki daki hori guzia ez dela beretako egina eta artista profesional horiek ikusle profesionalak badituztela, aitzinatuak, beren burua horretan ezagutzen dutenak. Formula asasinoa badute holakoek afitxa baten aitzinean gertatzen direlarik: "Ontsa da hori maite duenarerentzat". Erran nahi baitu ez zaiola burutik pasatzen ere horra joatea". 65. orr.

Euskal Kultura zer den
 
Euskal Kultura hizkuntza zehatz batek, euskarak, zedarritzen duela defendatzen du Lukuk. Euskaraz sortu eta egindako kultura da Euskal Kultura, eta euskaraz ez dakitenei irekitzeko saioen kontraesana agerian jartzen du.

Profesional eta amateur banaketaren atzean, kultur ekoizpenen kalitatea aintzat hartzeko neurgailu faltsua ezkutatzen dela salatzen du Lukuk. Guzti horiekin konplexuak sortu eta sendotzea baino ez dela lortzen dio Lukuk.

Dantzaren konplexuak

Dantzari buruzko adibide zenbait ere jasotzen ditu Lukuk bere lanean, eta konplexuak ezjakintasunari gehitzerakoan zer nolakoak gertatzen diren azaltzen du:

"Sortzen dute euskal konplexatua deitzen dudan arketipoa. Euskal munduak lortu instituzioak holakoez beteak dira. Euskal kultura beren getthotik atera behar dute (zein?) eta kanpotik ekarri behar dituzte aholkua eta eredua, barnekoa ezagutu gabe. Ez dakit bihi batek ere liburu bakarra irakurri duenez, maskarada batean zer baden jakiteko. Baina Urbeltzen sorkuntzetako batetik ateratzean euskal dantzako "adituek" txarra antzematen dute beti. De bon ton da dantzari "eskolatuen" artean, Le temps d'aimer, urteroko Biarritzeko festibalaren klientelan, txarra, eskas, beti berdin atzematea. Irizpideak, berriz, ez ditugu sekula jakinen. Non ez den ez dela aski higitzen. Ez dela aski aldatzen. Berrikuntza nahi dute, baina Urbeltzek draman ezarri dituenak ez dituzte ikusten ere, ez dakitelako alfabeto horren irakurtzen. Joka niro ez duela batek ere ikusten Axeri bodan gauzak ez dituela nafarrak aldatzen, gogoan atxikitzen baitu lantzen duen dantza hori sortu duen testuingurua eta esanahia. Hots, haren ekuazioa dela: "Zaharrek hau erran nahi zuten eta honela erran dute dantzaz, guk hori erran gogo dugu eta, beraz, nola erran?". Etxahun Irurik kantuz kantu errepikatu digu ujantxa zaharren atxikitzea. Godalet dantzaren dantzatzea molde huts eta folklorikoan? Edo lengoaia hori ulertuz, gure dantzaren alfabeto eta kodeak, oinarriak eta gure filosofia horren zimenduak? Egiten zuena Etxahunek mugarik dantza eta antzerkiaren artean? Edo xirula eta poloinak ohatzen zituen etxeko parte berean? Drama antropologiatik ari da Urbeltz ere, euskal dantzatik nahi du erran. Hots, zafratzaile horietarik nehork ez du ulitxarik ikusi edo zer metafora ezartzen duen bere kotillun gorri arrabisitatuetan, edo kulturen arteko zubia bilatzen duela gure lengoaiatik joanez; hots, euskaraz, ausart banendi. Gonzalo Etxebarriaren margoetan irakurtzen den euskara. Baina bon, isil nadin. Hortaz futizen dira, saltzen diren baleten furfuria nahi lukete, hantzeko estakuru litzatekeen dantza. Eta hor ttipi sentitzen dira, pobre eta artaburu. Euskal dantzari?" Antton Luku, Euskal Kultura?, 38-39. orr.

Konplexuak zenbateraino ditugun barneratuta erakusteko dantza adibide hartuta beste aipu bat:
"Gure dantza txarra da folkloriko delako, soila, beti ikusia. euskal besta handietara, Herri Urrats eta horlakoetara, joaldun eta maskarada zatiak ekarrarazten direlarik, praktikak banalizatzen eta folklorizatzen dira beren testuingurutik kanpo, esanahitik at erakutsiak dira. Denak ikusiak eta berrikusiak zaizkigu, baina sekulan ez begiratuak, behatuak sortu dituen kontzeptuaren barnean. Hori zitzaien gertatu bolantei 2930 urteetako Donibane Garazin Ybarnegaray eta bere esku makilak euskal gauzez okupatu zirelarik, edo gerla ondoko turismoaren eztanda aroan errient laikoek giderrak eskuetan zituztelarik"

Eta jarraitzen du...
"C-ren lema edo leit-motiv tokiko taldeekin egin dituen saltsetan hauxe dugu: "Euskal dantzari ekarri behar zaio". Euskal dantza hobetu behar da. Profesionalekin kontaktuan jarriz. Nahastekatzen bada hip hop-ekin euskal dantza hobetzen da, kalitatea igotzen. Zer dugu guk ikustekorik hip hop sortu duen bizi baldintzekin? Euskal dantzariek hip hop egin dezaten, gorputzendako, beraz beren dantzari gaitasunaren hazteko, beti on da, afrikar dantzak berdin. Baina hauen ariketa erakusketa ikuskizun dei daiteke? Pianistek konbokatzen gaituzte ikas-ariketak eta gamak entzutera? Zer erraten da fandangoa hip-hopizatuz?"

Plazerra da Lukuren lana irakurtzea, nahiz eta eztena sakon sartzen duen. Eta zer pentsatua ematen du. Planteatzen dituen ideiak ez dira erraz ulertzen direnak, arinkeria, zurikeria, modernokeria eta garaikidekeria salatzen baititu. Baina irakurketa, eta gogoeta gomendagarria da, zalantzarik gabe.

Luku-ren diskurtsoa ulertzeko beste erreferentzia hauek ere oso baliagarriak gerta daitezke:

Nork: oier_a.2010/04/21 16:04:48.743 GMT+2
Etiketak: euskal-kultura antton-luku | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/04/13 14:53:00.904 GMT+2

Dni Baskijskie edo Euskal Jaia Polonian

Urtero, Euskal Jaia antolatzen dute Poznan-en, Polonian. Adam Mickiewicz unibertsitatean euskara irakasten da eta horixe da jaialdiaren antolaketa gunea. Amaia Dones euskara irakaslea da Poznan-en eta orain aste batzuk dantzan.com-en ditugun argazkietako batzuk erabiltzeko baimena eskatuz idatzi zigun. Euskal Jaiko kartela egiteko erabili nahi zituzten argazkiak. Berastegiko San Juan Iantzetan buruzagiari egindako argazkia hautatu dute kartela egiteko eta CC-AT-SA lizentzia errespetatuz aitorpena egin dute kartelean bertan.

Gustatu zait kartel-egileak egindako lana, eta kuriosoa da dantzaria polonieraz idatzitako testuz ingurutatu ikustea. 2010eko apirilaren 21etik 23ra ospatuko dute Dni Baskijskie (itzulpen literala euskal egunak edo horrelako zerbait izan daiteekela ulertu diot google translateri).


Nork: oier_a.2010/04/13 14:53:00.904 GMT+2
Etiketak: euskal-jaia polonia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2010/03/22 16:47:58.630 GMT+1

Dantza kazetaritza eta zientzia komunikazioa

Aste honetako Argian dantza tradizionalaren alorrean sorkuntza eta bilakaera nola gauzatzen diren aztertzen duen erreportaje bat dator. Unai Break idatzi du artikulua. Berangoko Otxandategi dantza taldeko dantzaria da Unai, eta azken urteotan Argian dantza eta tradizioei buruz argitaratu diren hainbat artikulu interesgarriren egilea. Dantzan.com-en ere zenbait kolaborazio egin izan ditu Unaik. Horra dantza eta tradizioen inguruana Argian idatzi dituen artikulu interesgarri batzuk:
Zientzia ikasketak egin (kimika, oker ez banago) eta kazetaritzan diharduen dantzaria da Brea, eta orain gutxi CAF Elhuyar zientzia-kazetaritza saria irabazi du, adimen artifizialari buruzko lan batekin. Zorionak Unai!!!

Antzeko zaletasunak eta ibilbideak dituen norbaitekin erraz konektatzen da, eta noizean behingo kontaktuen bidez informazio trukea eta lankidetza konpartitzen ditut Unai-rekin. Orain aste batzuk bulegora etorri eta luze aritu ginen hizketan tradizioa eta sorkuntzaren inguruan. Eszena berriak tradizioaren dantzan izeneko artikuluan bildu ditu aipatu genituen kontuetako batzuk.

Tradizioaz eta sorkuntzari buruz aritzen da bertan, eta nire zenbait hitz jaso ditu. Azken urteotan euskal dantzaren panoraman gertatzen ari diren mugimendu batzuk ulertzeko klabeak eskaintzen ditu. Dantza tradizionalak gutxitan bereganatzen du komunikabide generalisten interesa, eta hori gertatzen denean zaila izaten da kazetariaren aurrejuzkuetatik haratago iristea. Unai Brea-k dantza eta tradizioaren munduak barrutik bizi ditu, eta hori kazetari ofizioarekin uztartuta ohituta ez gaituen emaitza eskaintzen digu. Ekaitz Santaziliak San Lorentzoko dantzarien taldekideak argibide batzuk eskatu ditu erreportajearen bukaeran, Argiaren webgunean bertan. Baina normala da testu labur batean ideia batzuk pasadan aipatzen baitira, ahoz aritzen garenean ohikoa izaten da zehaztasun falta eta askotan ez ditugu gauzak nahi bezala adierazten.

Nork: oier_a.2010/03/22 16:47:58.630 GMT+1
Etiketak: unai-brea argia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/12/31 15:35:20.310 GMT+1

Inozoarena egiten

Inozo hutsa naiz. Krisi hotsak zirela eta kultura babestu beharra aldarrikatzen hasi zirenean pentsatu nuen dantzari ez ziola askorik eragingo murrizketa aroak. Gutxi duenari nekez kenduko baitzaio asko. Inuzentea ni. Horrenbeste urte, bilera, proposamen, txosten, porrot eta lorpen txikien ondoren, erakundeek dantza sustatzeko emandako urrats nimiño batzuk antzematen hasi garenean, danba, krisia etorri dela eta atzeraka bi urrats bakarra emandako tokian. EAEko gobernuak dantza sustatzeko plana onartu berritan etorri dira krisia eta gobernu aldaketa. Aurreko gobernuak estrategikotzat jo ondoren hozkailuan sartu zuen plana, eta hor egon da, ondo konserbatuta bai, ia-ia izoztuta esango nuke. Etorri da berria, identitate kontuak ahaztu eta normaltasuna ekarri behar diguna, eta ez omen zaio aurrekoen plana gustatzen. Lau urte Dantza-etxeak, dokumentazio zentroa, dantza ikasketak, eta abarretaz hitzegiten eta alper alperrik. Hemen dugu normaltasuna berriz ere, alegia, erakundeei dantza piperrik ere interesatzen ez zaien egoera.

 

Egin dut negar, beste behin ere, eta orain egin dezagun inozoarena, eta kontatu ditzagun 2009ak utzitako une gogoangarriak eta erre ditzagun sutan belar txarrak, solstizio aldaketari dagokion moduan. Gipuzkoako Foru Aldundiak Dantzagunea jarri du martxan Donostian. Dantzaren aldeko apustu garrantzitsua da eta espero dugu 2010ean hasiko garelako ikusten ekimen horren lehen fruituak. Artelekun abiatu da Dantzagunea, eta han dute egoitza dagoeneko Dantzaz eta Ertza konpainiek. Espero dugu hemendik aurrera dantza jardueren sustapen eta koordinazio lanetarako errefererentziazko gunea bihurtuko Dantzagunea. Horrekin lotuta bideratu du Diputazioak Dantzan Ikasi, dantza tradizionalean formakuntzan eragiteko helburua duen programa.

 

Luzatzen ari bada ere, badirudi Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola egitate bat izango dela datozen hilabeteotan. Gutxi jakinarazi da oraingoz eskola horrek izango duen mamiaz, baina badirudi gutxienez dantza klasikoa eta garaikidea ikasi ahal izango direla bertan, antzerkiarekin batera. Dantzak eta Antzerkiak badute horrelako eskola baten beharra, baina ez dadila horretan geratu, eta izan dadila ikerketa, pentsamendua eta dibulgaziorako akuilu baita ere.

 

2009aren hondar hilabetean urteurren berezi bat ospatu dugu. Juan Antonio Urbeltz eta Argia dantzari taldeak 40 urteko ibilbidea borobildu dute Axuri-beltza ikuskizunarekin. Ziur aski beste berrogei urte beharko ditugu Argiak euskal dantzari ekarri dion guztia barneratu eta liseritzeko.


Argia Urtekaria, 2009-12-31

Nork: oier_a.2009/12/31 15:35:20.310 GMT+1
Etiketak: urtekaria dantza argia 2009 | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (1)

2009/12/24 00:00:44.371 GMT+1

Baltasarren dilema: beltza ala belztua?

Errege eguna hurbil da eta plaza publikora haserre itxuran agertu dira etorkinen zenbait elkarte. Baltasar erregearen paperean jaiotzez beltzak ez direnak aurpegia baldarki belztuta agertzea burla, gutxiespen keinu eta irain arrazistatzat jotzen dute. Herri guztietan larruazal beltz jatorrizkoak auzokide ditugun garaiotan hobe genukeela “bertsio originalak” egokitzea Baltasarren larruan, eta ez pintura merkez belztutako zurien pantomima sineskaitzak.

Beltz autentikoaren aldeko aldarrikapenak lehendik zetozen. Azken urteotan, Baltasarren aurpegi kolorearen faltsutasuna salatu da zenbait herritan: “Margotuta dagoela antzematen da! Hobe litzateke benetako beltza jartzea”. Badirudi Baltasarren beltztasun jatorrizkoa aldarrikatzen dutenek itsu-itsuan sinesten dutela Santa Klausen bizar zuriaren sortze naturalean, horren inguruko kezkarik ez baita entzun.

Folkloreak ez ditu natur zientziek balioesteko moduko egitateak bilatzen, iruditeria propioa du eta mitoekin jolastuz gure kultur tradizioarekin bat egiteko aukera ematen digu. Baltasar beltza da, baina ez Afrikatik etorri zaizkigun lagunen tankerakoa, gure irudimen kolektiboak eraikitako “beltza” baizik. Baltasarren belztasuna kulturala da, ez fisikoa.

Baltasarren larru beltza, Meltxorren bizarra, Gasparren koroa edo pajeen arropak bezain faltsua zein egiazkoa da. Olentzero lanetan aritzeko inori ez zaio eskatzen curriculumean ikazkina dela frogatzea, eta sumatzen dugu aurpegia zikin itxurakoa izan arren ez duela sekula txondorrik ikusi ere egin. Inauterietako hartzak ez dira National Geografic-en dokumentaletan ikusten ditugunen modukoak, maiz ardi-larruz eginak daude, eta gainera, batzuk adarrak dituzte! Arizkunen edo Antzuolan hartza agertzean herritarrek badakite inauterietako hartza dela hori, zooan dagoenarekin zerikusirik ez duena. Iruditeria mitikoak ihes egiten dio egiantzekotasunari, baina horrek ez dio benetakotasunik kentzen.

Etorkinak integratzeko errege kabalkadan parte hartzea urrats garrantzitsua dela iruditzen bazaigu bikain, ni ere horren alde. Baina aurpegi zurbildun batek Baltasarrena egiteko aurpegia belzteak ez du zerikusirik gutxiespen, trufa eta irain arrazistekin, ez ditzagun gauzak nahasi. Afrikatik etorritako bizikide berriak prest badaude errege lanetan aritzeko fenomeno, baina, izan dezatela, hala nahi badute, Meltxor, Gaspar edo Olentzero izateko aukera eta eskubidea ere, beraien larruaren koloreari zein generoari begiratu gabe.

Argia, 2009-12-27

Nork: oier_a.2009/12/24 00:00:44.371 GMT+1
Etiketak: gabonak argia errege-magoak baltasar belztu | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2009/11/09 16:05:07.259 GMT+1

Halloween euskal festa bat da (III): Kalabaza hustutzen


Pasa den asteko etakittorako zutabea egiteko orain bi urteko blogeko sarrera reziklatu nuen. Igandean blogera igo nuen. Sustatun aipatu zuten eta hortik han eta hemen atera da kontua, adibidez ElgoiBarren-en. Radio Euskaditik deitu zidaten eta Graffitin aritu nintzen horretaz.

Orain badirudi Halloween aditu bat egin nagoela, baina... egia esan, ezer gutxi dakit nik Halloween-i buruz. Hori bai, gero eta garbiago dut nortasun gutxiko kaskarin batzuk garela. Eta badaezpada inor ez dadin izenburu sentsazionalisten sarean erori: Ez, ez dut uste Ameriketako Halloween horren jatorria euskalduna denik. Ziur aski irlandarra da eta Ameriketara joandako irlandarren komunitateak hedatu zuen AEBtan barrena.

Baina atentzioa deitzeko modu bat izan da. Geure kulturan atzorarte ospatu dugun festa bat, alboratu, ahaztu, eta orain estatubatuetatik datorrela pentsatuta berriz ere nolako indarrarekin heldu diogun ikusita, zer nolako txepelak garen oihu egiteko modu bat izan da.

Arimen egunaren berri entzuteaz zenbaiti harridura gehien eragiten dion gauzetako bat hemen ere kalabazak hustutzen zirela da. Nik orain arte bilketa etnografikoetan bakarrik irakurrita nuen hori, baina gaia atera denean nahiko hurbileko testigantzak agertzen hasi zaizkit. Euskal Herriko "Halloween" tradizionalari buruz agertu zaizkidan testingantza blogean bertan jasotzea komeni dela pentsatu dut. Horra:

  • Toribio Etxebarria (Eibar, 1887): “Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia.” Orotariko Euskal Hiztegia
  • Juan Jose Araolaza (Zizurkil, 1943). Mutil koskorra zela Zizurkilen ezagutu zuen Arimen Egunaren inguruko festa. Kalabazak hustu, begi eta ahorako zuloak egin eta kandelak jartzen zizkioten barruan. Ilunpetan irudi ikaragarria eragiten omen zuen.
  • Joakina (Oiartzun). Joakina gogoratzen da kalabazu hustu, zuloak egin eta kandela barruan jartzen iotela, jendea beldurtzeko. Oiartzuarren baitan.
  • Herminia Lazpita (Berriz). "Gabean edo iluntzean ipinten zan kalabazea, begiak eta ahoa egin, barruan kandelea sartu isiotuta, kanpatorrean. Kalabazea hustu egiten zan, zuloa egin azpitik, haziak-eta kendu, eta gero ipinten jakon kandelea barruan eta begiak eta ahoa aterata ipinten jakozan, zein da buru baten formea. Eta sartzen jakon kandelea erdian, eta hareek begietatik eta surretik-eta, argia ikusi egiten zan. Ganera orduan ez egoan argirik kaleetan, dana ilunetan. Eta ha ba, izentazinoa kalaberearena izango zan, nik pentsau, gazteak gintzazan eta, baina hortxe ipinten zan kalaberearen..." ("Antxinako Berriz", Labayru-ren hustuketa).
  • Mutrikuko adinekoek. "Santu Guztien inguruko gauren batetan (...) herriko gaztetxoak alde batetik bestera ibiltzen omen ziren jendea beldurtzen. Egun batzuk lehenago inguruko baratzetan kalabazak lapurtzen zituzten, gero hustu eta barruan kandelak sartzeko. Kalabazak atarietan-eta jartzen zituzten. Kanta bat ere bazen horren inguruan: «Xesteron kontra, animen alde...» (Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena zen). XX. mende hasierako urtetan egiten zela behintzat badakigu."(Argia aldizkarian jasoa). 
  • Arabako Errioxan. "Nire amak txikitan kalabazak hartu, hustu eta kandela bat sartuta bihurrikeriak egiten zituzten herrian. Nnire herria arabako Errioxan dago, eta tradizioa belaunaldi horretan galdu zen (duela 55 bat urte)." (Sapik erantzun batean utzitakoa).

 

Inork etxean horrelako konturik entzun badu utzi erantzun bat eta joango gara zerrenda osatzen.

Nork: oier_a.2009/11/09 16:05:07.259 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2009/10/31 21:17:34.423 GMT+1

Kalabaza hutsik

Asteburu honetan Halloween ospatzen da mundu erdian. Estatu Batuetan izugarrizko hedapena izan du ospakizunak eta filmeen bidez mundu osora zabaldu da. Gure inguruan ere gero eta ohikoagoak dira Halloween festak taberna eta diskoteketan eta mozorro denda eta txinatar bazarretan egunotan ez da beste konturik.

Ba Halloween jatorriz euskal festa bat da. Euskalduna bakarrik? Ez, noski, ia Europa osoarena, baina baita Euskal Herrikoa ere. Europako etorkinek eraman zuten Ameriketara, eta hemen ihartzen joan zen neurrian joan zen han sendotzen. Eta orain, Amerikarren festa dela pentsatuta hasi gara berriz ere ospatzen. Nortasun gutxikoak gara gero.

Noski, hemen ez zaio inoiz Halloween deitu, Arimen eguna baizik. Toribio Etxebarriak idatzi zuen: “Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia.”

Mutrikun adinekoek gogoratzen omen dute gaztetan ortuetatik kalabazak lapurtu, hustu eta barruan kandelak jarrita kaleetan, atarietan jartzen zituztela. Badira urte batzuk Mutrikun Arimen egunaren ospakizuna berpiztu zutela: Gaba Beltza izendatu zuten, larunbat gauean finkatu eta izugarrizko indarra hartu du urte gutxitan. Marka da gero gure tradizioak Hollywood-i esker biziberritzea!

...eta kitto!, 2009-10-31

(Lehen ere idatzi izan dut honi buruz blogean bertan. Etakittorako zutabe eskaera Domu santu astebururako etorri denez reziklatu egin dut gaia).

Nork: oier_a.2009/10/31 21:17:34.423 GMT+1
Etiketak: festak arimen-eguna halloween tradizioak gaba-beltza | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (1)

2009/09/03 14:41:14.410 GMT+2

Bortizkeria errituala

Atera gara etxeko txikiekin buruhandi eta erraldoietara, eta hasi dira erraldoien baltsak eta  umeen korrikaldiak. Buruhandi bat hurbildu zaigu erasokor, puxika altxatu eta kolpea jaurtitzera. Baina sorpresa, goxo-goxo, ia laztanduz pasa du goma-espuma umeen buru gainetik. Deskantsuan dagoen konpartsako kide batengana hurbildu naiz. “Puxikarik ez duzue erabiltzen ala?”, “Ez, ilegala da behi puxikak erabiltzea”. “Suabe jotzen duzue hala ere”. “Bai, guraso batzuk kexatu ziren eta Udalak eskatu digu ez gogor jotzeko”.  

Inauteriak bizi-bizirik dituzten herrietan arruntak dira indarkeria agerraldiak. Maskaradetan kauterek eta buhameek ostikoka, zilipurdika, bultzaka, orruka eta elkarren gainera salto eginez pasatzen dituzte neguko igandeak. Ituren eta Zubietako mozorroek ankerkeria eta jarrera erasokorrean konpetitzen dute beraien artean. Luzaiden pazko igandez, Axe eta Tupina elkarri tiraka, bultzaka eta kolpeka hasi eta muturka bukatzeko gertu izaten dira. Hernaniko Axeri-dantzan, puxikekin armatuta eta sokari helduta zarta-hots ederra ateratzen dute inguratzen direnen bizkarrak ondo berotuz.

Ez dakit zein den indarkeri erritual horiek elikatzen dituen arrazoia —eta ez eskatu interpretazio psikoanalitikorik—, baina nire begiekin ikusi eta larruan frogatutakoa da folklorean nahiko maiz agertzen dela bortizkeria. Eta hara, bestelako baldintzetan inondik inora onartu ezin dudan indarkeria, jai giroan eta errituala denean erakargarri egiten zait. Benetako indarkeriak atzerakada eragiten dit. Ezin dut eraman. Baina indarkeria erritualak erakarri egiten nau. Arizkun-en Hartza eta mozorroen eskutik makila-salda ederra hartu nuen azkenengoz inauterietan, baina berriz ere itzultzeko desiatzen nago.

Telebista piztu eta borroka eta hilketaz betetako marrazkiak ikusten dituzte gure txikiek, baina kalera atera eta superbabesaren araudia aplikatuz erraldoiak eta buruhandiak goxatzen ari gara. Artisauek urteak daramatzate erraldoi eta buruhandiei itxura atsegina emateko ahaleginetan. Garai batekoak zantarrak, groteskoak, desproportzionatuak, desitxuratuak ziren. Orain hurbileko pertsonaia atsegin eta ederren traza eman nahi izaten diegu. Puxikarekin gogor jota ere zaila da inori min egitea, baina hala ere kolpe horiek biguntzeko agindua jaso du zenbaitek. Beldurra eragiteari uzten dioten egunean interes guztia galduko dutela iruditzen zait niri, baina joera garbia da, eta zaila dirudi horri aurre egitea. Disneyk habia egin du gure baratzean.

Argia, 2009-09-04

Nork: oier_a.2009/09/03 14:41:14.410 GMT+2
Etiketak: erraldoiak inauteriak buruhandiak bortizkeria jaiak argia tradizioak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak