Dantzan.com blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2006/06/28 05:43:20.762 GMT-5

San Joan eguneko soka-dantza

Asteburu euritsua izan bada ere, oraingoan ez gaude kexatzeko. San Joan bezperan eta San Joan egunean euria maiz egin zuen, baina San Joan eguneko iluntzean atertu eta gaueko 23.30etarako aurreikusita zegoen soka-dantza arazorik gabe egin ahal izan genuen.

2006-06-24_Soka-Dantza_IZ Eibarko Rugby taldeko eta Azitain Futbol taldeko kideak omendu genituen soka-dantzan. Rugbilariek mailaz igotzea lortu dutelako eta futbolariek 25 urte bete dituztelako ostikoka. Kirolariek bete zuten udal zinegotziek utzitako hutsunea.

Bitxia da soka-dantzaren inguruan gertatu dena. 1994ko ekainaren 24an berreskuratu genuen soka-dantza Eibarren. 20 urte zeramatzan lozorroan, eta alkatea, udal-batza osoa, Usartza txistulari taldea eta kezka dantza taldea, denok elkartu ginen soka-dantza iratzarri eta bizi berri bat emateko. Politikaren ikuspegitik urte latzak tokatu dira tartean. Baina urtean behin, sinbolikoki irudi interesgarri bat sortzen zen San Joan egunaren gauean. HB eta PPkoak mahai berean eseriko zituenik ez zegoen, baina hala ere, San Joan egunean, PSOE, EAJ, HB, EA, EB eta PPko ordezkari politikoak elkarri eskua eman, soka bakarra osatu eta herriaren aurrean plazara ateratzeko gai ziren. Soka berean, elkarri eskuak emanda eta herriaren aurrean, plazari bira emanez.

Eta hain zuzen ere politikoki kontuak baretzen hasi diren unean, suetena bera indarrean dagoen garaian, eten da San Joan eguneko dantzaren soka hori. 2004an Txonta auzoko bizilagunek udalarekin zuten haserrea erakusteko soka-dantza plaza egokia zela iritzi zioten. Alkatea plazara atera zenean sokaren buru eginez txistuak, oihuak eta gaitzespenak hasi ziren, eta ez zuen bakerik izan belarriak ondo gozatuta plazaren itzulia osatu eta alboan eseri zen arte. 2005ean berriz ere gauza bera gertatu zitekelakoan, udal-gobernuko alderdiek uko egin zioten soka-dantzan parte hartzeari. 2006an Txontako aferak liskartsu jarraitzen duela ikusita, udal-batzak ez du parte hartu soka-dantzan, eta kirolariek hartu dute haien tokia sokan.

2006-06-24_Soka-Dantza_IZ Dantzari dagokionez ohi bezala burutu da soka-dantza. Oier Araolazak egin ditu aurreskulari lanak, eta Josu Garate aritu da atzesku. Zerbitzariak Enrike Izagirre eta Oier Ibarbia izan dira, eta soka osatu dutenak hauetxek: Ekhi Zugasti, Ander Fernandez, Haritz Arrieta, Unai Usatorre, Unai Lizarralde, Joseba Aranzabal, Gaizka Arrizabalaga, Jon Lizarralde eta Aiert Ibarbia. Neskak berriz hauek: Ainhoa Larrañaga, Leire Orbegozo, Zuriñe Torre, Eneritz Ganboa, Irati Kortabitarte, Irati Carballo, Amaia Goenaga, Amaia Mutiloa, Amaia Recio, Iraia San Ildefonso, Izaro Gerrikagoitia, Maitane Castillo eta Malen Ulazia.

Usartza Udal txistulari bandak arduratu da soka-dantzari doinua jartzeaz. Jose Miguel Laskurain, Elena Perez, Enrike Montero, Asier Castelos eta Iñaki Orbegozo aritu dira. Hain zuzen ere, datorren asteburuan Usartzakoek antolatzen duten txistulari alardean arituko gara dantzan.

Oraindik ez ditugu jaso Felipe Loyolak egindako argazkiak. Bitartean, Iñaki Zugastik egindakoak ikus daitezke.

Nork: kezka.2006/06/28 05:43:20.762 GMT-5
Etiketak: eibar san-joan soka-dantza kezka | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak